Aurkibidea
udaberria ı 2023

udaberriON!

Sarrera

udaberriON!

Bizitzaren zikloa indartsu da. Elurteetako urak behera datoz; animali eta landare berriak gora. Eguzkia geroz eta denbora gehiagoz da gure artean: indarberrituta kaleratzeko unea da. Besarkatu eta laztanduz, elkar sentitzekoa, maitasun eta desira kanalak indartzekoa.

Zentzumen guztiak adi, gure sormen gaitasuna indartsu dabil-eta. Munduari kolore, testura, zapore, usain eta doinu berriak eskaintzeko ordua da. Gutariko bakoitza ezberdina da. Gutariko bakoitza bere ekarpena egiteko gai da. Sentimenduak gehituz, aberats sentitzeko unea da.

mondragonen zabalkunderako gunea

Historia beste pertsonek kontatutakoan emozionatzen gara gehien”

A generic square placeholder image with rounded corners in a figure.
Javi Santos

Asko entzun dut Adimen Artifizialari buruz azken aldian. Eta ezin izan diot tentaldiari eutsi: ChatGPT-ari “MONDRAGON-eko Kooperatiba Esperientziaren Zabalkunderako Guneari” buruz hitz egiteko eskatu diot. Zehaztasunez betetako kontaketa historikoa egin eta balioak eta printzipioak nabarmendu ostean, ondokoa esan dit:

“Finean, gizarte justu eta iraunkorrago bat lortzeko pertsonek elkarrekin lan egiteko aukera dutela gogorarazten digu gune honek. Mondragoneko ereduak iradokitzailea izaten jarraitzen du pertsonak helburu amankomunak erdiesteko elkartzen direnean zer lortu daitekeen jabetzeko, erronkak handiak izanik ere”.

Ez da nolanahiko xedea. Adimen Artifizialak gune horren xedeen definizio egokia egin duela esatera ere ausartuko nintzateke. Hala ere, berak idatzi duen orri osoko ezerk ez du ni gogobetetzea lortu.

Kontrara, MONDRAGON ezagutzera mundu osotik barrena hona etortzen direnei gertatzen zaiena nabarmenduko nuke. Ohikoena, gehienek “MONDRAGON-i buruz nahikoa irakurrita” etortzea izaten da. Ziurrenera, hona etorri aurretik, informatu egin dira eta gure historiari buruz, gure datuei buruz eta gure funtzionatzeko moduei buruz eztabaidatu ere egin dute. Aldiz, Anderren azalpenak amaitu ostean soilik esaten dute ondokoa: “MONDRAGONeko esperientzia kooperatiboaren berri han eta hemen emateak merezi du: bakarra eta ezberdina da” (TU Lankide 624).

Zergatik ChatGPT-ek ez du lortu bere historiarekin ni gogobetetzea eta, aldiz, gu bisitatzera etortzen direnak Anderrek emandako esplikazioekin hunkitu egiten dira? Anderrek datak eta datuak baino gehiago ematen ditu. Agerikoa eta arrazionala denaren gaindiko narratiba duen pertsona da. Emozioak eragiten ditu.

Difusio Gunea erabiltzean hori ahazteko arriskua dugu. ChatGPT-rekin bezala, gune honetan teknologia oso ikusgarria izango da, kasu honetan irudi eta soinu bitartez erakutsia:

  • Sarrerako galerian gerra osteko Arrasate erakutsiko digun pantaila ultra panoramikoa izango dugu.
  • Aurrera egin ahala, Arizmendiarretaren objetu esanguratsuenetariko batzuk ikusiko ditugu. Halaber, bere lehen pausoak eta lorpenak erakutsiko dizkigun pantaila aurkituko dugu.
  • Jarraian, “orainaren aretoan”, MONDRAGON egun zer den ezagutzeko aukera izango dugu, zer, nola eta zein balore jarraituz egiten dugun erakutsiz. Pantaila interaktiboak ere izango ditugu bertan, gutariko bakoitzak bere beharren araberako informazioa eskuratzeko.
  • Handik limurtuko gaituen aretora sartuko gara, non software batek kudeatutako 8 proiektagailu tarteko, 360º formatuan irudiak botako diren.
  • Azkenik, gure bailarako bistez gozatzeko eta gure sustraiekin ditugun konpromisoak berresteko aukera izango dugu, hain teknologikoa ez izanik ere emozionala baden zatia eginez.

Baina bisita hau ezin da bakarka egin. MONDRAGONen Zabalkunderako Gunea bisitatzean, guneak berak eta bertako bitartekoek “han eta hemen zabaltzea merezi duen historia” indartzea dute helburu. Eta ez dezagun ahaztu: historia beste pertsonek kontatutakoan emozionatzen gara gehien.

elkarrizketa

Marijo Pagalday

Bidaiazale amorratua naiz!”

Marijo Pagalday MONDRAGONeko lehendakariorde izendatu berri dute eta, bide batez, Ingeniaritza eta Zerbitzuetako Dibisioaren zuzendari orokor, Alberto Gorroñogoitia ordezkatuz. MONDRAGON Koop. E.-ko bazkide bilakatuta, berarengana jo dugu, Marijo hobeto ezagutzeko asmoz.


LKSko eraikineraino joan gara, Marijok bertan duelako bere bulegoa. Ia bi hilabete egin ditu karguan. Hasierako shock-a gaindituta –etzuen espero izendapena– dagoeneko burubelarri ari da dibisioa mailako proiektuetan lanean.

Nor da Marijo Pagaldai?

Eskoriatzarra naiz. Bertan jaio nintzen eta bertan bizi naiz. Herri txiki batean bizi behar izanez gero, norberan herrian bizitzea da onena. Hala pentsatu izan dut beti. 53 urte ditut eta bi seme-alaben ama naiz. Pertsona normaltzat dut nire burua.

Ibilbide profesionalari buruz, zer nabarmenduko diguzu?

Nire lan ibilbide osoa Alecop-en edo Alecopekin lotutako negozioetan egin dut. 17 urterekin ikasketak eta lana partekatzen hasi nintzen. Informatikan lehenengo, administrazioan geroago, controller moduan ere bai. Finantza arlo horrek, ordea, aspertu egiten ninduen, eta negozio txiki baten ardura eskaini zidaten –montaiak–. Gero MEI (MONDRAGON Educación Internacional) proiektuan profesionalki oso urte interesgarriak egin nituen. Horretan nenbilela Alecopeko gerentzia eskaini zidaten eta, 2014ko uztailetik hona, horretan ibili naiz. Zortea alde eduki dut eta nire jarrerak ere, aurrera egitekoak, dezente lagundu dit. Orain, berriz, hau: lehendakariorde eta dibisioaren zuzendaria. Aurrera ba!

Jarrera esaten duzu. Zelakoa zara ba lan kontuetan?

Gauza berdinetan ibiliz gero, aguro nekatzen naiz. Gauzak ondo egitea gustatzen zait, ekarpenak egitea, gaietan sakontzea… Saltsa gustatzen zait: gestioa, arazoak konpontzen laguntzea…

Afiziorik?

Gazteago nintzela soldata osoa gastatzen nuen bidaiatzen. Gero umeak etorri ziren eta frenatu egin behar izan nuen. Kalezale amorratua ere banaiz. Etxea jausten bada zaila izango da ni barruan harrapatzea. Paseoan ibiltzea, eguzki apur bat hartzea… ere gustuko ditut, baina dena bere neurrian.

Hau eta askoz gehiago kontatu digu Marijok. Podcastean daukazu solasaldi osoa.

Aste SantuA

Zer egingo dugu Aste Santuan?

Esperientzia berriak nahi eta batzuk urrutira. Besteak gertura, familia eta lagunen goxotasun bila. Denetarikoak dira lankideon Aste Santuetarako asmoak. Udarako opor luzeen aurretik deskantsurako egun apartak dira. Oraindik zer egin erabaki gabe bazaude, hemen aukera batzuk: 

  • Sara G.: Europako hiribururen bat bisitatuko du. Zaragozan ere egun pare bat pasako ditu, bere alabak saskibaloiko Erreginaren kopan parte hartuko duelako.
  • Agurtzane G.: Laredora joango da. Aurretik, ordea, bere alaba bisitatuko du… Ameriketako Estatu Batuetako Los Angelesen.
  • Mirari A.: bi planen artean erabaki beharko du: Itsasontzi bat alokatu eta itsasoan murgiltzea edo eta Bretainia bisitatzea.
  • Ainhoa Z.: Maltako laku urdina ezagutzeko irrikitan dago. Historia eta itsasoaren kresala, biak ala biak uztartuta, zer gutxiago.
  • Amaia R.: Turkiako aniztasunan murgiltzeko gogoz da. Kultura nahiz gastronomia aniztasunean, alegia.
  • Mariela L.: “Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau” esaera zaharrari kasu eginez, Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagutzeko erabakia hartu du.
  • Nerea E.: Cambrilseko porturarako paseoan gora eta behera ikusiko dugu, inoiz, itsasoan sartuta ere.
  • Edurne A.: Euskal Herriko zortzigarren probintzia Benidorm-era joango da goiz edo iluntze, giro ona ziurtatuta dagoelako. 
  • Ana S.: Elurzaleen hiriburu Jakara joango da, Pirineoetako haizeak beti dira eta inspirazio eta erlaxatzeko lagun.
  • Eli F.: Santa Polako itsasargira joan eta bertan aurkituko dugu, amestutako ilunabarrei begira.  
  • Jose Luis C.: Olagarroak non, han da Joselu. Galizia aldean topatuko dugu beraz aurten, itsasoan murgildu eta arrantzan.
  • Sandra M.: Maite ditugunekin partekatzeko garai ederrak dira Aste Santuak. Extremadurara joango da asmo horrekin, familiarekin goxo egotera.

Zentro Korporatiboko mintza taldearen horoskopoa

Mondragon Zentro Korporatiboko Mintza Taldean izar eta konstelazioei begira ibili gara. Azterketa zehatz baten ondoren, hona emaitza:

SAGITARIUS (azaroak 24-abenduak 23) Hurrengo laneko bidaian negozio arrakastatsu bat lortuko duzu, eta lanean zerbait aldatuko da.
CAPRICORNIUS (abenduak 24-urtarrilak 20) Hurrengo oporretan itsasoa saihesten saiatu. Enbata hurbil dago eta ez duzu erdian egon nahiko.
AQUARIUS (urtarrilak 21-otsailak 18) Ez zara zure herrian bizi, baina itzultzeko tentazioa izango duzu, nahiz eta orain ez zaizun iruditzen.
PISCIS (otsailak 19-martxoak 20) Zure futbol taldean baja asko egongo dira eta harrobikoek erabakiko dute hurrengo derbia
ARIES (martxoak 21-apirilak 20) Hurrengo hilabeteetan ekitaldi garrantzitsu batean parte hartuko duzu eta bertan maitasuna aurkituko duzu.
TAURUS (apirilak 21-maiatzak 20) Ideia berritzaileak izango dituzu LK3 eraikinera itzultzen garenean. Egon Javier Santosekin, mesedez.
GEMINI (maiatzak 21-ekainak 20) Kontuz hurrengo parrandan. Zerbait gerta daiteke: mugikorra galdu, segurtasunekoekin arazoak, auzokoen kexak … Auskalo!
CANCER (ekaina 21-uztailak 20) Albiste onak iritsiko dira eta zure kezka nagusiak desagertu egingo dira.
LEO (uztailak 21-abuztuak 23) Ogia erostera aterako zara eta auskalo zerekin itzuliko zaren etxera.
VIRGO (abuztuak 24-irailak 23) Lanean entzuten dituzun astakeriekin aspertuta bazaude, ondo etorriko zaizu safari bat egitea.
LIBRA (irailak 24-urriak 23) Erretiroari buruz pentsatzen ari bazara, egin zerrendatxo bat: euskara hobetu, ingelesean C2 atera, bulegoko materialaren inbentarioa ahaztu…
SCORPIUS (urriak 24-azaroak 23) Adin borobila betetzen baduzu, saiatu loterian jokatzen.
Karbono aztarna

Etorkizuna aldatzeko, zer egin dezakegu guk gaur?”

Otalorak eragindako karbono aztarna neurtuko da aurten. Horren aitzakian, Ibon Anterorekin luze eta zabal jarduteko aukera izango dugu.

Otalorako karbono aztarnaren neurketa egingo da 2023an. Zer egin asmo da zehazki? Nola egingo da?

Otalora Topaguneak eragiten duen karbono aztarna neurtuko da. Iada kooperatiba asko egiten ari diren moduan (25 baino gehiago) erakunde moduan ditugun karbono isuriak neurtuko ditugu Ondoan-en laguntzarekin, Otalorako eraikinaren erabilerak ingurugiroan duen eragina neurtu nahi da, batez ere karbono isuriei dagokiona.

Zergatik egingo da? Europako erakundeek geroz eta gehiago estutuko al dute?

Hala da, bai. Kanpo begiradatik, hiru arrazoi nagusi daude inpaktuen neurketa bultzatzen ari direnak.

Legedia batetik. Laster karbono aztarna erregistratu beharra izango dute erakunde handi eta ertainek.

Merkatu eta kontsumitzaileak bigarrenik. Gero eta eskaera handiagoa da zentzu honetan.

Finantza mundua hirugarrenik. Finantzazio berde eta iraunkorrak aukera hobeak eskaini ditzake.

Baina barne begirada batetik ere, gure Politika Sozioenpresarialak ere horretara bideratzen gaitu. Gure jarduera motagatik, kanpo arrazoi horiek ez dute asko eragiten, zerbitzu zentral moduan aztarna esanguratsua ez da izango, baina jarrera eta konpromezu kontua ere bada.

Karbono aztarna murrizteko neurriak hartzea izango da hurrengo helburua. Mondragoneko hainbat kooperatibetan bizikleta elektrikoen erabilera, autoak partekatzeko aukeren sustapena… egin da. Zentro Korporatiboaren kasuan bizikleten aparkalekurik ikusiko al dugu etorkizun hurbilean? Bestelako neurririk?

Lehen urratsa neurketa egitea da. Neurtzen ez dena, ezin da hobetu . Ostean hobekuntza planak etorriko dira. Aipatutako horiek dira kooperatiba askotan hartzen ari diren neurrietako batzuk.

Murrizpenaren ostean, konpentsazioa ere etor daiteke, hau da, instalazio neutroak edukitzeko, sortzen dugun emisioaren adinako karbono kaptazioa egitea.

Funtsean, hiru pauso dira: neurtu, murriztu eta neutralizatu. Orain lehena egingo dugu.

Osasuna eta lana uztartzeko egungo konfort egoeratik atera behar da. Zein ekintza edo bitarteko izan daitezke horretarako lagungarri?

Kasu batzuetan, mugikortasuna eta osasuna lotuak egon daitezke, hau da lanera oinez edo bizikletaz joateak osasunari ere mesede egiten dio jakina, baina beti ez da posible. Horretaz haratago, garrantzitsua dela uste dut denbora tarte bat eskaintzea gure egoera fisikoaren zainketari. Ariketa fisikoa egiteak, asko eragin baitiezaioke laneko neke edo estresari.

Gazteak eta helduak. Ba al da ezberdintasunik? Ezberdin begiratzen al diogu gure munduari?

Orohar, gizartean badago gure planetaren muga biofisikoen kontzientzia handiago bat. Kontsumitzaileen artean nabaritzen da, eta gazteen artean ere. Kontua da beroketa efektuek ekarri ditzaketen arrisku edo eraldaketak, epe luzera izango dutela eragin handiena eta oraingo gazteek pairatuko dituztela ondorioak. Galdera da, zer nolako mundua utzi nahi diogu oraindik jaio gabe dagoen haurrari? Edo bestela esanda, etorkizuna aldatzeko, zer egin dezakegu guk gaur?

10 urtera. Zein da alor honi dagokionez Mondragoni buruz irakurri nahiko zenukeen albistea? Zer egingo da titular hori lortzeko?

Nazio Batuen Garapen Iraunkorrerako helburuek, Europako Itun Berdeak, Espainiako eta Euskal Erkidego autonomoko helburuek edo Pariseko akordioak titular bat ematen digute: 1,5Cº tik beherako beroketa lortzea. Gure jarduna horrekin lerrokatua dagoela irakurri nahiko nuke. Urtero %4,2-ko jaitsiera eduki dugula gure karbono isurietan, eta 2030erako karbonoan instalazio neutroak ditugula, hau da, isurien murrizpena maximizatu dugula eta ditugun karbono-isuri hondarrak neutralizatu edo konpentsatzeko proiektuak garatzen ari garela. Co2=0

Inauteriak

Inauteriak… eta zu mozorrotu gabe?

Pentsamendu askeak gorpuzteko aukera aparta dira inauteriak. Gazte garaiak edo azken urtean egindako bidaiak inspirazio iturri, bateko eta besteko mozorroak jantzita kaleratu gara. Txantxarako edo gorpuztutako pertsonaiaren lekuan jartzeko aukera izan dugu. Batzuk egun batzuk lehenagotik… Besteak, hilabeteak aurretik… amesteko aukera izan dugu. Nola esplikatu adimen artifizialari esan edo egitea baino garrantzitsuagoa dela sentitzea? Argazkiei begiratu eta ea zer sentitzen dugun!

Laburrean bada ere…

Berdintasunaren energia

Martxoaren lehen astean Otaloran elkartu ginen berdintasuna-ri buruz hausnartzeko, Mar Gaya Igualando izeneko aholkularitza-enpresaren laguntzaz. Gustura ibili ginen Otalorako dorrean, eta bat etorri ginen esatean konzientzia areagotu behar dugula, aktibismoan aurrerapausoak eman eta tresnak garatzen hastea. Jardunaldia oso interesgarria/gomendagarria izan zen eta bertan 20 pertsona elkartu ginen.

Oharra: hemen daukazu gure Berdintasun Plana


TU Lankide berritua

Aro berria! 63 hiru eta gero beste moldaketa bat egin du TU Lankide aldizkariak, diseinu berriarekin –erakargarriagoa eta modernoagoa– eta eduki berriekin –erreportaje, elkarrizketa, iritzi eta entretenimendu gehiago–. Ordu asko eskaini dizkiogu, egia esan, baina TU Lankidek merezi zuen. Eta oso ilusionagarria da emaitza ikustea. Ea gustatzen zaizuen!

Por zierto, lehenengo aldiz bere historian, hiru bertsio dauzka orain: paperezkoa (euskaraz eta gazteleraz); eta PDF formatoan deskargatzeko beste bi aukera: euskarazkoa eta gaztelerazkoa.

Hementxe ikusgai.


BIHAR proiektua martxan, dagoeneko

BIHAR zerbitzu eta produktu integralak eskaintzen dituen enpresa berria da, adinekoak hobeto bizi daitezen etxean. Aurkezpena urtarrilean egin zen Bilboko Bat Acceleration Tower eraikinean. Izena oso aproposa jarri diote proiektuari, e? Info gehiago behar baduzue, edota norbaiti gomendatu nahi baduzue, hementxe webgunea: www.bihar.coop


Leire Mugerza, saritua Berdintasunaren alde egindako ekarpenagatik

Konfekoop eta Kooperatiben Kontseiluak antolatutako ekitaldian, M8 testuinguruan, aurtengo sarituetako bat Leire Mugerza izan da, "berdintasunaren alde egindako ekarpenagatik". Aitorpen hauen hirugarren edizioa da, eta aurten Bidegintza eta Ediren kooperatiben lana ere saritu zen. Aurreko edizioan gure Arantxa Laskurainek jaso zuen saria. Zorionak Leire!!


Ezagutu MONDRAGON, martxan dagoeneko

Eduki duzu aukerarik begiratu bat emateko? Benetan ondo dagoela plataforma berria. Eta Linkedinean irakurri ahal izan ditugun komentarioak oso ondo baloratu dute ekimen berria. Hementxe webgunea.

Gainera, korporazioko kooperatibistentzat eduki osoaren %100eko deskontu-kodea dugu. Deskontu-kode horri esker, ikus-entzunezko eduki guztiaz doan gozatu ahal izango da aktibatzen denetik sei hilabetez. Deskontua izateko egin beharreko urratsak:

  1. Hemen klik egin.
  2. Erosi botoian klik egin.
  3. Erosketa amaitzeko pantailan, Deskontu-kode bat duzu? Klik egin kodea sartzeko lekuan, sartu "EXPLORE_MONDRAGON_SARBIDEA_2023" kodea eta sakatu APLIKATU.
  4. Zenbatekoaren %100eko deskontua egiten dela ikusiko duzu.
  5. EROSKETA AMAITU sakatu.
Atsotitza

Ardi batek ez du artalderik egiten.

Bazenekien…?

Bazenekin betidanik egon dela identitate kooperatiboari buruzko ardura MONDRAGONen?

Hsieratik dago presente MONDRAGONeko Esperientzia Kooperatiboan bazkideon espiritu kooperatiboa ez dela behar bestekoa. Sarritan, gaur egungo egoera aztertzean, aspaldiko garaiekin egiten dugu kontrastea: “orduan bai”. Edonola ere, sasoi hartan ere, bagenuen zer hobetu. Beti presente dagoen gaia da.

Hasieran, gabezia kooperatiboa ulergarria zen langile asko sozietate anonimoetatik zetozelako lanera. Gero, ulergarria zen langile asko aldi berean sartu zirelako kooperatibetan eta ez zitzaielako formazioa eman. Ondoren, hasierako espirituaren biziberritzean jarriko da fokoa.

Hona hemen, modu arinean, hamarkadaz hamarkada, zertzeladetako batzuk.

1959. urteko Ulgorreko Batzar Nagusian honela irakurri zuen presidenteak:

Eta hauxe 1966ko Ulgorreko Batzar Nagusian:

1976ko Ulgorreko Batzar Nagusian, ostera, ondokoa esan zuen bazkide batek:

1988an TU Lankiden (Europar Komunitatean sartzea, 1993an, gertu zegoela) irakur daiteke:

1994an TU Lankiden:

2007an TU Lankiden:

2009tik aurrerako Politika Sozioenpresariala dokumentu guztiek, berriz, izaera kooperatiboa landu beharreko gaia dela jasotzen dute.

biñeta

Zorionak lankideok!

Azken hiruhileko honetan urteak bete dituzuelako. Segi ba horrela, formal-formal, urtero betetzen. Eta banan banan e?

Javier Marcos, Jose Bilbatua, Iñaki Belaustegi, Luis Molins, Mirari Astigarraga, Nerea Galíndez, Jose Luis Caballero, Nerea Errasti, Anaitz Lazkano, Mariela López, Josean Urionabarrenetxea, Itziar Pérez, Ander Bikandi, Aitor Aizpurua,  Lorea Iturbe, Irantzu Murgiondo.