UDA | 2022

udaON!

Suaren indarra inoiz baino gertuago dugu. Bero da. Sugeak eta muskerrak nola mendian, hala dira gorputz gorrituak hondartza eta igerilekuan.

Indarberritzeko garaia da: fruta eta berdura bezain garrantzitsuak dira irribarreak eta igurtziak, eta, nola ez, agurrak. Bestela, udazkenean bekain artea oso zimurtua agertuko da.

a ze parea!

Belen eta Mari Karmen… bidaiari ekiteko prest!

Belen Kortabarria eta Mari Karmen Urrutia badoaz, erretiroa hartuta, hurrenez hurren, 61 eta 62 urterekin. Eta KONTARIk, aitzakia horrekin, solasaldia egin du biekin, modu teknologikoan gainera, podcast erara. Makina urte eman dute elkarrekin lanean eta bukaera ere batera egitea erabaki dute, Thelma and Louise izango balira bezala, bidaia berrian abiatzeko. Agur bazkari ederra egin genuen eta mondragondarrak bertsolari bilakatuta, kantari ere aritu ginen, beherago daukazun bideoan.

Balorazioa

Belen "Oso gustura egon naiz 15 urte hauetan Korporazioan. Jende mordo batekin harremanak izateko aukera eskaini dit lanak eta oso aberatsa izan da. Balantze orokorra oso positiboa da".

Mari Karmen "Urte batzuk oso gogorrak izan diren arren, orokorrean oso gustura egon naiz. Zentro korporatiboko jendearekin eta kooperatiba guztiekin eduki dugun tratua bikaina izan da".

Une gozoak

Belen "38 urte eman ditut lanean eta momentu gehienetan oso gustura egon naiz. Azken urte hauek oso gozoak izan dira!"

Mari Karmen "Sentsazio positiboez pentsatzean jendearekin gogoratzen naiz, bidean ezagutu ditudan pertsona onekin, bai profesionalki eta baita pertsona gisara ere ".

Emozioak

Belen "Pozik nago. Orain, lasaitasuna eta oinarrizko gauzak egiteko astia izango ditut, nire burua zaindu edo familiari denbora gehiago eskaintzeko. Bestetik, tristura puntua ere badut, laneko pertsonekin harremanak eten egingo direlako".

Mari Karmen "Poz-pena kontraste horrekin nabil ni ere".

Planak

Mari Karmen "Uztaila eta abuztuan deskantsatu. Eta irailetik aurrera aktibitate fisiko mentala, pilates, yoga, meditazioa, mendi ibilbideak, bidaiak…"

Belen "Gauza batzuk ziur egingo ditut. Esate baterako, euskara ondo ikasi behar dut eta, horretarako, non edo non izena emango dut. Bidaia batzuk ere egingo ditut Joakinekin, urte t´erdi bada erretiratu zenetik eta zain daukat ".

Oharra: Podcast osoa entzun nahi izanez gero (gomendagarria!!):

mondragon koop. e.

Batzar Nagusia 2022

Ekainaren 16an egin genuen Otaloran, formato presentzialean berriz ere. Belen lehendakariaren azkena izan zen, eta bere ordezkoa ezagutu genuen: Olatz Imaz. Jarraian esandakoak, labur labur.

97 pertsona deituta, bertaratuak (46) eta ordezkatutakoen (15) artean 61 pertsona. Por zierto, alta batzuk izan ditugu kooperatiban (Patxi, Michel eta Corolina, zorionak!!!) eta baja batzuk (Aintzane Garcia, Fernando Fernández de Landa eta Juan Luis Isasmendi).

Errektore Kontseiluaren gestioari dagokionez, hiru gaietan emandako aurrerapausoak azpimarratu ziren: genero-berdintasunean, compliance penalean eta euskara planean. Eta kontuak onartu ziren. Interesak %4,5ekoak eta itzulkinak %13,90koak izan dira. Ordainketak ekainaren 15ean eta abenduaren 15ean egingo dira.

Halaber, Iñigo Ucinek iazko bilakaeraren (positiboa izan zen) eta aurtengo lehen lau hilabetekoen berri eman zigun. Nahiko ondo ari garela esan zigun, ziurgabetasun guztiak kontuan hartuta, baina erne ibili beharko omen dugu bigarren seihilekoan, "mundua nahiko aldrebestuta dago-eta!".

Poz-triste noa”

Eta bukatzeko, Belenen hitzak azpimarratu behar dira. "Sentimendu kontrajarriak dauzkat, pozik noa baina baita tristura puntuarekin ere, inguruan izan ditudan pertsona askorekin harremana eten egin beharko dudalako. Hemengo kolektiboa izugarria da. Mila esker zuen kolaborazioagatik eta eroso sentiarazi nauzuelako zuen artean. Eta esker on berezi bat Mari Karmen Urrutiarentzat, nerekin batera erretiratuko dena. Zorterik onena danontzat!"

Amerikarrak geurean!

MONDRAGON laster The New Yorker Magazinean

The New Yorker Magazine izan dugu MONDRAGONen apirila amaieran. Ez da nolanahiko aldizkaria: 1925ean sortu zen errebista honek sei aldiz irabazi du Pulitzer saria; paperezko edizioak 6 milioi irakurle ditu eta digitalak 16 milioi.

Nick Romeo kazetariak 2021eko apirilaren amaieran eskatu zigun MONDRAGONera etortzea. Konkretuki, bere asmoa zen MONDRAGONeko Esperientzia Kooperatiboari buruzko bi idazki egitea: batetik, artikulu bat aldizkari horretarako eta, bestetik, idazten ari den liburu batentzako kapitulu bat. Bost egun inguru egingo zituen gure artean.

Hasierako kontaktuetan definitu genuen bisita-programak izan behar zituen osagaiak. Programa berezia diseinatu genuen ondokoak ezagutzeko, besteak beste:

  • Kooperatiba industrialak: Danobat, Fagor Automation, Mondragon Assembly.
  • Ikerlan ikerketa kooperatiba.
  • Hezkuntza: Mondragon Unibertsitatea, Arizmendi ikastola eta bere sistema pedagogikoa.
  • Lagun Aro babes soziala.
  • Gure Iñigo Ucin, Iñigo Albizuri, Javier Marcos.
  • Arrasateko alkatea.
  • Alberto Gorroñogoitia lehendakariordea.
  • Herriko enpresa ez kooperatibo bat: JMA.
  • MONDRAGONen ez dagoena baina antzerako kultura duen Goiena kooperatiba.
  • MONDRAGON ezagutzera etorritako bisitariekin izatea.
  • Fagor Etxetresnaelektrikoak kooperatiba erori eta birkokatutako bazkide bat.
  • Kooperatibetan lan egiten ez duten herritarrak.
  • Bazkide aktibo eta erretiratuak.
  • Kooperatiba bateko Zuzendaritza Kontseiluaren edo Kontseilu Sozialaren bilera batean presente egotea.
  • Elkarte gastronomiko bat (afaria).
  • Ostiral arratsaldeko txikiteoa…

Zerrenda aberatsa, dudarik gabe. Hala ere, gehiago nahi zuen Nick Romeok: presente egon nahi zuen bazkideek erabakiak hartzen zituzten eztabaida beroetan. Batzar Nagusia zertan den azaldu genion, argituz organo horren aurreko bilera informatiboetan izaten direla bereziki galdera-erantzunak, eta horiek ere normalean ez direla “beroak” izaten.

Bestelako ideia zuen kooperatibekiko Nick Romeok eta, istorio erakargarri baten faltan edo, hilabete batzuetan hona etortzeko plana etenda geratu zen.

Urte hasieran, harremana berrekin genuen eta erronka bota genion: «Ohiko artikulu bat idatzi beharrean, zeinetan kooperatibistak aparteko pertsonak bezala (izaera, kultura, orografia) agertzen baitiren, pertsona normalek egindako beste mota bateko enpresa bat bezala azaldu ahal duzu». Eta ondokoa gehitu genion: «Begira, etorriko zara ostiral arratsaldean gure lagunekin poteora eta, hotelera bueltatzeko orduan, galdetzen badizugu lagunen artean zein den kooperatiba bateko bazkide eta zein ez, ez duzu asmatuko». Handik gutxira erantzun zigun: «Banoa».

Astelehen eguerditik larunbat eguerdira arte izan zen gurekin. Programa guztia bete genuen eta gainera Alberto Gorroñogoitiak Arrasateko alde zaharrean hasierako urteez loturiko bisita gidatua egin zion.

Esan zigunez, inpresio oso positiboa eragin zion MONDRAGONek. Ikusi behar artikuluak zer dioen. «Few months» barru jakingo dugu!

Amerikarrak MONDRAGONen

Ez dakit zer pasatzen den azken aldi hontan… jendea hasi dela MONDRAGONera etortzen sarritan. Argi dago pandemia osteko garai honetan berraktibatu egin direla mundu mailako mugimenduak.

MONDRAGONen ere igarri dugu eta gure Ander zoruen pare ari da, orain brasildarrak atenditzen, gero Kosta Rikakoak eta hurrengoan amerikarrak. Por zierto, amerikarrak aipatzen hasita, ez dakit ba zer sukar klase sartu zaien. Iaz New York Times egunkarian erreportajea argitaratu zuen Peter Goodman kazetariak; eta aurten beste bi kazetari amerikar izan dira gure artean MONDRAGONi buruzko informazioa jasotzen: Nick Romeo (The New Yorker magazine) eta Jeannette Neumann (Bloomberg News). Hurrengo asteetan argitara emango dute beren lanak. Hori gutxi balitz, Noam Chomsky linguista amerikar ospetsuak "El Pais" egunkarian MONDRAGONi buruzko laudorioak bota zituen, esanez "akatsak izan ditzake, baina konglomeratu arrakastatsua da, eta bere oinarria da komunitate bateko partaideak beren gestioaz arduratu behar direla". Terence Martin, gure "amerikarra" ere Otaloran dago egun hauetan. Terence orain dela ia 20 urte etorri zen lehenengo aldiz geurera tesis doktoral baten aitzakian, eta gurekin maitemindu zen, eta ordutik ia urtero etortzen zaigu bisitan.

Duela urte batzuk Korearrek izan zuten MNDRGNekiko maitemina, eta orain amerikarrak itsasoa zeharkatzen hasita daude kooperatiben berri izateko.

egoitza berria

Garaian aterrizajea eginda!

Honez gero instalatuta gaude, ederto gainera. Dagoeneko pasatu dira ia bi hilabete –bai, bai, bi hilabete!!– hemen gaudela eta egia esateko, primeran gaude. Apirilaren 25ean etorri ginen (egun seinalatuan, Jon Zuazabeitiaren agendan behinik behin, Klabelinen iraultza izan zen Portugalen eta!) eta honez gero ohitu gara leku berrira. Egia da aparkatzeko leku bila ibili behar izaten dugula, eta justu hemen aurrealdean lanak hasi direla (errotonda berria egiten ari dira), baina txikikeri horiek kenduta, ederto!! Ei, txalo bero bat danontzat, trasladoa ondo gauzatu dugulako, eta txalo berezi bat Javi Santos, Molins eta Caballerori.

Lehengo lekuan ere, lanak hasi dira. Urte t´erdian luzatzen badira 2024ko hasieran berriz ere Olandixora joango gara!!

Mintza Taldetik, idazlan beltza

Hilketa MONDRAGON Zentro Korporatiboan

1. ATALA
 Mariela desagertu da

Aste Santuko oporretatik bueltako lehen eguna zen. Iritsi nintzenean Garaiako atean zain zegoen Aitor. Aurpegi urduria zeukan. Aitor gure lankide Marielaren senarra da. Marielaz galdetu zidan berehala.

- Ez al da bainuetxetik itzuli? –erantzun nion harrituta bezala.

- Atzo gauean iritsiko zela idatzi zidan, baina ez zen etorri. Okerrena pentsatzen ari naiz.

- Lasai gizona! Zerbait gertatu izan balitzaio jakingo genuen.

- Oso kezkatuta nago. Berak bidalitako mezuak ez direla bereak ere pentsatzera iritsi naiz.

- Zer esaten ari zara? Nola ez dira ba bereak izango?

- Ez dakit, ez dakit. “Igande gauean hor izango nauzu, laztana” idatzi zidan. Inoiz ez dit “laztana” deitu. Eta gainera euskaraz! Nik ez dakit euskaraz.

Kafe-makinara eraman nuen Aitor, lasaitzeko asmoz. Bertan geundela MONDRAGONeko gainerako langileak iristen hasi ziren. Aitor han zegoela eta, harridura aurpegia jartzen zuten denek. Banan-banan denek jakin zuten Marielaren desagerpenaren berri. Amaia azkenetakoa iritsi zen, 9:00etarako bi minutu falta zirela. Berari ere berehala kontatu zioten gertatutakoa. Ez zion garrantzi berezirik eman eta eguneroko lanetan hasi zen.

Nik Aitor lasaitzen jarraitzen nuen kafe-makinaren ondoan. Bat-batean, Amaiaren oihua entzun genuen, negar eta irrintziaren arteko oihua zen. Kutxa gotorra gordetzen dugun gelatik zetorren. “Mariela da!” egin zuen oihu. Lankideak eta Aitor bera ere kutxa gotorraren gelara joan ginen. Halaxe zen. Kutxa gotorra irekita zeukan eta barnean zegoen Marielaren gorpua.

2. ATALA
 Nork hil du Mariela?

Egun zaila zetorren berez eta Marielaren hilketak eta Ertzaintzaren presentziak are gehiago zaildu zuen eguna. Obrak zirela eta, LK3ko bulegoetatik Garaiara mugitu berriak ginen. Ertzainek galdeketa ugari egin zituzten lankideen artean. Belenekin ere bi ordu luze egin zuten bere bulegoan.

- Hemengo berri ongien Edurnek azalduko dizue –esaten zien behin eta berriz Belenek.

Belenekin egon eta gero Luis eta Pepelurekin egon ziren. Izan ere, eurak ziren obraren arduradunak eta, beraz, kutxa gotorra LK3tik Garaiara mugitzeko agindua eman zutenak. Egun osoko galdeketa egin zieten, baina aske utzi zituzten azkenean.

Ikerketaren arabera, kutxa gotorrean paper ugari falta ziren. LK3ko eta Garaiako bulegoetako berri erakutsi nien ertzainei. Horri esker Laboral Kutxako kontainerra aztertu ahal izan zuten eta ikerketarako informazio garrantzitsua aurkitu zuten. Kontainerrean papera suntsitzen zen, baina paper pilaketak blokeatu eta dokumentu asko desegin gabe geratu ziren. Horien artean ziren kutxa gotorrean falta ziren batzuk. Dokumentu horietan hainbat komisio ilegalen inguruko informazioa zegoen. Eli eta Sararen delituzko jokabidea erakusten zuten. Gainera, laborategitik igaro ondoren, dokumentu horietan Marielaren hatz markak zeudela konturatu ziren. Marielak komisio ilegalen berri ote zeukan ba? Dokumentu horiek eskuetan erabili zituela garbi zegoen eta horrek Eli eta Sara bere hilketaren susmagarri bihurtzen zituen. Atxilotu egin zituzten. Hala ere, egun gutxira jakin genuen Eli eta Sara ez zirela hilketaren susmagarriak. Preso jarraitu zuten, baina, komisio ilegalengatik soilik.

Ertzainak berriz etorri ziren Garaiara. Irantzuri galdeketa egin nahi zioten. Oporretan zehar Marielaren mugikorraren mugimenduek eta Irantzurenek bat egiten zuten hainbat egunetan. Hala ere, galdeketan bertan ziurtatu zuten Irantzuk zerbait larria ezkutatzen zuela.

- Kasualitate hutsa da Marielaren mugikorra eta ni toki berberetan ibiltzea. Hiri berberekoak gara, agian, bere inguruko besteren batek idatziko zituen Telegrameko mezuak –erantzuten zien behin eta berriro Irantzuk ertzainei.

Hanka sartu zuen Irantzuk. Ez Aitorrek, ez ertzainek ez zioten inori esan mezuak Telegram bidez bidali zituztenik.

Benetan zer gertatu den jakin nahi baduzue, hurrengo Kontari argitaratu arte itxaron beharko duzue…

Egilea: MONDRAGON Zentro Korporatiboko Mintza Taldea

Nerea Errasti, eztei bidaian

Nerea Errastiren eztei bidaiaren argazki kronika

Eztei bidaian joan zaigu Nerea Errasti. Sri Lanka eta Maldivetan gozo ibili da izpiritualtasuna landu eta landu. Eguzkia, itsasoa eta bertan egindako lagun berriak lagun, barruko eta kanpoko edertasuna elikatu du. Berdetik ere badu, ordea, eta bildutako tea lankideen artean zabaltzeko eskatu beharko diogu. Eta, nork daki. Inork kiwi-a Euskal Herrian landatzea lortu bazuen, zergatik ez tea Aretxabaletako lurretan? Berak kontatuko digu.

BAZENEKIEN…?

Ba al dakizu Mondragoneko Esperientzia Kooperatiboa Euskal Herrian nola hedatu zen?

Arizmendiarrietak bultzatuta lehen kooperatibak sortu (lehen enpresa 1956an, Ulgor) eta urte gutxira arrakastatsuak ziren ekonomikoki. Ondorioz, lan elkartuko kooperatiba hauek oihartzuna izan zuten (eta jarraitzen dute izaten) Euskal Herrian eta mundu osoan.

Handik eta hemendik ekintzaileak hurbiltzen hasi ziren Arrasatera. Horrelako enpresak sortzen edo abian jartzen zituen kooperatiba Taldera batu nahi zuten. Ulgorreko sortzaileek eta Arizmendiarrietak lagundu egin zieten: hara eta hona joan ziren Ulgor-eko kooperatiba eredua azaltzera. Era berean, Laboral Kutxak bulegoak zabaltzen zituen herrietan kooperatibismoa sustatzen zuen.

Adibidez, Markinako abadea zen Julian Olazabalagak, 1959tik aurrera, Arizmendiarrieta eta Lankide Aurrezki Kutxarekin (Laboral Kutxa gaur) elkarlanean, besteak beste, La Marquinesa kontsumo kooperatiba (Eroskiren partaide izango zena), Miba nekazal kooperatiba eta Cikautxo kooperatiba industriala eratu zituen. Ekintzailetza oparoa gauzatu zuen Lea Artibai eskualdean.

1972an, berriz, Lizarrako Agni enpresan izandako krisiaren ondorioz, bertako zazpi langilek kooperatiba bat sortzea erabaki zuten. Horretarako, Arrasatera etorri ziren eta, Taldearen laguntzarekin, Embega sortu zuten Lizarran bertan.

Beste inguru askotan ere antzerako istorioak daude, hala nola Gernikan, Elgoibarren, Oñatin…

Mikel Alvarezen erretiroa

Ondo bizi, Mikel Alvarez!

Aurrekoan, maiatzaren 31n, Mikel Alvarezen agur bazkaria egin genuen Otaloran. Urte dezente eman ditu gure artean eta osasun arloan primerako ekarpenak egin dizkigu. Orain, batek daki zertan murgilduko den baina geldirik ez da egongo, hori seguru. Onena opa dizugu Mikel.

Por zierto, hementxe daukazue bazkarian kantatu zituen bertsoak –Sebastioan Lizasok egindakoak, "Nere sentimentua" doinua, eta zortziko txikian– agurra emateko asmoarekin. Bejoin deizula Mikel!

Zumaian hartu nuen
lehengo arnasa
naiz ta urte gehienak
bizkaitartuz pasa
Osakidetza nuen
lehenengo lan plaza
geroztik izan ditut
mila anabasa

Osasungintzarekin
zer debozioa
lan lekuz aldatzeko
nik tentazioa
barrendik bizitzea
nere desioa
mondragon deitzen zaion
korporazioa

Arizmendiarrietak
bideari heldu
koperatibagintza
askoren zimendu
lortutako emaitza
lekuko hor degu
gure filosofia
ta bizi eredu

Lekurik utzi gabe
iñoiz damuari
hemen igaro ditut
urte on ugari
garaia (e)tortzen zaio
jende helduari
denbora eskeintzeko
bere buruari

Hainbeste etxeko lan
geroko utziak
nere afizioak
eta gutiziak
mendi asko urrundik
ditut ikusiak
orain igoko ditut
ahal diran guziak

Despedida dijoa
sei bertso hauekin
lanetik jubilatu
bizitzari ekin
mila esker denori
begi bustiekin
inoiz beharrik bada
kontatu nirekin

Euskararen mapa gurean

Bikaintasunean gaude gure barruko batzar nagusiko eta hitzaldi informatiboko erabilerari dagokionez: %90 baino gehiagoko erabilera eta, azken urteetan errepikatzearen ondorioz, egonkortze bidean.

Gure bulegoetako erabilera Arrasatekoa baino 14 puntu altuagoa da: %46koa. Leialtasunean sakonduz hobetzen jarraitzeko aukera dugu aurten Euskaraldiak horretarako eskainiko digun aukerarekin.

Hobetzeko tarte zabalagoak sail ezberdinek antolatutako foroetan ditugu, eredugarritasuna landuz eta ezagutza handitu izana aprobetxatuz, euskarak dagokion lekua izateko.

komikia Aparkaleku bila
Atsotitza

San Juan, nekez etorri ta azkar joan

Zorionak lankideok!!

Azken hiruhileko honetan (apirila-ekaina) urteak bete dituzuelako. Segi ba horrela, formal-formal, urtero betetzen. Eta banan banan e?

Zigor Ezpeleta, Iñigo Albizuri, Michel Iñigo, Ander Etxeberria, Amaia Ramos, Eduardo Beltrán de Nanclares, Carolina Mejía, Patxi Sáenz de Viteri, Juan Andrés Joaristi, Itziar Gaztañaga, Amaia Fernández, Belen Kortabarria, Sara Galino, Javier Santos, Iñigo Iñurrategi eta Irune Idigoras.