UDABERRIA | 2022

udaberriON!

Berriro gugan da. Mimosak loratuta ditugu. Kukua kantuan ari da. Ostadar kolorez eguzkia eta euria jolasean hasi dira, porru, tipuleta eta marrubiak gure baratzetan dira.

Besarkatu eta elkar sentitzeko, elkarri aspaldian ezkutatu diogun irribarrea marrazteko sasoia da. Udara berria, hemen da.

22. korrika

Badator Korrika lagunok! Zapatilak prest?!

Aurtengoan ere erosi dugu kilometroa, apirilaren 1ean, 13:10 Iker pareko errotondan jasoko dugu lekukoa. 12:30tan zentro korporatiboko harreran elkartuko gara lekukoa eramango duenari babesa eman eta errotondara garaiz hurbiltzeko. Badakizu gutariko nork eramango duen lekukoa? Ikusi, ikusi bideoa eta jakingo duzu! Animatu eta parte hartu!

80 Km MONDRAGONek

Debagoienetik Donostira arteko ia distantzia guztia MONDRAGONeko kilometroez egin litezke! Martxoaren 31n Amurrion hasi eta apirilak 10ean Donostian amaituko den Korrikaren 22. edizio honetan 80 kilometro baino gehiago erosi dituzte MONDRAGON Korporazioako kooperatibek.

Aurreko edizioetan bezala, hainbat kooperatibek kilometroak erosteaz batera bestelako ekarpenak ere egin dituzte. Gainera, Korrikaren inguruan denetariko jarduerak egingo dira, eta egiten ari dira, kooperatiba askotan.

Euskararen bultzadan beste pausu bat da MONDRAGONen aldetik. Bi ardatz nabarmendu daitezke jardun horretan: euskararen normalizazioa enpresan eta talentuaren erakarpena, hau da, euskaraz datorren ikasleei euskaraz lan egiteko modua ematea.

komikia
Lankideak

Aintzane Garcia

Balorazio orokorra oso positiboa da”

Aurre-jubilatu zaigu Aintzane. Etapa berri bati ekiteko gogoz dago, "estresik barik, e!" eta bizitzaz gozatzeko asmoz.

Agudo joaten dela denbora… Sentsazio hori eduki duzu?

Bai, ba! Oso harro nago ikasi dudan gauzekin. Eta oso pozik lanpostu honek jendea ezagutzeko eman didan aukerarekin. Mundu osoko pertsonak ezagutzea oso aberasgarria izan da niretzat. Jende gehiago ezagutu dut hemen Mallorcan hotel batean emandako 9 urteetan baino. Bestalde, batzuetan sentsazio gazi-gozoa eduki dut, harreran egotea oso gogorra izan delako. Izaera pitin bat aldatu zait bertan, serioagoa bilakatu naiz. Baina, tira, lan guztiek dauzkate gorabeherak! Balorazio orokorra oso positiboa da!

Zelan hartu duzu aurre-jubilazioaren kontu hau?

Paperak sinatu nituenean makina bat negar egin nuen; ez dakit… emozioen korapiloa eduki nuen. Azken bi asteak aldapan gorakoak egin zaizkit, buruari jira eta buelta. Kooperatibistatzat daukat neure burua (amak erakutsita), eta egun batetik bestera mundu horrekiko lotura galtzeak ezinegona sortu dit. Baina asimilatzen joan naiz.

Eta, orain? Hemendik aurrera, zer?

Momentuz erlaxazioa! Estresatu gabe. Patxadaz hartuko dut. Bi biloba dauzkat, eta zaintzeko prest nago; bidaiak ere egingo ditut, nire senarrarekin eta lagunekin… Ahal den neurrian bizitzaz disfrutatzeko asmoa daukat.

Hondartza da nire pasioa!

Gustuko leku bat? Belar, Aloñaren magalean. Eta hondartza, nire pasioa. 

Amets bat. Osasuna.

Edari bat. Ura.

Lore bat. Arrosa.

Zer duzu faltan? Ezer ez, zorionez.

Zer sobera? Maitasuna, nire ingurukoei emateko.

Gurekin akordatuko al zara? Bai, noski!

Zaindu osasuna! Nik daukadan gaitzarekin zaila izango da, baina ahalik eta ondoen eramaten saiatuko naiz.

Bazenekien…?

Bazenekien… Debagoieneko ospitalea Arizmendiarrietak sortu zuela?

Hirurogeigarren hamarkadan Arizmendiarrieta ez zegoen batere pozik orduko ospitaleez: orokorrean, zaintza eta tratamendua emateko instituzioak izan beharrean gaixo-etxeak ziren.

1965eko apirilean Zentro Asistentziala abiatu zuen Arrasateko Zalduspe kalean, Eskola Profesionalak libre utzitako eraikinean (Iturripera etorri zenean).

Caja Laboralaren obra sozialaren laguntza izan zuen. Izan ere, Esperientzia Kooperatiboaren arduretako bat lurraldeko osasun sistema izan zen.

Zentro Asistentzialak hasieran ama berrien atala izan zuen eta gero larrialdiak, klinika zerbitzua, anbulatorioa, etab. Lagun Aro bihurtu zen egitatezko titularra. 1981ean titulartasuna Debagoieneko mankomunitateari eskualdatu zion dohainik. Urte batzuetara, 1988an, Osakidetzako parte izatera igaro zen eta Debagoieneko Ospitalea da gaur.

Arizmendiarrietak, inaugurazioan, euskaraz amaitu zuen bere diskurtsua espainiar lan ministroaren aurrean. Besteak beste, horrela esan zuen: Aurrera beti, beso sendoak eta bihotz samurrakin. 1976an ospitalean bertan ingresatuta zegoela, hilzorian, azken testua idatzi zuen ondokoa esateko, beste ideia batzuez batera: Aurrera beti

Atsotitza

Dakienak ez dakienari erakustea ona da, onerako bada

Egoitza berriari kuku bat

2 erreportari bidali ditugu gure egoitza berria ezagutzera. Hemen kronika.

Martxoak 25, ostirala. 09:00etarako egin dugu hitzordua zentro korporatiboan gure egoitza berrira joateko. Kazetariak falta, ordea. Udalaitz eta Anboto eder ageri dira eguzki izpien artean. Olandixoren talaiatik dagoen ikuspegia ederra da, egia esateko. Faltan botako ote dugu?

Azkenean hemen dira kazetariak eta abiatu gara Garaiarantz. 09:20rako, berandu xamar, iritsi gara gure egoitza berrira. Aparkatzeko lekurik ez. Edertekeraino igo behar izan dugu kotxea uzteko. Ai ene! Goiz ibili beharko dugu aurrerantzean.

Pasiloetan gora eta behera ibili ostean, topatu dugu gure behin behineko egoitza izango dena. Hankaz gora dago dena baina kafea probatzeko aukera izan dugu. Ondo. Muru eta Kurtzetxiki ditugu orain parez pare eta hasi gara hausnarrean: bizikleta elektriko bat erosteko unea, agian, oraintxe da.

Txori batek esan digu…

  • Otaloran obrak egingo direla hirugarren solairuan, esperientzia kooperatiboari buruzko ibilbide emozionala eta sensoriala egiteko. Flipatzeko moduko proiektua izango da.
  • Ainhoa Zeziagak ere bizikleta elektrikoa erosi duela. Eta dagoeneko hasi da lanera etortzen bi errueratan.
  • Hospitality proiektua aurkeztuko dela ostegun honetan Basque Culinary Centerren. 9 kooperatiben elkarren arteko lankidetza. Itxura ona!
  • Irantzu Murgiondo Bruselara bueltatu dela, bi urte geroago. Aurreko astean egon da bertan, Biden eta Europako liderrekin batera, izugarrizko segurtasun neurrien artean.
  • Javier Sotilek liburua argitaratu berri du. Suspertzen. Ispilu kooperatiboa izenekoa, begirada kooperatibo bat etorkizuneko erronkei.
  • Oibar Elorza kitarra jotzen hasi da. Euskal kantekin ekin dio. Ea ba laster kontzertu bat ematen digun, Nerea Ibarrak lagunduta.
  • New Yorker magazine amerikar ospetsuaren kazetari bat geurera etorriko da erreportajea egiten. Datorren hilaren bukaera aldean.

Zorionak lankideok!!

Azken hiruhileko honetan urteak bete dituzuelako. Segi ba horrela, formal-formal, urtero betetzen. Eta banan banan e?

Javier Marcos, Jose Bilbatua, Iñaki Belaustegi, Luis Molins, Mirari Astigarraga, Nerea Galíndez, Jose Luis Caballero, Nerea Errasti, Mari Carmen Urrutia, Anaitz Lazkano, Mariela López, Josean Urionabarrenetxea, Itziar Pérez, Ander Bikandi, Aitor Aizpurua, Aintzane Garcia, Lorea Iturbe, Irantzu Murgiondo.