Aurkibidea
udazkena ı 2024

udazkenON!

Sarrera

udazkenON!

Joan-etorriak, janzte-eranzteak… eguneroko erretorika bilakatu zaizkigu. Garai ederra da bizitzaren zikloei beste patxada batekin begiratzeko: Afrikako goxotasunerantz hegan doazen txoriei, biluztu aurretik gorriz janzten diren haritzei, lurreko hezetasunean berriro haziko diren onddoei… Naturaren eraldaketa, gure baitan eginbeharreko aldaketetarako lagungarri izan beharko litzaiguke. Zer nolako atzera bidaia egin behar dugu argitu beharreko hura konpondu eta bakean bizitzeko? Gure jantzietako zeini egingo diogu uko, hura gabe lasaiago bizitzeko? Zein naturgune aukeratuko dugu, hanka-hutsik ibiliz lurrera konektatzeko? Ez dira bi olatu berdin. Erabili burua gorputzaren esana sentitzeko.

Iñigo Larrea

Animaziozko kurtsoren bat egiteko interesa izango nuke

KONTARIrako egiten dituen marrazkiengatik, ezagun genuen Iñigo Larreak marrazkigintzarako duen zaletasuna. Azaldu digunez, komiki liburu potoloak ditu batik bat gustuko eta txikitatik hasi zen pentsamendua marrazki bilakatzeko duen gaitasuna garatzen. Gaztetan berak marraztutako kamisetak ere saldutakoa da eta marrazki bizidunetako produkzio-etxe batean lan egiteko eskaintza ere jaso zuen Juanba Berasategi zinema zuzendariaren eskutik. Aurreratu digunez, “erretiroan edo” marrazkigintzari denbora gehiago eskaintzea gustatuko litzaioke. Bere hitzetan “animaziozko kurtsoren bat egiteko interesa izango nuke, ordenagailuz gauzak egiteko”. Ondoko elkarrizketan Iñigo Larrearen zaletasunari buruz gehiago jakiteko aukera izango duzu.

Entzun podcasta.

Oibar eta Mirian, beraien alaba jaioberri Izarrekin

Zorionak!!!

Iban Garate, komunikatzailea

Oso pozik eta motibatuta nago; bat egiten dut MONDRAGONen proposituarekin”

Hiru aste daramatza Ibanek gurekin lanean, eta oso eskertuta dago lankideek egin dioten harrerarekin. Komunikazioan aritua eta aditua da Iban. Telebistako pantailan ikusten genuen aktore eta ETBko aurkezle ezaguna Mondragoneko pasilloetan ikusten dugu orain, eta berarekin orpoz orpo arituko gara lanean aurrerantzean.

Bere bizitzaren errepasoa egin dugu Ibanekin, eta MONDRAGONek komunikazio arloan dituen erronken inguruan ere jardun dugu hizketan. Eta asmakizun bat ere jarri digu lankideoi: berari buruzko egia bat eta gezur bat kontatu dizkigu… Entzun, eta ea asmatzen duzuen!

Hotelak edo kanpinak nahiago?

Udako oporren zati bat Pirineoetan pasa du Joseba Bilbatuak, zehazki, Gabarnie inguruan. Sara Galino, berriz, Belgika, Frantzia eta Holanda artean ibili da oporren lehen zatian, hain justu, Gantes, Lille, Brujas eta Amsterdamen, besteak beste. Oporren bigarren zatian Marbellan eta Baqueiran izan da. Joseba, berriz, Cadizen.

Sara hotelez hotel ibili da, nahiago ditu, kanpinak baino “igerileku eta logela erosoak dituzten hotelak”. Aitortu digunez, garbitasunarekin oso zorrotza da eta kanpinetan ez da gustura sentitzen. Josebak, aldiz, nahiago ditu kanpinak, “karabanako atea ireki eta kalean sentitzea, aske”. Aurten, gainera, txakur bat hartu dute eta, beraz, bi semeez eta emazteaz gain, hura ere beraiekin izan da, “eta oso gustura sentitu da”. Esan digunez, duela bi urte Poloniaraino joan ziren karabanarekin, joan-etorrian, ia 8.000 kilometro eginez.

Sarak aitortu digunez, aurten pentsatu du Lillera, olinpiadetara, autokarabanan joatea. Lagun batek, ordea, aurreneko aldiz autokarabanan bidaiatzeko ez zela, agian, bidaiarik egokiena esan zion eta, ondorioz, birplanifikatu egin behar izan zuen bidaia. Eta, zu, nora joaten zara gusturago hotelera, kanpinera…? Zer nolako esperientziak izan dituzu batean eta bestean?

Oporretako argazkiak

Uda honetan batean eta bestean ibili gara. Eta zuri, noren argazkia egin zaizu deigarri?

Hiru azpeitiar Finantzetan

Azkenaldian Azpeitiko hizkera doinuak entzuten dira Finantza departamentuan. Izan ere, 3 lankide azpeitiar elkartu dira sail berean: Aitor Arizmendi, Mirari Astigarraga, eta Xabi Arakistain. Gazteak dira, biziak, saltseroak. Bi kuadrilla berekoak, gainera! Poza sumatzen da euren irribarreetan. Gustura dabiltza finantzetan. Azpeitiko herria ez daukate saltzeko… Euren etorkizuna nola ikusten duten kontatu digute podcast honetan.

Otalorako jardunak zenbat Co2 isuri eragiten du?

Gauza bat egin edo erosi aurretik pentsatzea da garrantzitsuena”

Otalorak eragindako karbono aztarnaren azterketa egiten ari da. Urriaren bueltan izango da behin betiko txostena. Ibon Anterok hainbat datu aurreratu dizkigu. Jakinarazi digunez, batetik, Otaloran propanoa erretzearen isuriek 3,7 Tn Co2 tonaren pareko isuria egiten dela ondorioztatu da. Bigarrenik, energiaren kontsumotik sortutakoak aztertu dira. Energia berriztagarria du kontratatua Otalorak, eta, ondorioz, kasu horretan Co2ren isuriak zero dira. Azkenik, Otalorako dinamikak eraginda Otalorako eraikinetik kanpo sortutako isuriak aztertu dira, esaterako, bisitariek bertaratzeko erabiltzen duten garraiobideak eragindakoa… Asko dira beste kontinenteetatik etortzen direnak eta estimazio bat egin da. Azterketa hau egiteko bi bide ezberdin daude, GHG Protocol eta ISO 14.064 metodologia. GHG Protocol metodologiak perimetroa gehiago mugatzeko aukera eskaintzen du eta, kasu horretan, irismena 500 tona Co2ren bueltakoa litzateke. Azterketa, ISO 14.064 metodologiarekin eginez gero, berriz, 17.000 tona Co2ren bueltako isuria eragingo litzateke, aurrez aipatutako kanpo bisitarien eragin nabarmena azalaraziz. Otalorako ohiko jarduna kontuan edukita, “zerbitzu sektorean dagoen edozein ekimenen pareko isuria legoke. Industriarekin… parekatzen badugu, aldiz, hor kantitateak beste batzuk izaten dira”.

Anterok azaldu duenez, “urtez urte neurtzea eta, gero, positiboan eragin dezakegun horretan eragitea da helburua”.

Erakundeez gain, norbanakoak, gutariko bakoitzak alegia, bere eguneroko bizitzan eragiteko aukera ere badu. “Gauza bat egin edo erosi aurretik pentsatzea da garrantzitsuena”, Anteroren esanetan hausnartze hutsak norberaren jardunean ere aldaketak eragiten dituelako.

Gaia gustuko baduzu, entzun elkarrizketa guztia ondoko podcast-ean.

mintza taldea

Ipuin kate bat

Mintza Taldean ipuin kate bat osatu dugu. Hasiera bat emanda, bakoitzak paragrafo bat gehitu diogu aurrekoari. Hona hemen emaitza:

Lekuz Kanpo 3

Oso egun arraroa zen. Kooperatibei eskatu nizkien datu guztiak jaso nituen, eta oraindik astebete falta zen emandako epea betetzeko. "Hau ez da batere normala" pentsatu nuen. Goizeko 10:00ak ziren eta egun hura desberdina izango zela pentsatzen hasi nintzen.

Kafe bat hartzera jaitsi nintzen ospatzeko, eta bat-batean konturatu nintzen ez zegoela beste inor eraikinean. Leihotik begiratu eta autorik ere ez nuen ikusi. Nora joan zen mundu guztia? Zergatik ez zuen estaldurarik mugikorrak?

Ez dut ezer ulertzen!!!

Igo terrazara ea, eguraldi ona aprobetxatuz, nire lagunak terrazara atera ziren kafea hartzera. Baina ez zen horrela, eta, gainera, ez zen egun-argia, zerua izartuta zegoen, eta hotzikara batek zeharkatu zidan gorputza.

Zarata jarraitua entzuten zen. Hasieran zerutik zetorrela pentsatu nuen, beharbada hurbileko hegazkin batetik, baina zeruan ez zegoen ezer. Laster konturatu nintzen ez zela hori... lurreko sakoneratik zetorren. Gainera, dardara bat nabaritzen nuen eta ez zen nire beldurragatik...

Lurra hasi zen mugitzen eta izugarrizko eskailera mekaniko bat agertu zen Olandixon, Ikerlanetik LK3ra, errepideak eta LK2 apurtzen. Gainean, gizon loditxo bat, burusoila, laranjaz jantzita oinetatik burura, irribarre batekin. “Ezagutzen dut hau”, pentsatu nuen, baina ez nekien nondik. Beharbada kooperatiba batetik? Benetan ez nekiela… Bere eskuekin, borobil laranja eta handi bat sortu zuen eta LK3ren sarreran, totem bat bezala, jarri zuen. “Ze dotore geratu den eraikin hau”, esan zuen. “Eta zu!”, oihukatu zidan. “Alde hemendik! Donostialdera lan egitera!!!”. Eta beste borobil laranja bat sortu zuen, barruan sartu ninduen, flotagailu batean bezala, eta hegan eginez Donostialdera iritsi nintzen, nire lan berrira. Non zeuden nire lankideak? Ideiarik ez!!!

Jarraituko du…

Eta, zuk, nola jarraituko zenuke istorio hau?

Bidali zure proposamena e-mail honetara: mariela@mondragoncorporation.com

Elkarrizketen erdiak baino gehiago, euskaraz!

Irailean neurketak egin dira Zentro Korporatiboan, eta frogatu ahal izan dugu inoiz baino gehiago egiten dugula euskaraz ahozkoan: %55. Olandixon eta Otaloran egin dira neurketak, eta laneko une formalak eta kafe momentuak neurtu dira: guztira 340 elkarrizketa. Aurreko neurketarekin konparatuz, 2021etik hona 9 puntu igo da euskararen erabilera (%46tik %55era). Eta 20 urtean bikoiztu egin da.

Euskal hiztunen leialtasuna %66koa izan da neurketan: hirutik bitan, euskal hiztunak gure artean elkartzen garenean, euskaraz egiten dugu.

Emunekoen kalkuluen arabera, erabilera topea %77koa izan zitekeen neurketa honetan. Badaukagu zer hobetua, baina bide onean goaz. Zorionak, eta mila esker neurtzaileei!

bazenekien...

… erlijioa oso presente zegoela hasierako garaietan?

Mondragoneko Kooperatibismoaren sorreran eta lehen hamarkadetan erlijio katolikoa oso presente zegoen. Jose Maria Arizmendiarrietak Elizaren Doktrina Soziala hartu zuen oinarritzat bere jarduera enpresarialean. Ez zen bakarra izan, beste apaiz batzuk ere bultzatu zituzten beraien aldetik enpresa sozialagoak han eta hemen. Gainera, horietako asko Mondragoneko Esperientziara batu ziren aurrerago.

Euskal gizartea oso fededuna zen 50.eko hamarkadan eta, ondorioz, kooperatibetan ezaugarri erlijioso asko zegoen. Batzuk orain gutxi arte mantendu dira, esate baterako eraikinen lehen harriaren bedeinkapen ekitaldiak. Beste batzuk aspaldi ahaztu ziren; ondokoak, adibidez:

  • ULGOReko 1958ko estatutuen 5. artikuluak solidaritate kristaua aipatzen zuen: «Los socios de esta Cooperativa proclaman la necesidad que tienen los unos de los otros y aceptan de buen grado las limitaciones y sacrificios que exige el trabajo en equipo, considerando su aceptación como verdadero testimonio de solidaridad cristiana en aras del bien común».
  • ULGOReko Batzar Nagusia hasi aurretik otoitza egiten zen hildako bazkideengatik.
  • ULGOReko jantokian bazkaltzerakoan “Aita Gurea” otoitz egiten zen egunero.
  • Eskola Profesionaleko ikasgeletan ez zen gurutzerik falta eta tailerreko paretetan kartelak zeuden “busca a los demás y encontrarás a Dios” bezalako mezuez.
  • Laboral Kutxako kontseilu errektorearen bilerak hasi aurretik, lehenengo otoitz egiten zuten eta jarraian Arizmendiarrietak diskurtso erlijioso bat ematen zien.
Atsotitza

Sobera eskatu, laguna galdu

Zorionak lankideok!

Uztailean, abuztuan edo irailean urteak bete dituzuelako edo beteko dituzuelako. Segi ba horrela, formal-formal, urtero betetzen. Eta banan-banan, e?

Elixabete Fernandez, Olatz Imaz, Sandra Maria, Amets Ugalde, Maite Legarra, German Lorenzo, Pello Rodriguez, Joseba Sagastigorria, Iñigo Ansola, Eva Alejo, Ibon Antero, Yolanda Lekuona, Xabier Arakistain eta Nerea Ibarra.