Aurkibidea
udazkena ı 2023

udazkenON!

Sarrera

udazkenON!

Udazkenean deskantsurako prestatzen ari gara. Horren erakusle, hostoak bezala pertsonen ilea ere normalean baino gehiago erortzen da. Eguzkipean behar baino denbora gehiago egotearen ondorioz, gorputzeko azalak deskantsua eskertuko du. Zer esanik ez gure sabel eta digestio-aparatuak. Norberaren ezaugarrietara egokitutako dietak asko lagunduko digu. Basoak biluztuta bere edertasuna erakutsiko digun sasoia ere bada: basahuntzak orroan, onddoak haritzpean, usoak Afrikako goxotasun bidean… Itsasoari dagokionez, hego haizeak eragindako olatu borobilez zipriztintzeko nahiz errekan gora abiatuko den izokina ikusteko aukera dugu.

Pertsona bezala ere erabat biluztu eta garen bezala, elkar hartu eta onartuta, asko irabaziko dugu. Saiatzea aukera bat da.

elkarrizketa

Edurne Axpe

Nahikoa dela pentsatu dut”

Bere bizitzak aldaketa galanta edukiko du hemendik aurrera, izan ere, bi titulu estreinatuko ditu hurrengo hilabetetan: urrian jubilatuarena, eta datorren urteko otsailean amamarena.

Edurne Axpek erretiroa hartuko du datorren hilean, ia 39 urte lanean eman eta gero. Beti lan egin du kooperatibetan, Ularcon hasieran –Fagor Ederlaneko bazkide moduan– eta gero zentro korporatiboan, Finantza departamentuan idazkari lanak egiten.

Ez zaizkio gustatzen mikrofonoak, eta ezta argazkiak ere, baina gaurkoan salbuespena egin du. “Uste dut hau dela nire bizitza osoan eman dudan elkarrizketa bakarra” – esan digu.

Estimatzen dugu esklusiba. Milesker! Zer moduz?

Ba urduri, badakizu zelakoa naizen. Ez daukat planik, ez dut pentsatu ezer, pare bat hilabete despresurizatzeko beharko ditut, eta gero ikusiko dut zer egin. Zeozer egingo dut! Ez naiz aspertuko!

Eta zer egingo duzu?

Euskarazko klaseak, ingelesezkoak… Eta otsailean amama izango naiz. Ez naiz izan behar una amama de diario, hori badakit, ez naiz horrelakoa, eta nire alabak badaki, gainera.

Zaletasunak?

Irakurtzea, egunero ordubetetxo bat. Goiz joaten naiz egunero ohera, e-booka hartu eta irakurketa saioa egiten dut. E-bookera pasatu naiz, ze liburu potoloak direnean ez dira erosoak irakurtzen luze egoteko. Eta ahal bada, egunero paseotxo bat.

Ez duzu pentsatu yoga apur bat egitea?

Komeniko zitzaidan, ezta? Baina ez zait gustatzen. Horiek posturak, erlaxazioa… Ni aerobikekoa naiz, mugimendua behar dut.

38 urte, zein oroitzapen?

Nire lana gustatu zait beti. Eta jefeekin zortea izan dut: 22 urte Laspiurrekin; Belenekin 15 eta Olatzekin urte eta erdi pasatuta.

Zergatik aurre erretiroa hartu?

Nahikoa dela pentsatu dudalako. 61 urte. Gazteei lekua utzi behar diegu. Gu dinosauroak gara dagoeneko. Jende gaztea sartu da departamentuan eta oso pozik nago, berriketa diferenteak, beste ikuspuntu batzuk, oso pozik. Baina ikusten dut, ni dagoeneko… Eta neke puntua ere badaukat. Esandakoa, nahiko!!

Penarik ez, Olandixotik Garaiara etorri eta Olandixora ez bueltatzeagatik?

Keba, majo, traslado bat gutxiago! Baina agertuko naiz, zelan geratu den ikusteko.

Kooperatibak bihotzean lekutxo bat, ezta?

Beti. Nire ama izan zen Auzo Laguneko kidea, lehenengoetarikoa gainera. Nire aita Roneon ibili zen, baina nire ama kooperatibista zen eta nire etxean beti horretaz hitz egin dugu. Eta ni oso kooperatibista naiz eta baita nire alaba ere, Eroskin dago, eta uste dut transmititu dizkiodala balore horiek. Ni beti izango naiz kooperatibista eta, gainera, sinesten dut kooperatibismoan.

Besterik?

Faltan botako dudala jendea, lana ez, baina jendea bai. Kafea, solasaldiak, batzuekin gehiago besteekin gutxiago, baina azkenean denak maite dituzu.

Plazer bat, eta gozatu etapa berria!!

Milesker!

mintza taldea

Mintza Taldearen omenaldia Edurne Axperi

Edurne Mintza Taldearen sortzailea izan da. Ia hogeita hamar urte egin ditu MONDRAGONen, eta Mintza Taldean ere bai. Gaur egungo taldearen izenean, onena opa diogu etapa berri honetan. Faltan botako dugu bere umorea eta izaera. Hori eskertzeko bertso hauek kantatu dizkiogu.

Finantzetara doan
letradun bat, hala!
Edurnerena ez da
ez gidoi makala,
han eta hemengoak
kontatu ahala,
serie bat egiteko
bada materiala

Meditazioaren
arnasa garbia,
baina hauxe da gure
ideia argia:
nahiz yoga egin edo
maratoi erdia,
ezingo da mantsotu
zure energia. 

Hor jaioberri batek
dakarren pultsua,
nahiz hasieran egin
negar indartsua,
amamak ematean
lehenengo musua,
zoriontasunean
urtuko da Sua. 

“Maritxu Kajoi egun berezia da”

Ainhoa Zeziaga eta Kepa Juaristik prest dituzte urriak 6an jantzi beharrekoak. Biek jai hartu dute eguna, Arrasaten egun handia delako: Maritxu Kajoi. Bata beltzez eta bestea urdinez, ikusteko egongo dira. Esan digutenez, topo egiten badute elkarrekin dantzatuko dute. Arropen joera mintzagai izan dute. Baita Maritxu Kajoi festaren jatorria eta egunerako duten plana. Sekretutxoren bat ere kontatu digute. Horretarako, ordea, podcast-a entzun beharko dugu.

ELI FERNANDEZEN KRONIKA

2023ko uda: Suitza eta Austria

Opor hauen helburua zen hainbeste gustatu zitzaigun 2002ko bidaia errepikatzea. Oraingoan, egoera bestelakoa zen: furgonetarekin eta haurrekin. Baina, hala ere, ez digu hutsik egin.

Inoiz furgonetan bidaiatu ez duzuenoi esango dizuet abantaila handienetako bat dela ezer ez dagoela itxita, soilik aurrera egin ahala idazten da bidaia, eta horrek askatasun handia ematen dizu. Horregatik, irakurtzen jarraitzen duzuen heinean konturatuko zarete oso azkar mugitzen garela...

Bidaia Genevan hasi genuen. Egun pare bat igaro genituen hiria zeharkatzen eta aintziran bainatzen. Handik, Berna hiri pintoreskora hurbildu ginen, eta ordu gutxi batzuk besterik egon ez ginen arren, denbora izan genuen hango hartzak ikusi eta gazta fondue bat dastatu ahal izateko.

Geroago Rhineko ur-jauzietara joan ginen, Europa Erdialdeko ur-jauzi handienetara. Eta esan behar dut hori izan zela gehien gustatu zaidan etapetako bat. Ibaia zeharkatzeko ontzi bat hartu genuen, eta harrigarria da ura zer-nolako indarrarekin jaisten den.

Handik Vienara joan ginen, lau egun pasatzera. Hiri hori bisitatzen genuen lehen aldia zen, eta egun horiek aprobetxatu nahi genituen, Hofbur jauregian nire urtebetetzea ospatzeko ez ezik, baita Sisiren museoa eta Nashmarkt museoa bisitatzeko ere, besteak beste.

Hurrengo etapa Innsbruck izan zen, eta eguraldia benetan kaskarra bazen ere, bizitokiarekin eta planifikatutako bisitekin asmatu genuen.

Kanpinak jatetxe bat zuen, eta han, bertako garagardoa saltzen zuten. Ni ez naiz batere garagardozalea, baina onartu behar dut janaria zein edaria bikainak zirela.

Hirian egin genituen bisita guztietatik zirrara handiena eragin ziguna Swarovskiren museoa izan zen, eta hango kristalak liluragarriak diren arren, sabaitik benetako elurra erortzen zen neguko gela izan zen arreta handiena piztu ziguna.

Azken bi geltokiak Salzburgo (Mozarten hiria) eta Basilea izan ziren. Bigarren hori ez zegoen gure ibilbidean sartuta, baina sorpresa handia izan zen, eta seguru itzuliko garela.

Eta hau da Europan zehar igarotako gure 15 egunen laburpena: euri asko, errepide luzea (5.000 km inguru) eta batez ere denbora dezente familian igarotzeko.

Joselu Caballero

Perretxiku bila joatea gozamena da”

Joselu Caballerok gustuko du mendia. Plazerra da berarentzako basoan galdu eta amalurraz gozatzea. Azken asteetan perretxiku ugari azaldu da gure basoetan. Aitzakia ederra izan dugu zaletasun horri buruz hitz aspertuan jardun eta ikasteko. Hordagoa ere bota du: lankideren batek perretxikuak ezberdintzen ikasi nahiko balu, bera prest elkarrekin goiz eder bat pasatzeko. Entzun Joselu Caballerori egindako elkarrizketa.

Ander Etxeberria, Ameriketako Estatu Batuetan

Bandera beltza

Abuztuan, Washingtonen eman nituen hiru egunetan, atentzioa eman zidan bandera berezi batek. Nazioaren bihotza den National Mall guneko hainbat lekutan, Estatu Batuetako banderaren azpian kotatuta, masta berean, bandera bat zegoen. Garrantzi handia izan behar zuen horrelako leku pribilegiatuan kokatuta egoteko. Besteak beste, Etxe Zurian eta Kapitolio kanpoan ikus zitekeen.

Bandera kolore beltzekoa zen, baina zerbait zuria marraztuta zuela antzeman zitekeen. Begi hutsez zaila zenez bereiztea, argazki kamera handiaz zoom egin eta irudi bat eta testu bat identifikatu nituen. Marrazkiak hiru osagai zituen: zaintza-dorre bat, preso bat eta alanbre arantzaduna. Testuak horrela zioen: POW-MIA YOU ARE NOT FORGOTTEN (POW-MIA EZ ZAITUGU AHAZTEN). POW-k esan nahi du Prisoner Of War -gerrako presoa- eta MIA-k Missing In Action-borrokan desagertua. Zirraragarria!

Banderak adierazten duena da gerrako presoen eta borrokan desagertutako soldaduen egoera konpontzeko konpromisoa, familiek eta nazioak duten ziurgabetasunaz amaitzeko. Gaur gaurkoz ez dago gerrako preso estatubatuarrik, baina 1.580 soldadu inguru dira desagertuta jarraitzen dutenak.

Horrelakoak guretzako oso urrun geratzen dira, Hollywood-eko pelikuletan gertuenez. Estatu Batuetan, ordea, leku askotan ikusi nuen armadarekiko begirunea.

Aitor Aizpurua ezagutuz

Aste bukaerak jai edukitzea abantaila handia da sukaldariontzat”

Podcast honetan Aitor Aizpurua hobeto ezagutzeko aukera izango duzu. Otalorako sukaldean hartu gaitu, 113 bazkari eman ondoren. Debarra da Aitor, eta Oñatin bizi da. 23 urte daramatza Otaloran eta asko gustatzen zaio bere lana. Mimo handiz prestatzen ditu bere platerak. Lanaz, bere sukaldari ibilbideaz eta ehizarako zaletasunaz hitz egin digu.

Itziar eta Josu

Oso esperientzia positiboa izaten ari da”

Itziar Ayerbe eta Josu Zubizarreta oso gustura ari dira lanean Zentro Korporatiboan. Aintzat hartuak izan dira eta ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan dute, nabarmendu digutenez. Ondoko elkarrizketan beraien afizio, amets, aurrera begirako asmo eta abarretan sakondu dugu.

Sandra Maria Azcarazu ezkondu zaigu

Irailak 8an Oñatin paperak sinatu eta 9an Markinako Bauskain jatetxean familia eta lagunak elkartu ditu Sandra Maria Azcarazuk. Munduan barrena ere ibili da eztei-bidaian. Aukera aparta dugu, beraz, kafe batera gonbidatu eta berarekin hitz aspertuan aritzeko.

otalora II

Otalora II berritu da

Kanpora, bista ederrak. Barrura, argi naturala. Lanerako gune ezin hobean dago kokatua Otalora II. Amaitu dira bertako obrak eta, orain, talde lanerako, formaziorako, bideo - konferentzietarako edo bileretarako oraindik eta prestatuagoak diren gelak izango dituzte kooperatibek.

“Espazio argiagoak, zabalagoak eta punta-puntako ekipamenduarekin”, Mondragoneko heziketa kooperatiboko arduradun Iñigo Iñurrategiren esanetan.

Bazenekien…?

Bazenekien inguruko enpresak haserre zeudela sortzen ari ziren kooperatibekin?

MONDRAGON Esperientziako aitzindariek lehenengo enpresa 1956. urtean abiatu zuten Arrasaten (Ulgor). Handik aurrera beste asko joan ziren sortzen eta, jakina, langileak behar zituzten.

Kooperatibetara batzen ziren Escuela Profesionalean ikasketak bukatutako gazteak eta herriko beste enpresetako langile asko. Sarritan, Arizmendiarrietak berak edo bere jarraitzaileek konbentzitzen zituzten beste lantegietako beharginak kooperatibetara etortzeko. Egoera hori, jakina, ez zen enpresa ez-kooperatiboen gustukoa.

1966ko martxoan ULARCOk eta “Rvdo. José Maria Arizmendi”-k gutun bana jaso zuten Elma fabrikatik honelakoez: “Es sobradamente conocido que, desde hace varios años, vienen produciéndose bajas entre nuestro personal, el cual causa seguidamente alta en alguna Cooperativa... Vds. han reclutado a muchos que, a dichos conocimientos [de la Esuela Profesional], acumulaban el adiestramiento de en nuestros talleres y que, desgraciadamente para nosotros, han causado baja, cuando comenzaban a ser útiles... Pero desde hace unos meses… vemos que contratan, no ya a aquellos que por su especialización podrían interesar, sino a quienes ocupan en ELMA puestos que no requieren especialización… para producirnos dificultades importantes y hasta quizás, graves… Confiamos en que, haciéndonos cargo del objeto de la presente, tomarán las medidas necesarias para evitar que, sin beneficio para nadie, se nos perjudique”.

Ulgor-eko sortzaileetakoa izan zen Luis Usatorrek (Ulgor akronimoan lehen letra) honela zioen 1967an Caja Laboralaren hamargarren urteurreneko liburuan: “Estas tensiones obedecen sustancialmente al drenaje de personal…” eta “…la fundación de las Cooperativas, más que obstaculizar el desarrollo de las industrias enclavadas en nuestra comarca lo han favorecido, aun reconociendo que en ciertos momentos transitorios hayan tenido que superar situaciones delicadas”.

Gaur egun, oraindik badaude minduta dauden mondragoetar beteranoak horrelako gertaerak leporatzen dizkietenak kooperatibistei.

Zer egiten du Mondragonek

Zer egiten du MONDRAGONek?

Zer egiten du MONDRAGONek? izeneko bideoa aurkeztu zen azken Kongresuan. Bost minututan, era desberdin batean, MONDRAGONeko kooperatibek eskaintzen dituzten produktu eta zerbitzuen eskaintza zabalaren berri ematen du. Ea gustoko duzuen!

Atsotitza

Aurrera begiratzen ez duena, atzetik gelditzen da.

Eguzki panelak

Leintz bailarako Ekiola

Ikusi duzue? Guk lan egiten dugun lekutik oso gertu dago. Pasa den ekainean hasi ziren obrak eta dagoeneko proiektua oso aurreratuta dago, argazkian ikusten denez. Hau da, laster hasiko da kilometro zeroko energia sortzen. Urte honen bukaerarako espero dute, eta dagoeneko ia 300 bazkide ditu kooperatibak.

Edozein galdera edo informazio eskaera info@leintz-baila.ekiola.eus helbide elektronikora idatzi edo 618 09 11 28 telefono mugikorrera deitu daiteke.

Bestela, interesa edukiz gero Ekiola egitasmoaren inguruan, hementxe duzue oinarrizko informazioa: www.ekiola.eus

Zorionak lankideok!

Azken hiruhileko honetan urteak bete dituzuelako. Segi ba horrela, formal-formal, urtero betetzen. Eta banan-banan, e?

Elixabete Fernandez, Olatz Imaz, Agurtzane Labaien, Sandra Maria, Gorka Molinero, Ana Saez, Amets Ugalde, Iñigo Ucin, Eva Alejo, Ibon Antero, Yolanda Lekuona, Nerea Ibarra, Kepa Juaristi eta Josu Zubizarreta.