Aurkibidea

udazkena | 2022

udazkenON!

Sarrera

Gora begiratuz gero, erortzear diren hostoak topatuko ditugu. Zuhaitzak negurako prestatzen ari dira, zaharrak kenduz, indarberritzeko. Euskal herriko oihan handiena eta Europako pagadirik zabalena den Iratiko basora joan-etorria egiteko sasoi ederra da.

Behera begiratuz gero, perretxikoak aurkituko ditugu: onddo beltzak, gibelurdinak… baina baita ere satan onddoa edo kuleto faltsua. Ezagutzarik izanez gero, onddo-nahaskia osatzeko beharrezkoa hartuko dugu. Bestela, gure bistaz gozatu eta dagoena ukitu gabe bertan uztea hoberena.

Aurrera eta atzera, berriz, hegaztiak eta zetazeoak ibiliko dira. Zetazeoen behaketarako munduko toki onenetarikoa Bizkaiko Golkoa da eta, esaterako, Matxitxakora joanez, bale edo izurdeak ikusteko aukera izango dugu. Urdaibaiko Bird Centerren, berriz, Europako Iparraldetik Afrikaranzko bidaia egiten ari diren hegaztiez gozatuko dugu.

Hego haizea gogor egonik ere, pazientzia da gakoa, baita gure egunerokotasunerako ere. UdazkenON!

Udazkenaren begirada artistikoa

Talento dagoen lekuan, igarri egiten da. Eta Kontarin zuekin konpartitu nahi izan dugu Carolinaren begirada artistikoa. Horrela marrazten du berak udazkena. Ederra, ezta?

Carolinaren lana ezagutu nahi?:

Euskaraldia

Euskaraldiaren 3. edizioari ekiteko motorrak berotzen

Euskaraldiaren 3. edizioa egingo da azaroak 18 eta abenduak 2 artean eta Mondragoneko Zentro Korporatiboan ere euskararen erabilera indartzeko ariketan parte hartuko dugu. Euskara Batzordea izango da gure dinamizatzailea, alegia, ahobizi edo belarriprest nahiz arigune bezala guk izena ematea sustatuko duena. Horregatik, Euskaraldiaren harira ideia edo nahi zehatzen bat izanez gero, batzordekideei esan baino ez diegu egin behar: Nerea Errasti, Irantzu Murgiondo, Ainhoa Zeziaga, Ander Etxeberria, Joselu Caballero edo Nerea Ibarrari, hain justu ere.

Hiru rol garrantzitsu daude Euskaraldiaren bueltan: ahobiziak, belarrirestak eta ariguneak. Horietariko bakoitza zer den gogoratuko dugu jarraian.

  • Zer da ahobizi?

    Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean.

  • Zer da belarriprest?

    Aldiro erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri euskaraz hitz egitea nahi dut, eta horixe eskatzen diet modu esplizituan.

  • Zer da arigune?

    Euskaraz aritzeko guneek dira, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean.

Ander Etxeberria Arrasateko Euskaraldia Batzordean ari da parte hartzen eta, bere hitzetan, “ilusio handiago dago pandemia osteko Euskaraldiari begira”. Sakondu duenez, “Euskaraldiak daukan bertute nagusienetako bat da ohiturak aldatzea lortzen duela. Inplementatu dira beste dinamika batzuk hori bilatu nahian, baina horien eragingarritasuna baxuagoa izan da. Euskaraldiak lortu du gehien hainbat eta hainbat pertsonek euskarazko harremanak areagotzea”.

Bide horretan, lankideei gonbitea egiten die “Euskaraldia baliatzeko hizkuntza ohitura euskarara aldatzeko, oraindik ere hala ez den kasuetan”.

Mintza taldea

Hilketa MONDRAGON zentro korporatiboan (3 eta 4 atalak)

Aurreko ataletan, Mariela hilda agertu zen. Eli, Sara eta Irantzu (hanka sartu zuelako) susmagarri moduan atxilotu zituzten eta galdeketa asko egin zituzten gure lankideen artean. Zein izan ote da hiltzailea? Jakin nahi baduzue jarraitu irakurtzen.

Aurrekoa irakurtzeko klik egin esteka honetan: 

3. atala

Irantzuren aitorpena

Irantzuk bera ez zela hiltzailea esaten zien ertzainei. Zerbait ezkutatzen zuela zirudien. Ez zuen hitz egin nahi, baina bi egunez, hamabost orduko galdeketak egin zizkioten eta, azkenean, egia aitortu zuen.

Marielaren hilketa gertatu baino sei hilabete lehenago, Irantzu oso burumakur aurkitu nuen bilera gela batean. Zer gertatzen zitzaion galdetu eta negarrez hasi zitzaidan. Eztei bidaiatik itzuli berria zen eta bere bikotekidearekin arazoren bat izango zuela pentsatu nuen, baina ez zen hori zehazki:

-Oker jokatu dut –esan zidan negar-malkotan-. Lobby baten dirua onartu nuen. Ezkontza-bidaia izugarria egin nahi genuen eta horretarako diru asko behar genuen. Ez nuen beste erremediorik izan edo bai. Ez dakit. Kontua da oso gaizki sentitzen naizela, baina hau jakiten bada, nire azkena izango da.

Lortu nuen ideia hori burutik kentzea. Nire elkartasuna azaldu nion. Ez zela hainbesterako. Mundu guztiak egiten zituela horrelakoak eta horrek ez zuela pertsona txarra zenik esan nahi. Nire artean, informazio hori noizbait baliagarria izan zitekeela pentsatu nuen eta hala izan zen.

Mariela hil nuen egunean, hortik libre ateratzeko norbaiten laguntza ezinbestekoa izango zela konturatu nintzen. Irantzuri deitu nion Marielaren gorpua zegoen tokira. Gorpua ezkutatzen laguntzeko eskatu nion. Zurbil zegoen. Ez zuen erreakzionatzen eta zaplaztekoa eman nion.

-Gorpua ezkutatzen lagunduko didazu!

-Ezta pentsatu ere! Burutik eginda zaude? Zergatik hil duzu?

Ez nion azalpenik eman. Lobbyak ordaindutako eztei bidaia gogorarazi nion. Lur jota geratu zen. Marielaren mugikorra ere berari eman nion. Horrekin batera, egunero Aitorri mugikorretik bidali beharreko mezuen testuak pasa nizkion. Guztiari baietz esan behar izan zion.

4. atala

Nik hil nuen Mariela

Irantzuk dena kontatu zien ertzainei eta nire bila etorri ziren bulegora.

-Edurne Axpe?

-Bai, neu naiz –esan nien.

Nik ere ez nuen beste aukerarik izan. Lau urteko kartzela-zigorra eskaini zidaten guztia kontatzearen truke eta etsi egin nuen. Ez zela aurrez pentsatutako hilketa izan esan nien, beroaldian egindako hilketa izan zela. Horrek zigorra arindu zidan. LK3tik Garaiara zer eraman prestatzen ari ginela Mariela baldarrak On Jose Mariaren bustoa lurrera bota zuela eta betaurrekoak apurtu zizkiola kontatu nien, ezin izan nuela nire burua kontrolatu eta biltegiko eskailera altuetatik bultzatuta hil nuela. Bitxia da, hala ere, inor ere konturatu ez izana On Jose Mariaren bustoari betaurrekoak falta zaizkiola. Neuk izugarrizko miresmena nion On Jose Mariak ordezkatzen zuenari, baina nire lankideei bost axola bustoak betaurrekoak zeuzkan edo belarri bat falta zitzaion.

Marielaren gorpua Kutxa Gotorrean sartu nuen. Eliren mahaiko kajoian, kutxa gotorreko pasahitza aurkitu nuen. On Jose Mariaren betaurrekoak neuretzat hartu nituen eta bustoa presidentearen bulegoan utzi nuen.

Gainerakoa Irantzuk esanda bezala gertatu zen. Berak lagunduta sartu nuen gorpua kutxa gotorrean eta neuk sortu nituen Aitorri bidaltzeko mezuak. Orain hemen nago, Martutenen. Aspaldian ez dut eskuz idatzi eta eskumuturra nekatzen ari zait. Irantzu, Sara eta Eli ere bertan daude eta Sararen bidez lortu dut zure helbidea. Berari bidali zenion argazkia ere ikusi dut. Brasilgo hondartza batean ageri zara luxuz beteta. Marielaren hilketari buruzkoak jakin behar zenituela pentsatu dut. Badakizu zer behar dudan, Gorka, eta badakit laster izango ditudala zure albisteak. Gogoratu Marielaren hatz markena… Bitartean gozatu, baina ez ahaztu zorretan zaudela.

Egilea: MONDRAGON Zentro Korporatiboko Mintza Taldea

Elkarrizketa

Olatz Imaz, olatu berrian

Olatz Imaz

Nire euskara etxean ikasitakoa da”

Olatz goierritarra da jaiotzez (Olaberria, 1966) baina gaur egun Donostian bizi da. Orain olatu berrian sartuta dago buru-belarri, izan ere maiatzean zentro korporatiboan hasi zen lanean, Belen Kortabarriaren lekua betetzeko, Finantza Gestioko Departamentuaren zuzendaritzan.

Ezkonduta dago, alaba bat dauka eta hona etorri aurretik, hainbat tokitan ibili da, besteak beste, Koipen, Administrazioan, Sos Taldean eta Orklin.

Zelan lurreratzea?

Oso ondo. Eskerrak eman nahi ditut, eduki dudan harrera benetan ederra izan delako. Bidea erraztu didazue eta oso ondo sentitu naiz hasiera hasieratik. Hitz onak besterik ez dauzkat!

Martxan beraz!

Belenek hasitako urtea bukatzen ari naiz eta datorren urterako helburuak, gestio planak eta gainontzekoak definitzen. 2023a nire lehenbiziko urtea izango da oso-osorik. Ehuneko ehun sartuta gaietan eta ikasten, bai, asko ikasten.

A ze nolako txiri buelta eman diozun zure bizitzari, ezta?

Bai, lan ikuspuntutik aldaketa handia izan da. Enpresa industrial batetik, non egunero kostuak eta emaitzak begiratzen ari zaren, beste batera, non beste gai batzuk, ikuspegi zabalagoak, jorratzen ditugun pasa naiz.

Zaletasunak?

Eskia gustatzen zait izugarri. Bidaiatzea ere bai. Urtero bidaia bat egiten dugu familian, urrutira ahal dela. Irakurtzea eta zinea ere gogoko ditut, deskonexioa bilatzeko. Eta golfean hasi berria naiz lagun talde batekin, baldar samar nabil oraindik baina astero joaten naiz eta harra sartzen ari zait.

Euskara ahoan ibiltzen duzu, edo gehiago bihotzean eta gogoan?

Nire euskara ez da oso ona. 4 urterekin Madrilera joan nintzen eta Euskadira karrera bukatu ostean bueltatu nintzen. Baina nire gurasoek argi zeukaten Madrilen egon arren euskara ezin genuela galdu eta etxean euskaraz egiten genuen. Beraz nire euskara etxean ikasitakoa da.

Orain zerbait gaizki esaten dudanean alabak zuzendu egiten dit, baina tira, hobetzen. Gainera hona etorri naiz, MONDRAGONera, eta ikusi dut badela euskararekiko oso jarrera ona eta argi ikusi dut bultzatu egin behar dudala. Nire kezka da oraindik bileratan ez nagoela oso eroso, baina Asierrekin ikasten ari naiz eta lortuko dut pixkanaka maila hobea.

Podcast osoa (gomendatzen dizugu!!).

Bazenekien?

Kooperatiben izen batzuk

MONDRAGONeko Esperientziako enpresei izena ematerakoan modu diferenteak erabili izan dira. Ezaguna da ULGOR akrostikoa, lehen bost sortzaileen abizenekin sortua. ULMA antzerakoa da, sei fundatzaileen abizenak erabilita: Pedro Ugarte, Esteban eta Julian Lizarralde anaiak, Isidro Mendiola, Ignacio Maiztegi eta Julián Aiastui. Copreci-ren kasuan ez dira abizenak, enpresaren funtzioa adierazten duten hitzak baizik: “COoperativa de PRECIsión”. Eskema hori erabili da ere Markinako MIBA kooperatiban –“Markina eta Inguruko Baserritarren Alkartasuna” edo Alecop-en (bere garaian Alecoop) –Actividad Laboral Escolar Cooperativa–.

Badaude, akrostikoa izan gabe, euskal izena daukaten kooperatibak. Adibidez, 1966an Ederlan bezala bataiatu zuten Comet fundizioa (“cooperativa metalurgica” agian?). Ba ote dago fundizio bati deitzeko izen politagorik? Goizper-ek (Korporaziora batu ez zen kooperatiba) ere badu xarma berezia: sortzaileek “egunsentia” bezala ulertzen zuten Sabino Aranaren neologismoa oinarri hartuz.

Arizmendiarrietak ere asmatu zituen izenak. Bereziena Caja Laboral Popular-eko euskarazko izendapena izan daiteke: Lan Kide Aurrezkia. Euskaltzaindiaren irizpidearen aurka “lankide” bi hitzetan zatitu zuen, hau da, “kide” atzizkia izentzat hartu zuen. Euskaltzaindiaren kexuari honela erantzun zion markinarrak: «Gu ez gara jaio tradizionalistak izateko». 

Inkesta

Ikasturte berrirako erronkak!

Inkesta txiki bat egin dugu, ikasturte berriari zer nolako erronkekin heldu diogun ikusteko. Eta emaitzak ikusita, zentro korporatiboan gimnasio bat ipini beharko dogu. ;-)

Nerea Errasti: Bikotekidearekin bizikletan ibiltzea. "Maillota eta kulotea erosita ditut!" esan digu.

Eli Fernández: Astean behin Kurtzetxikira joatea.

Mariela López: Egunero eliptikan 10 minutu ibiltzea.

Gorka Molinero: Egunero 10.000 pausu ibiltzea.

Jose Luis Caballero: Kirola egitea, gutxienez astean 3 bider.

Amaia Fernández: "Pozik bizitzea da nire helburu bakarra!!". Sinismen horri eutsiko diola aitortu digu.

Itziar Gaztañaga: Iratzargailua 6:30tan jarri eta lanera etorri aurretik bizkletan ibili, astean pare bat bider.

Javier Marcos: Analisietako 3 izarrak kentzea.

Amets Ugalde: Yogan jarraitu. Eta datorren urterako Aiba! mendi martxa egiteko prest egotea. Aurten berandu ibili da.

Sara Galino: Nire alaben saskibaloi partidetan arbitroei protestarik ez egitea. Eta ez saiatu taldea zuzentzen. Animatu eta txalotu, besterik ez.

Rafa Pol: "Ohera goizago joatea da nire helburua".

Irune Idigoras: Korrikan hastea.

Lorea Iturbe: Ezustekoak ekiditu, lasaigo bizi. A! Eta pazientzia gehiago eduki.

Ainhoa Zeziaga: Astean behin kirolen bat egitea.

Mirari Astigarraga: “Patrón de embarcación de recreo” (PER) ateratzea.

Amaia Ramos: Astean 3 aldiz gimnasiora joatea aurreko urtean bezela, ritmo horri eutsi.

Luis Molins: Gasteizko maratoi erdia egitea, abenduan.

Irantzu Murgiondo: Helburu bakarra: AIUR.

ezkontzaK

Ainhoa Zeziaga

Arrasate-Salamanca-Lisboa-São Miguel-Sesimbra-Salamanca-Arrasate-Zarautz-Arrasate.

Itsasoa, mendia, lakuak, hondartzak, herriak, hiriak, ilunabarrak, ur-jauziak…

40 egun.

Familian.

Ederra! Eskerrik asko!

Carolina Mejia

Gure hasierako asmoa 2020an Bartzelonan ezkontzea zen. Pandemia tarteko, ordea, planak aldatu eta lagun eta familia talde bakoitzarekin ospakizun txikiagoak proposatu genituen. Aurrenekoa Zarautzen egin genuen, 2021ean; bigarrena Kolonbian, 2022ko abuztuan; hirugarrena Zumaian, 2022ko irailean. Bakoitza bere estiloan: Zarautzen polita eta dibertigarria; Bogotan kolonbiarrek bakarrik egiten dakiten festa puska; Zumaian, azkenik, asmo handirik gabeko baina bista izugarriekin egin genuen barbakoa.

Erronka: ezetz aurkitu zein ospakizunetan zegoen gonbidatu bat ni bezala jantzita.

agurRAK

Belen eta Mari Carmen: agur, agur, agur!

Uffa! Ez dakit pandemiak eraginda izan den –juergarako gogo itzelak– baina Belen eta Mari Karmen agurrean 3x1 egin dute baten batzuk, Kontarik "iturri fidagarrietatik" jakin duenez. Ofiziala, Otaloran egin zen ekainaren 16an; extraofiziala ere antolatu omen zen uztailaren 1ean, beste "ukitu informalagoa emateko" baina Belenek Koronabirusa hartu eta atzeratu egin behar izan zen. Batzuk, ordea, bonua hartuta zeukaten eta ez zuten alperrik galdu nahi, eta bokadiloaren aitzakian elkartzea erabaki zuten, Mari Karmen eta Belen barik, baina biak gogoan. Bokadiloa bai, eta gero pote eta dantza batzuk, giro bikainean.

Eta azkenean, irailaren 2an extraofiziala (II) antolatu zen, oraingoan bai Belen eta Mari Karmenekin. Txikiteo apur bat, hotelean afaixa, eta bukatzeko dantzak (freed from disere eta beste batzuk), barriketak, giro ezin hobea! Horrela bada, gora Belen eta Mari Karmen!

Hazia Musikala

Hazia Musikala, dagoeneko martxan!

Estreinaldia izan zen irailaren 17an Arrasaten, Amaia Antzokian, arrakasta handiz. Dakizuenez, ikuskizun honetan Gontzal Mendibilek Arizmendiarrietaren bizitza kontatzen du musikaren bitartez. Lan bikaina da, entretenigarria, freskoa eta lan kolektibo izugarria. Hementxe estreinaldiaren argazki pare bat.

Gehiago nahi? Klik egin esteka honetan: 

Otalora 

Otaloratarren kontuak

La casa de Otalora en el siglo XVI izeneko liburua aurkeztu zuen Iñaki Urreta atxabaltarrak irailaren 17an Aretxabaletako Arkupen. Lau urteko lan-ikerketaren sakona egin du liburua egiteko, eta bertan Otalora familiak XVI. mendean izan zuen garrantziaren berri azpimarratzen da –Errege-erregina Katolikoen gortera iritsi zen Juan de Otalora–. Liburuarekin batera –gazteleraz dago idatzita– liburuxka bat ere argitaratu da –elebietan–, mende horretatik aurrera Aozaratzako dorretxean bizi izandakoen berri jasotzeko.

Baten batek liburua edota liburuxka eskuratzeko interesa badauka, esteka honetan egin dezala. 

Berdintasun plana

Berdintasun plana: trebakuntza saioa

Dakizuen moduan 2021eko martxoan Mondragon Koop.E.ko Zuzendaritza Batzordeak eta Kontseilu Errektoreak emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko konpromiso esplizitua hartu zuten eta Berdintasun Plana diseinatu eta inplementatzeko erabakia ere hartu zuten. Gogoratu egindako diagnostikoa eta Berdintasun Planaren inguruko informazioa eskuragarri duzula horretarako bereziki sortu dugun intraneteko Berdintasun Plana atalean.

Planaren barruan definituak dauden ekintzetako bat, langileen arteko hausnarketa eta trebakuntza prozesuak sustatzea da eta horretarako irailak 15 arratsaldez saio ireki bat egin genuen halako prozesuetan laguntzen duen Mar Gayarekin. Lagun gutxi elkartu baginen ere, giro lasai eta eraikitzaile batean elkarrizketa interesgarriak eduki genituen. Berdintasun zer den, non eta nola ematen diren gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak eta norberaren bizipenak eta ikuskerak aberasteko aukera eduki genuen. Gehiago jakin nahi baduzu, galdetu bertaratu zen lankideren bati eta, oraingoan etorri ez bazinen, ez ezazu galdu hurrengoa!

Otalora 

Otaloran espazio berria sortzen

MONDRAGONen inpaktua modu dinamiko eta erakargarrian komunikatzea da helburua”

Javi Santosekin bildu gara Otaloraren bueltan esperientzia kooperatiboaren zabalkundea egiteko sortzen ari den espazioaren berri izateko. Bere hitzetan, “helburu nagusia MONDRAGONen Esperientzia Kooperatiboak jendartean izan duen inpaktu eta eragin erreala modu erakargarri eta dinamiko batean komunikatzea izango da. Urte amaierako martxan egotea aurreikusten da.

Esperientzia kooperatiboa sozializatzeko beste espazio bat eraiki nahi da Otaloran. Zer ari gara irudikatzen?

On Jose Maria Arizmendiarrietari nahiz MONDRAGONeko kooperatiben garapenean izandako jardunari eskainitako gune itxia izan dugu orain artean. Espazio berria dinamikoagoa izango da eta, ibilbide baten bitartez, orain artekoaz gain, egungo MONDRAGONen esperientzia kooperatiboa, teknologiari lotutako erronkak, sozialak, ingurumenari lotutakoak… nahiz abian jarritako estrategiak erakutsiko dira.

Ibilbide hau Otalorako gunerik altuenean dagoen aretoan amaituko da. Bertan, MONDRAGON Kooperatibaren Esperientziaren bueltan hitz aspertuan aritzeko eta sakontzeko aukera izango da, atzealdean bailarako bistek eskaintzen diguten paisaia paregabea izango dugularik inspiraziorako lagungarri.

Gune hau espazioen diseinurako eta ikus-entzunezko egungo bitarteko hoberenak erabiliz eraikiko da.

Nori zuzendutako espazioa izango da?

Kooperatibagintzaz interesaturik mundu osotik etorritakoak eta gure kooperatibetako bezeroak dira egungo bisitari gehienak. Espazio berri hau gure kooperatibetan lan egiten dutenei nahiz, oro har, jendarte zabalari eta, bereziki, gure kooperatibetan behar dugun talentuari zabaldu nahi diogu.

Izan ere, espazio berri honen helburu nagusia MONDRAGONen Esperientzia Kooperatiboak jendartean izan duen inpaktu eta eragin erreala modu erakargarri eta dinamiko batean komunikatzea izango da.

Espazioa edonork edonoiz bisitatu ahal izango du edo eskaera egin beharko da?

Bisitak modu autonomoan egin ahalko lirateke, ibilbidearen diseinuak eta eta bertaratuen eskura egongo diren bitartekoek horretarako aukera eskaintzen dutelako. Hala ere, bisitak aditu batek lagundurik egitea sustatuko da, MONDRAGONen kooperatibagintzaren bueltan hausnartzeko. Horretarako, aldez aurretik eskaera egin beharko da.

Orain artean bezala, kooperatibagintzaren hedapenerako saila arduratuko da nagusiki bisitak kudeatu eta informazioa osatzeaz. Unibertsitate, Lanbide Heziketa eta bestelako hezkuntza zentroekin harremana nola kudeatu diseinatzen ari gara.

Noizko dago aurreikusita inaugurazioa?

Urte amaierarako narratiba, espazioak eta ikus-entzunezkoak martxan izango dira, gure aurreikuspenen arabera.

Atsotitza

“Egin lan, nahi baduzu jan”

Zorionak lankideok!

Azken hiruhileko honetan (uztaila-iraila) urteak bete dituzuelako. Segi ba horrela, formal-formal, urtero betetzen. Eta banan banan e?

Ana Saez, Amets Ugalde, Iñigo Ucin, Ibon Antero, Eli Fernández, Oskar Goitia, Agurtzane Labaien, Gorka Molinero, Yolanda Lekuona, Nekane Murua, Eva Alejo eta Nerea Ibarra (irailaren 30ean beteko ditu).