Aurkibidea
uda ı 2023

udaON !

Sarrera

udaON!

Funtsezko elementuetako bat da sua eta, sasoi honetan, oso indartsu da. Txoriak goizean goizetik kantuan, izurdeak itsasoan jolasean edo sugeak bizi-bizirik mendian sentitzeko aukera ederra da. Denok gara energia betean.

San Juan gaua pasa ostean, bizitzaren zikloan bezala, egunak geroz eta motzagoak izango dira. Garrantzitsua da beraz, energia kanpora bezala, barrura bideratzea.

Dantzatu, gorputzak elkartuz desirak sentimendu bilakatzeko. Itsasoan sartu, handitasunean murgilduz txiki sentitzeko. Kirola egin, taupada bakoitzean odol berritzeko. Oreka egokirako, suak ura bezala elkarren beharra dute gorputzak eta izpiritualtasunak, eta uda biak ala biak elikatzeko sasoia da.

Batzar Nagusia 2023

Ohiko Batzar Nagusia egin genuen pasa den ekainaren 14ean, Otalorako Udalaitz aretoan. Guztira 50 pertsona izan ginen, bertaratuak (41) eta ordezkatuak (9) kontuan hartuta. Hiru gauza azpimarratu behar:

  • Batetik, ziztu bizian egin zen. Izan ere, 50 min eskas iraun zuen. 
  • Bestetik, erabateko adostasuna izan zen, %100eko babesaz onartu baitziren proposatutako akordio guztiak. 
  • Azkenik, euskararen erabilera %100koa izan zen. Txalo bero bat denoi eta, bereziki, xuxurlariei. 

A! Eta Iñigo Iñurrategi errektore kontseiluko kide berria da. Zorionak eta animo zeregin berrietan!

Hizkuntza Teknologiak

Adimen Artifiziala, Hizkuntza Teknologiak eta Euskararen alorreko erronkak

Pertsonen portaeratzat hartzen diren hainbat gauza makinek egiteko gaitasuna izatea. Hori du helburu Adimen Artifizialak (AA) eta teknologia hori garatu nahian urte asko daramatza gizakiak. Azken urteetan garapen handiak izan ditu, batik bat, hizkuntzari lotutakoak eta horiek izan ditu hizpide Xabier Arregik (hitz.eus) Olatz Olasorekin (EMUN) Mondragoneko Euskara Batzordeak antolatu foroan izandako elkarrizketan. Hainbat kooperatibetako 30 ordezkari inguruk hartu du bertan parte.

Hizkuntza teknologiaren baitan hainbat aukera ari dira lantzen: hizkuntza batetik bestera itzultzea, ahotsetik testua sortzea, testutik ahotsa sortzea, irudiak, bideoak, argazkiak sortzea… eta horien arteko konbinaketak.

“Gai izango bagina ahotsez esaten duguna testura pasa, hori beste hizkuntza batera itzuli, eta berriz ahots bilakatzeko eta, gainera, aldi berean egiteko, zer daukagu hor? Unean bertan egindako ahotsetik ahotserako itzulpena”. Hala esan du Arregik. Gaineratu duenez, “horrek panorama aldatzen du, bileran euskara ulertzen ez duen bat egonik ere euskaraz esandakoa unean bertan bere hizkuntzan entzungo duelako”. Bere esanetan, teknologia hori epe ez oso urrunean izango da gure artean.

Denok edo gehienok jada probatuak ditugu itzulpen automatikoko bitartekoak. Bikaintasunez funtzionatzen duten gailuak dira eta lana euskaraz egiteko bidea errazten dute. Euskaraz sortzeko apustua egin nahiko balitz, esaterako, nahiko gaitasuna baduten lankideei euskaraz sortzeko eskatu ahalko litzaieke, euskarazko ulermen osoa ez duenak aldi berean itzuli ahalko lukeelako gaztelania edo ingelesera. Izan ere, posible den adinean, euskaraz sortu eta hartzaileak bere hizkuntzan jasotzeko aukera eskaintzen digute bitarteko hauek.

Halaber, Mondragoneko kooperatibek sortutako makinak euskaraz ere egoteko aukera legoke, makinekin egin beharreko ahozko komunikazioak euskaraz ere egin ahal izateko.

Beste aukera bat, berriz, elkarrizketak euskaraz izatearena da. Izan ere, adimen artifizialeko teknologia oinarri duten eta elkarrizketak izateko aukerak eskaintzen dituzten gailuei gai konkretu baten bueltan eta estilo ezberdinetan idazteko, testuak laburtzeko, informazio zehatza topatzeko… eskatu ahal diezaiokegu eta, berak, hala egingo du, hala nahi izanez gero, euskaraz.

Beraz, kontua, eraginkortasuna helburu, pixkana-pixkana gailu horiek gure egunerokotasunean txertatzea da, baina guk makina kontrolatuaz, posible den adinean, euskarazkoa, kontrastatutakoa eta etikoa izango den edukia sortzeko.

Xabier Arregi eta Olatz Olasoren arteko elkarrizketaren ostean, Euskal Herriko hizkuntza teknologien bi garatzailek, Trebek eta Orai NLP-k, beraien bitartekoak aurkeztu zituzten.

elkarrizketa

Kepa Juaristi ezagutuz

Ordutegiak eta malgutasunak geroz eta garrantzitsuagoak dira gazteontzako”

Ondoko podcast-ean Kepa Juaristi gehiago ezagutzeko aukera izango dugu. Mutil prestatua da, etorkizun oso bat du aurrean eta ilusioz da. Horren erakusle, bere irribarrea. Ikasketez, oporrez, lanaz eta zaletasunez hitz egin dugu. Oporretara nora joango den ere esan digu. Ez galdu gure lankide berria gertutik ezagutzeko aukera.


Berdintasun Batzordea

Irantzu Murgiondo eta Sandra Maria Azcarazu

Kolektibo osoaren inplikaziorik gabe, nekez lortuko da kultura aldaketa”

Nortzuek osatzen duzue Berdintasun Batzordea? Zenbatero egiten dituzue bilerak? Nork dinamizatzen ditu? 

Batzordea 2021ean sortu zen eta Ibonek zuzentzen du. Gaur egun Javi Santos, Amets, Oskar, Sandra eta nik osatzen dugu, baina Nekane eta Patxi ere hasieran batzordekide izan ziren. 3 hilean behin biltzen gara urteko kudeaketa planean abian jarritako ekintzen jarraipena egiteko.

Berdintasun Batzordeko ekintza plana onartu duzue. Zertan eragingo du 2023an? Aurreikusita dituzuen ekintzetatik zein nabarmenduko zenituzkete? Zergatik?

Aurten aurreikusitako ekintza nagusiak 3 kategoriatan sailka daitezke:

  • Sentsibilizazioa eta prestakuntza, taldekako saioen eta urteko une jakin batzuetan egingo ditugun prestakuntza-gidaren bidez.
  • Sexu-jazarpena gertatuz gero jarduteko gidak prestatzea, baita talde arduraduna prestatzea ere.
  • Adierazleak biltzeko eta inpaktuaren monitorizaziorako metodologiak eta tresnak garatzea.

Datuak jaso, interpretatu… egin behar izaten dira. Nola bizi duzue prozesu hori? Erraza izaten al da?

Datuak lehen aldiz jasotzen diren prozesu guztietan bezala, ziurgabetasun maila bat dago azken argazkia positiboa edo negatiboa izango den ez jakiteagatik eta kolektiboan zer eragin izango duen jakiteko. Nolanahi ere, beti da aberasgarria kooperatibaren egunerokoan oharkabean pasatzen diren pertsonen adierazle eta pertzepzio jakinak zeintzuk diren detektatzea eta aztertzea.

Orain artean aztertu dituzuen datuak oinarri, ba al dago zuen arreta piztu duen zer edo zer?

Oraindik zenbait aspektu daude hobetzeko eta lan asko dago oraindik egiteko, baina ziur gaude pausu txikiekin gauza handiak lortuko ditugula.

Zertarako balio du Zentro Korporatiboko diagnostikoa eta plana egiteak?

Proposatutako ekintzen helburua genero-ikuspegia txertatzea da MONDRAGON S.COOP.eko egituran eta prozesuetan. Gainera, gainerako kooperatibentzat erreferente izateko balio digu.

Zein aspektu izan behar dira kontuan prozesua arrakastatsua izateko? Alegia, prozesua ondo ateratzeko…


Kolektibo osoaren konpromiso eta inplikaziorik gabe, nekez lortuko da kultura aldaketa antolakuntzan. Hori dela eta, ahaleginak sentsibilizazio-ekintzetara bideratzen ari dira, horretarako, ekintzetako bat online lankidetza-gune bat sortzea izan da, edozeinek kontsultatu ahal izan dezan garatutako dokumentazioa, eta arlo horretan interesgarriak diren albisteak eta ekimenak parteka ditzake. Guztiok animatzen zaituztegu teams kanala bisitatzera eta hau erabiltzera:

Zeintzuk dira Zentro Korporatiboko indarguneak?

Ekintzak sortzeko edo mantentzeko talde bat sortuta eta bermatuta dugula eta gainera gainontzekoak ekintzetan gero eta gehiago parte hartzen dute. Adibidez martxoaren 2an Mar Gaya etorri zen eta ekintza horretara Zentro korporatiboko jende asko animatu zen, are gehiago, hurrengo ekintzetara ere animatuko zirela esanez. Gainera, gure plantillan berdintasuna dago eta barne komunikazio indartsu bat dugula esango genuke.

Zeintzuk dira Zentro Korporatiboko lehentasunak?

Egiten ari den lana praktikan jartzea eta korporazioko gainontzeko kooperatibekin gure jakituria partekatzea gustatuko litzaiguke.

UDAKO OPORRAK

Zer egingo dugu Udako oporretan?

Itsasoa du maite lehorrean bizi denak eta itsasoaren bueltan ibiliko dira gutariko asko: Kantabrikoaren bueltan batzuk, Mediterraneoan besteak. Bada iraganean bikotearekin egindako maitasun-bidaia seme-alabekin errepikatuko duenik ere. Norbera eta maite dituguna sentituz, gozatu. Indarberrituta bueltatu! 

  • Eli Fernandez: duela 23 urte bikote kidearekin egindako bidaia errepikatzera doa Austriara (Viena, Salsburgo, Insbruk…), oraingoan seme-alabak ere lagun.
  • Jose Luis Caballero: Olagarroen garroek harrapatu zuten behin eta ezin askatu… Galizian izango da aurten ere.
  • Javier Marcos: Cadizeko haizea eta umorea izango ditu jopuntuan.
  • Amaia Ferro: egunean eguneko buruhausteez ahazteko, zer hobeto uharte batera joatea baino. Santorinira, oraingoan.
  • Itziar Ayerbe: itsasoa eta parranda ziur, Almuñecar, Menorka eta Malagako ferian ibiliko da-eta.
  • Michel Iñigo Ulloa: Cadizera lehenik eta Burgosera ondoren, kanpoa bezala zaindu behar da eta barrua ere.
  • Agurtzane Labaien: Asturias eta Kantabriako kostatik barrena ibiliko da, non arrain goxoagorik?
  • Edurne Axpe: Kantabriaz gain Galizia ere bisitatuko du… Non marisko hobeagorik?
  • Agurtzane Garai: Kantabriako Laredo herrian topatuko dugu.
  • Mariela Lopez: Galiziara joango da, bertako haizearen freskotasun bila.
  • Gorka Molinero: Azoreetako flora eta fauna artean ibiliko da aurten.
  • Luis Molins: Italia du oraingoz pentsamenduan.
  • Josu Zubizarreta: Mallorcara joango da lagunekin. Ikasturte amaierak ospatu egin behar dira!
  • Sandra Maria Azcarazu: Noja eta Cadiz artean ibiliko da, eztei bidaiaren aurrekari.
  • Sara Galino: Andaluzian ikusiko dugu, Marbella eta Huelva artean elegante ziur!
  • Joxean Uriobarrenetxea: Almeriako haizea maite, Carbonerasen bueltan ibiliko da.
  • Ainhoa Zeziaga: Zarautzeko olatuak surfeatuko ditu aurten, malekoiaren goiko aldekoak nahiz beheko aldekoak.
otalora II

Laster irekiko da Otalora II

Otalora IIko asteak laster irekiko dira berriro. Birmoldaketa sakona egin da, klimatizazio-sistema berritzeko eta gure kooperatiben beharrei erantzungo dieten areto handiagoak izateko.

Indukzio bidezko klimatizazio-sistema berriari esker, konfort termiko hobetu egingo da, eta, aldi berean, aurreko sistemarekin sortzen zen zarata murriztu egingo da.

Espazioak egokitzeko, aretoak banatzeko trenkadak kendu egin dira eta, ondorioz, aretoetako edukierak handiagoak izatea lortu da. Kooperatibek espazio zabal eta malguak izateko egindako eskaerari erantzunez egin dira aipatu aldaketak.

Lurzorua eta pintura ere berritu dira, prestazio akustiko eta funtzionalak hobetzeko. Altzariak ere berrituko dira eta pertsona kopuruen eta eginbeharreko dinamiken arabera egokitzeko aukera egongo da aurrerantzean.

elkarrizketa

Gorka Molinero

Gozamen hutsa da Leroy Merlin, Bricomart edo Brico Dépôt-en ibiltzea”

Gorka Molinero Landa (Eibar, 1960), ezkondua eta hiru semeren aita, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua, 1982ko martxoaren 11n hasi zen lanean Mondragonen, Fagorreko bulego orokorretan. 1994. urteaz geroztik, Zentro Korporatiboko finantza sailean egiten du lan.


Gorka MacGyver bat da. Aliketa bat, zinta amerikarra eta lasaigarri bat eman eta irrati bat muntatzeko gai da. Artista bat da! Eta Zentro Korporatiboan badakigu. Izan ere, ustekaberen bat izanez gero, beti berarengana jotzen dugu. Kontariren Udako edizioan Gorkarekin hitz egin dugu, “dena konpontzeko” duen gaitasunaren berri zuzenean izateko.

Dena konpontzeko gaitasuna duzu. Nola landu duzu gaitasun hori?

Gaitasuna esatea ausartegia da. Nik zaletasuna esango nuke. Kuriositatearen, beharraren, ausardiaren… arteko nahasketa da. Batzuetan esperimentazioak ongi ateratzen dira. Besteetan, ez hain ongi.

Zaletasunaren berri noiz izan zenuen?

Gauzek nola funtzionatzen duten ulertzeko kuriositatea edo, sinpleki, iturri bat nola konpontzen den, ate baten serraila nola aldatzen den… jakiteko nahia betidanik izan dut.

Txikia nintzenean (eta adinean aurrera eginda ere) beraien lana egiten ari diren profesionalei begira egotea oso gustuko nuen eta, parte hartzeko aukera suertatuz gero, parte hartzen nuen.

MacGyver, jaio edo egin egiten da?

Pixkanaka garatzen den zaletasuna da. Hanka sartzean ateratzen ere jakin egin behar da eta, horrela, “lorpenak” gozatzeko aukera izaten da. Motibazio bat izan behar duzu afizio bati orduak eta orduak eskaintzeko.

Akatsak hautemateko edo diagnostikoa egiteko, intuizioan edo azterketetan oinarritzen zara?

Batzuetan intuizioari esker eta besteetan aztertuz egiten dut aurrera. Arazoa konplexua bada youtuberren bideoak xehetasun guztiekin ikustea lagungarri izaten da. Izan ere, arazoen balizko jatorriak azaltzen dituzte eta, batik bat, konpontzeko jorratutako bideak.

Youtube Interneteko Suitzako labana da, ez duzu uste? Izan ere, egitekoak asko errazten ditu. Denbora eta ustekabeak aurrezten ditu.

Eskertzekoa da bitartekoak, soluzioak… eskainiz horrenbeste denbora pasatzen duen jendea egotea. Beraientzako interesgarriak izan diren helbideen berri ere ematen dute.

Gomendatuko zenukeen influencerrik?

Asko. F1Joaquin, esaterako, oso webgune aberatsa da. Oficios, Tips y Mas ere oso gustuko dut, denetarikoak konpontzeko bitarteko eta konponbide sinpleak erabiltzen dituelako.

Kontuan izango ditugu. Zein da zure gremio gustukoena? Elektrizitatea, informatika, pintura…

Ez diot ezeri uko egiten. Gozamen hutsa da Leroy Merlin, Bricomart, Brico Dépôt eta abarretan begira eta bila aritzea, edozein arazo konpontzeko edo proiektu zehatz bat egiteko eskaintzen dituzten aukerak bisualizatzea.

Azkenaldian egindako bi lanen berri emango al zeniguke?

ALFA markako josteko makina oso zahar bat motorizatu dut eta berarentzako altzari eramangarri bat sortzen ari naiz. Garbigailu baten motorra aprobetxatzeko aukera anitzeko erreminta ere sortu nahian banabil.

Ekonomia zirkularraren aldekoa zarela esango nuke, gauzak berrerabili egiten dituzulako. Hala da, ezta?

Noski. Pertsonak ere erabili eta bota egiten diren garai honetan, ez dut ulertzen dena zakarretara botatzea, baita ongi dagoena ere, soilik denbora edo erabilera kostua aintzat hartuz, bestelako azterketarik egin gabe. Hori bai, gero erosketa berriak diru berdearekin finantzatu ditugula esango dugu harro.

Kar, kar, kar… zer gehituko zenuke, Gorka?

Gauzak bota aurretik bi aldiz pentsatu behar dugu. Ziurrenera bigarren bizitza bat izan ahalko dute eta, hala izanez gero, gustatu egingo zaigu eta afizio bilakatuko dugu.

Mintzapodcast

Mintza Taldearen Podcasta

Zentro Korporatiboko Mintza Taldeak sortutako podcasta duzue hau. Bertan, gure arteko hainbat bitxikeria eta jakingarri kontatu dizkizuegu, atalez atal. Irribarrea eta harridura batera sortzea da gure helburua. Gozatu hiru minutu hauek.

Bazenekien…?

Bazenekien gure kooperatibak etorkinen integraziorako garrantzitsuak izan zirela?

1950 eta 1975 artean etorkin asko jaso zituen Euskal Autonomi Erkidegoak, Debagoiena bezalako eskualde industrialetan, bereziki. Pertsona horiek Gaztela eta Leonekoak, Extremadurakoak, Andaluziakoak eta Galiziakoak ziren nagusiki, ordena horretan.

Etorkinak landa guneetatik zetozen hango lanaren gogortasunak, lurraren errentagarritasun baxuak eta soldata txikiak bultzatuta. Eskulan beharra oso handia zen eta enpresek (gure kooperatibek ere) autobusak antolatzen zituzten, adibidez, Extremadurara, gazteak lanera ekartzeko. Enpresa industrialetan kualifikazio eskaseko lanpostu asko zegoen eta prestakuntza industrialik gabeko etorkin haiek erraz aurkitu zuten lana oinarrizko postuetan.

Arizmendiarrietak berak Eskola Profesionalean lanbide heziketako ikastaroak sustatu zituen etorkinei formazioa emateko. Halaber, kooperatibetako orduko arduradunek etorkinei euskara irakastea ere izan zuten helburu. Izan ere, hainbeste pertsona hain denbora gutxian etortzeak albo-ondorioak eragiten zituen.

Edonola ere, eta integrazioari dagokionez, azpimarratzekoa da Cooperativismo y Cohesión Social en mondragón liburuan (2004) Martín Calvo egileak dioena:

«Kooperatibek krisi ekonomikoei hobeto aurre egin izanak, enplegua mantenduz eta sortuz, eta beste enpresa batzuek baino lanean segurtasun handiagoa eskaini izanaren bermeak, maila handiagoko gizarteratzea dakar».

Hau da, etorkinarentzat (ere) ez da gauza bera bazkide izan kooperatiba batean edo soldatapeko izan kooperatiba ez den enpresa batean.

Bazenekien…?

Orain TU Lankide %100 euskaraz irakurtzeko aukera duzu. Berritasun gehiago ere baditu aldizkariak: diseinua, edukiak, formatua, hizkuntzak…

Hementxe ikusgai: TU lankide 625

Bazenekien…?

MONDRAGON Fundazioak MONDRAGONeko kooperatiba kideen esfortzuari esker garatzen du bere jarduera; kooperatibek emaitzen zati bat Fundaziora bideratzen dute. Fundazioak 25 urte baino gehiagoko historian 510 milioi euro baino gehiago kudeatu ditu. Zertan? Hezkuntzan, jarduera berrietan, berrikuntzan, ekimen soziokulturaletan eta negozioei laguntzetan.

biñeta
Atsotitza

Zaindu ezak/n etxea, zainduko hau etxeak.

izaera demokratikoa

Landare kooperatiboak

Enpresa kooperatiboek eta elkarte gastronomiko edo soziedadeek badituzte ezaugarri komunak. Horiek aipatzen dizkiet Arrasateko Amaika Gazte soziedadera afaltzera eramaten ditudan kanpoko bisitei. Hiru ezaugarri nabarmentzen ditut, bereziki.

Batetik, izaera demokratikoa. Erabaki nagusienak Batzar Nagusian hartzen dituzte bazkideek batean zein bestean. Soziedadeko egitura, jakina, sinpleagoa da. Organo bi soilik izan ohi ditu: Batzar Nagusia (urtero elkartzen da) eta, ohiko kudeaketarako, Zuzendaritza Batzordea (hilero biltzen da).

Bestetik, erakunde autogestionatuak dira biak. Kideen esku dago kooperatibaren zein soziedadearen kudeaketa.

Azkenik, jabetza ulertzeko modu bera dute soziedadeek eta kooperatibek. Kasu bietan, bazkide izateari uzterakoan ez da jasotzen erakundearen balioaren zati proportzionala. Kooperatibari dagokionez, kapitala hartzen da; eta soziedadeari dagokionez, elkartearen arabera, edo ezer ez edo arauetan ezarritako diru kopurua. Hau da, bazkide gara, jabe gara, erakundea erabiltzeko, baina ez, esate baterako, erakundea saldu eta (neurri batean) aberasteko.

Eta ondokoaz amaitu ohi dut: Euskadin lehengo elkartea 1843an sortu zen (La Fraternal, Donostian) eta lehenengo kooperatiba 1884. urtean (Sociedad Cooperativa de Obreros de Barakaldo; kontsumo kooperatiba); hau da, lur berean, XIX. mendean, landare kooperatibo bi sortu ziren, bata aisialdikoa eta bestea enpresariala.

Zorionak lankideok!

Azken hiruhileko honetan urteak bete dituzuelako. Segi ba horrela, formal - formal, urtero betetzen. Eta banan banan e?

Iñigo Albizuri, Eduardo Beltran de Nanclares, Ander Etxeberria, Zigor Ezpeleta, Amaia Fernandez, Amaia Ferro, Sara Galino, Itziar Gaztañaga, Irune Idigoras, Michel Iñigo, Amaia Isazelaia, Itziar Ayerbe, Kepa Juaristi, German Lorenzo, Juan Andres Joaristi, Carolina Mejia, Amaia Ramos, Patxi Saez de Viteri, Javi Santos eta Iñigo Iñurrategi.