Aurkibidea
negua ı 2025

neguON!

Sarrera

neguON!

Txoriak zuhaitz zuloetan eta sugeak arroka azpietan, basoak isilik dira. Ezkutaketen jolasean, pausoak arin eman behar dira. Hontza, ezker-eskuin, begira ari da. Euri urak hazita, amuarrainak errekan gora dantzan dabiltza. Zuhaitzak ere burusoilduta, goroldioaren berdea zoragarri da. Gure gorputzak ere deskantsu bila, sutondoa eta liburuak sekula baino garrantzitsuago dira. Berrindartzeko garaietan, gehiegikeriak soberan dira.

biñeta

Luis Molins

Sukaldaritzako ikastaroren bat egin nahiko nuke”

Pozik hartuko du erretiroa Luis Molinsek, pozik aritu baita gaur arte lanean. Egingo duen lehen gauza mugikorreko iratzargailua isiltzea izango da. Baditu bestelako asmoak ere aurrera begira: Kolonbiara eta Erromara bidaiatzea, sukaldaritzako ikastaroren bat egitea eta bilobekin egotea, besteak beste.

Ia 39 urte egin ditu lanean MONDRAGONen eta denbora horretan guztian inguruan izan duen lan giroa nabarmendu du. “Jendeak lanpostua gustatzen zaion ala ez hausnartzen du. Gehiago begiratu beharko genioke lanaren bueltako giroari. Nire kasuan, Fagorren lanean hasi nintzenetik orain arte, perfektua izan da, ondokoek beti lagundu naute eta ez dut arazorik izan lankideekin”.

Egitekoari dagokionez, formazio arduradun bezala hasi zen lanean Fagor Taldeko bulego orokorretan. Garai haietan ordenagailu bakarra zuten bulego orokorretan, eta bi departamenduren artean partekatu behar izaten zuten. Molinsek, orduan, ordenagailuak baino boligrafoak eta orriak izaten zituen lanabes, ikastaroetako deialdiak egiteko, parte hartzeak aztertzeko…

Fagor Taldeko bulego orokorretatik Dibe dibisioko ingeniaritza ataleko ekipamendu-ondasunen sailera joan zen lanera eta, handik, MONDRAGONeko bulego zentraletara, 1992. urtean. Finantza alorreko lanketak egiten hasi zen lanean, Cobol teknologiarekin. Fax-aren eta posta elektronikoaren arteko trantsizioa egin behar izan zuen. Aitortu duenez, erabiltzaileekin malgua izatea arrakastarako gakoa izan da.

Mugikorren zabalkundearekin ere aldaketa ugari egin behar izan ditu. Gogoan du zentro korporatiboko idazkari tekniko Jose Ignazio Garatek bere agenda guztia mugikorrean izan nahi zuela esan zion eguna. Eskaera hark izugarrizko iraultza ekarri zuen MONDRAGONera. Oracletik Windows-era pasa behar izan zuten dena Garateren eskaera betetzeko. Gero hala egiten hasi ziren gainerako kooperatibak ere. Izan ere, Molinsen hitzetan, “gauzak probatuz ikasteko aukera izan dugu zentro korporatiboan. Hemen probatu eta gero, balio duena, kooperatibetan zabaldu dugu, produktibitatea indartzeko helburuarekin”.

Gauzarik sinpleena dirudienak lan asko du atzean eta Molins MONDRAGONeko eraldaketa teknologikoaren parte izan da orain artean. Molinsen esanetan, eraikitako guztia desagertzera doanean hartuko du erretiroa. “Bill Gatesek dioenez, mugikorrak desagertu egingo dira eta guztiok tatuaje adimendunak izango ditugu”.

Mendizaletasuna bizitzeko hiru modu: Atano, Irune eta Iñurra

Mendia pasioz bizi dute hirurek; bakoitzak bere erara. Euskal Herriko mendietan ibiltzen dira, baina baita Pirinioetan, Picos de Europan eta Alpeetan ere. Zergatik joaten ote dira mendira? Zeren bila? Menditerapia apur bat behar baduzu, entzun beraien tertulia.

Ez dute den-dena kontatu nahi izan, hala ere…

Iñurra Suitzako Alpeetan ibili zen iaz, Interlaken inguruan. Transpirenaica ia osoa kateatu duen mendizalea da Iñurra. Gazte sasoian Tourmaletera bizikletaz egun berean bi aldiz ere igota dago, behin gutxitxo iritzita. Boliviako altiplanoa ere ezagutu zuen Iñurrategik: abizenean dauka pedigria.

Irunek Andeetako Patagoniako mendiak (Chalten, Fitz Roy) eta Kanarietako La Palmako mendiak ere ezagutzen ditu, eta GR-11 Pirinietako ia zeharkaldi osoa egin zuen, Iñurrak egin zuen bezala. Familiarekin gozatzen du orain mendia, eta urte osoan dabil mendian. Noiznahi igotzen da Buetraitzera.

Atano da hiruretan eskarmenturik handikoena, adina lagun. Argi txakurrarekin ibiltzea du gustuko, perretxikotan eta abar. Ondo ezagutzen ditu Pirinioetako txokoak. Elurra izugarri gustatzen zaio, eta asko gozatu izan du eskiatzen. Lagun arteko apustuak egin eta irabazitakoa ere bada Atano: lehiakorra.

MONDRAGON izena itzal handikoa da eta batetik bestera dirdiratsu ageri da. Gimnasioan berotze lanetan, oinez batetik bestera edo maldan gora eta behera korrika, izerditan blai ageri da. Ongi dakigun bezala, emaitzarik hoberenak lortzeko, lan egin behar da.

Alba San Gil, Otalorako sukaldaria

Hemen sukaldaritzaren gailurrean sentitzen naiz”

Kanarietan jaio zen, 36 urte ditu, eta pasioz bizi du sukaldaritza. Bere amona kanariarren sukaldeko lapiko artean hazi zen txikitan, eta hortik datorkio sukaldaritzarako bokazioa. Ostalaritza ikasi zuen Madrilen eta, hainbat lekutan lan egin ondoren, Arrasatera iritsi zen lanera, eta ondoren Otalorako sukaldera, Ausolan-en eskutik.

Arrasaten bizi da, eta euskara ikasten ari da AEKn. Ilusioa nabari zaio irribarrean. La Gomera uhartea bisitatzea gomendatu digu, besteak beste hango jaki tipikoak probatzeko eta silbo gomero hizkuntza berezia ezagutzeko.

Nolatan iritsi zinen Kanarietatik Otalorako sukaldera?

Nire lau aiton-amonak eta arbaso guztiak Kanariarrak dira, La Gomerakoak, eta handik datorkit sukaldaritzarako maitasuna. Nire gurasoek nik beste zerbait ikastea nahi zuten, baina argi neukan eta eta Madrilera joan nintzen sukaldaritza ikastera. Madril eta Kanarietako taberna, jatetxe eta hoteletan lan egin ondoren, Arrasateko ostalaritza pribatuan lan egiteko aukera suertatu zitzaidan, eta Arrasatera etorri nintzen. Nik banituen lagunak Euskal Herrian, eta nire bikotekidea ere hemengoa da. Ondoren, MONDRAGONera Otalorara etortzeko aukera izan nuen, eta hemen nago.

Gustura al zabiltza Euskal Herrian?

Bai. Euskal Herritik gehien estimatzen dudana bertako jendea da: printzipioak dituen jendea da, eta hemen hitza bete egiten da. Hiru urte daramatzat hemen lanean, eta ostalaritzaren gailurrean sentitzen naiz. Beste leku askotan ibili naiz lanean, beti ostalaritzan, eta hau altxor txiki bat da, baldintzak onak dira eta sukaldaritzari prestigioa ematen zaio. Gainera, Aitor eminentzia bat da, eta asko ikasten dut berarekin eta lankideekin.

Zeintzuk dira zure zaletasunak?

Zinema eta antzerkia gustatzen zaizkit. Baina, batez ere, bidaiatzea dut gustuko. Munduko leku bat gomendatu beharko banizueke, La Gomera uhartea gomendatuko nizueke: Tenerife hegoaldetik ordu erdian itsasontzian iristen da, eta autentikoa da, oso puru dago oraindik.

Zer dauka berezia Kanariar uharteak?

Berezia da. Mendizalea bazara, Garajonayko parke nazionala eta laurisilva oihan bereziak dituzu. Kosta ere ederra da… Gastronomia ere itzela: ahuntz haragia saltsan, adibidez. Eta guantxe hizkuntza galdu bazen ere, silbo gomero bizirik dago oraindik: Gomerako bailaretan txistukatuz elkar komunikatzeko hizkuntza da Gomerako txistua, Unescok kultur ondare izendatua. Gomerako ikastetxeetan irakatsi egiten da, ez galtzeko.

Euskara ikasten ere ari zara. Zein da zure motibazioa?

Arrasaten bizi naiz, nire bikotekidea eta lagunak euskaldunak dira, eta euskaraz hitz egin nahi nuke eurekin, eta seme-alabak izango banitu, euskara eman nahiko nieke. Arrasateko AEKra joaten naiz astean bi egunetan, 3 orduz, eta Ausolanek ordaintzen dit matrikula. Orain A1 mailan nago, baina hiru urte barru lankideekin euskaraz egitea aurreikusten dut.

Otaloran egiten duzuen plateretatik zein hiru plater aipatuko zenituzke?

Edozein… Adibidez, zapoa, oreina eta txerri iberikoaren masailak. Kalitate handiko produktuak erabiltzen dira hemen.

Bitxikeriaren bat?

Iñigo Ucin egunero etortzen zen sukaldera, gu agurtzera, eta nik ez nekien presidentea zenik, besterik gabe langile jator bat zela uste nuen. Gerora jakin nuen eta harrituta geratu nintzen. Hemen sukaldarien eta jangelakoen arteko harremana oso gertukoa da, eta asko estimatzen dut hori. Balioa ematen zaigu; bagara nor.

Ignacio Varona

Profesionalki garatzeko aukera eskainiko dit MONDRAGONek”

Informazio Sistemetako arduradun berria da Ina Varona. Hiru hilabete eskas daramatza, eta Luis Molinsek izan dituen ardurak eta funtzioak hartu ditu Zentro Korporatiboan. MONDRAGONen lan egiteko aukera eskaini ziotenean, ez zuen minutu batez ere pentsatu, eta berehala eman zuen baiezkoa. Gustura dabil, eta lankideek egin dioten harrera beroarekin eskertuta dago.

Bere burua ondo definitzen duen hitz bat eskatu diogu Inari, eta “ura” esan du. Pertsona gardena eta moldagarria dirudi, bai, bihotz onekoa. Makinekin baino, pertsonekin dituen harremanak estimatzen dituela esan digu.

Donostiarra da, Realzale amorratua, eta Eibarren bizi da. Bidaiatzea gustatzen zaio, eta alabaren Karateko txapelketak ikustera joatea ere bai. Euskara ikasten ari da, eta Kontarirako elkarrizketa euskaraz egin nahi izan du, aukeran. Lankideei zer eskatzen dien ere galdetu diogu… Entzun podcasta, eta bertan aurkituko duzu erantzuna.

Ongi etorri, Ina, eta urte askotarako!

Laura Bolinaga

Egoera zaurgarrian diren pertsonekin zer egin pentsatu behar dugu”

Eraldaketa soziala, inklusioa... ardatz hartuta gure inguruan egoera zaurgarrian diren pertsona eta kolektiboei begirako zer edo zer sakona egitea, “bazkideak harro sentiaraziko lituzkeena”. Hori du buruan Laura Bolinagak eta horretarako hasi da lanean zentro korporatiboan. Jasangarritasunaren arduradun Ibon Anterok egindako elkarrizketan orain arteko ibilbidea eta aurrera begirako asmoak izan ditu hizpide Bolinagak.

Iban Garate

Konplizeak, Elia eta biok

Gogoan duzue lehenengo aldi hura? A zer nolako irribarretxoa atera zitzaizuen adimen artifizialarekin zereginen bat arinduko zenutela konturatu zinetenen hartan, ezta?

Bada, testuen idazketan buru-belarri aritzen garenontzat Elia da gure adiskide berria. Lagun ona da gainera, Zentro Korporatiboan hirueletan aritzen garelako eta Eliak euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez badakielako. Baina askoren artean Elia berezia bada, euskaraz dakielako da. Ezinbestean behar ditugu euskaraz ondo dakiten edo ‘ondo ikasi duten lagunak’, artifizialak izanagatik ere adimenez.

Egunero TU Lankiderako sortzen ditugun albisteetan, edo MONDRAGONen Komunikazio sailetik bidaltzen ditugun oharretan erabiltzen dugu Elia. Euskaraz idatzi ohi dugu jatorrian, eta itzultzeko eskatu. Baina argi ibili, ez baitu balio bere horretan artifizialki sortu denak, talentu natural eta berezkoaz ‘orraztu’ beharra dago testua. Gaur gaurkoz, ezin dugu Eliak emandako idatzi bat errepasatu gabe utzi. Hitz polisemikoen esanahiek, irudizko adieran erabiltzen diren esamoldeek edo esaldi luzeen egituratzeak arreta handiagoa eskatzen digu. Lana erraztu bai, baina guztiz ez digu kentzen oraindik. Esanahia ulertzen bada ere, MONDRAGONen bikainak izatea baita gure xede, edozein dela ere hizkuntza.

Gainontzean, Zentro Korporatiboan elkarrekiko harremanetarako ere tresna ederra da, euskarara jendea pixkanaka erakartzeko aparta. Nahikoa baliabide eskaintzen du Eliak mezua euskaraz bidali eta erdaldun batek uler dezan. Edo alderantziz, erderaz idatzi digutena, instant batean euskaraz izan dezagun.

Bide horretatik gainera, konplizitateak sor litezke. Espero ez zenuen lankide hark, euskaraz idatzi eta zugan pentsatu duela ikusita. Konturatzeke, adimen artifizialak irribarretxo hori atera dizu, berriz ere. 

Javi Santos

Modu kontzientean erabiltzekoa

Batez ere testuak eta mezu elektronikoak itzultzeko erabiltzen dut nire kasuan itzultzaile adimenduna. Niri errazagoa egiten zait gaztelaniaz idaztea eta Eliak laguntzen dit testu horiek euskarara eramaten. Eta ez testu txikiekin bakarrik. Irakurtzeko edo bidaltzeko dokumentu luzeak ditudanean, aplikazio hau ere lagungarri zait.

Beraz, eguneroko jardunerako erabilgarria zait, batez ere gurea bezalako ingurune elebidun batean. Niri denbora eta ahalegin asko aurrezten dit horrelako aplikazio bat izateak.

Epe ertainera, uste dut egunero erabiltzeko tresna izango dela, komunikazio elebidun arinagoa eta material eleaniztuna denbora errealean sortzeko aukera emango duelako.

Horretaz gain, euskara ikasteko eta hobetzeko ere erabili dezakegula uste dut. Horretarako, modu kontzientean erabili behar dugu. Hau da, ezin diogu eskatu itzulpenak sortzeko eta gero erantzunari arretarik ez jartzeko eta hartatik ez ikasteko.

Zaindu maite duzun hori…

abestu zigun Ruper Ordorikak. Eta urte amaierak aukera aparta izaten dira, maite ditugunei egindako oparitxoen bitartez, haiek eta gu ongi sentiarazteko. Baita ere bizitzaz hausnartu eta erronka berriak zehazteko.

Hala aitortu du Irantzuk: “ilusio handiz jaso dut aurtengo oparia: eguzkilore zintzilikarioa nire bi haurtxoen izenarekin”. Oiartz ere pozik da, kolonia goxo bat oparitan jaso ostean. Irunek erronka berriak ditu 2025erako, korri egiteko zapatilak agertu baitira bere etxean. Joseluk ere hala erabaki du: “igerilekura berriro joaten hastea, itsasoan arrantzan nabilenean hobeto egoteko”. Ilunabarrak ditu jomugan Michelek. Non ez dakigu, baina “ahalik eta iluntze gehien ikustea” du aurtengo helburu.

Anaitzek ere jaso du oparia, olentzerorentzako zapata jarri eta, gutxienez, beste parea agertu delako ondoan. “Aurtengoa zapata urtea izan da”, esan digu.

Jasangarritasunaren arduradun, inork baino hobeto daki helburuak orekatzearen garrantziaz. Horregatik, “bizitzan erritmo egokia hartzea” jarri dio bere buruari helburu Ibonek. Patxik ere ispilutik Iboni begiratu eta “lasaitasuna” eskatu dio 2025ari.

Allendek ere zaintza du buruan. Urte berriaren bueltan oparitan jasotako skin-care korearra lagungarri izango du horretarako. Baita ere 7.000 metroko altuera duen Aconcagura igotzeko egingo duen prestakuntza.

Ezagutza anitzekoa eta handikoa da Ainhoa eta landare usaintsuen eta sendabelarren haziak jaso ditu oparitan eta sendabelarren lorategi txikia martxan jartzea du pentsamenduan.

Eta hala dio kolore biziz margotutako paretak: zoriontsu egiten gaituen hori, maizago egin beharko genuke... Zaindu maite duzun hori.

ander etxeberria

Bazenekien Otalorak 40 urte bete dituela?

Caja Laboralak 1984ko azaroaren 29an inauguratu zuen Ikasbide izenarekin. Garai hartan Caja Laborala zen Mondragoneko Esperientzia Kooperatiboko bizkarrezurra. Bi urte behar izan zituen egoera oso kaskarrean zegoen Otalora dorretxe-jauregi-baserriari gaurko itxura emateko. Era berean, bertan bizi zen Eraña familiarentzat baserri bat eraiki zuen ehun metrotara.

Egun haietan ospatzen hari ziren kreditu kooperatibaren lehen mende laurdena. Gainera, azaroaren 29a egun seinalatua da gure kooperatibismoan: Arizmendiarrieta hil zeneko eguna da.

Inaugurazio saiora kooperatibetako arduradunak deitzeaz batera, pertsona berezi bi gonbidatu zituzten: Carlos Garaikoetxea lehendakaria eta Jose Antonio Ardanza Gipuzkoako ahaldun nagusia (Caja Laboraleko kooperatibista ohia). Handik hiru astera bihurtu zen Ardanza lehendakari. Baina hori beste historia bat da.

Ekitaldi hartan Garaikoetxeak esan zuena gogoangarria da: "Euskalerrian berrikuntza behar dugu eta garbi ikusten da zuek etorkizunari begira zaudetela". Gehitu zuen, gainera: "Ikasbiden gazteak bideratuaz, kooperatibei ez ezik herri guztiari laguntzen diozue".

Otalora hiru helbururekin sortu zen: formazio kooperatiboa, zuzendaritza formazioa eta mundu kooperatiboan euskararen sustapena (azken funtzio horrek kooperatiben esku izaten jarraitu bazuen ere).

Formazioari dagokionez, Otalora jaio zenean, Iñaki Gorroño Caja Laboraleko idazkariak idatzi zuen gurea ez dela Maradonak ekartzea kanpotik, baizik eta Zubieta edo Lezama lana egitea.

Berrogei urte pasatu dira eta Garaikoetxea eta Gorroñoren hitzak bizirik daude nahiz eta garai hartan Mondragon Taldean zeuden 25.000 kooperatibistetatik nekez aurkituko dugun gaur egun jardunean dagoenik. 

Atsotitza

Ez da erori gabe ikasten jaikitzen

Asmatu erantzun zuzena*


Zein kooperatiba da? (Argazkia)

  • Danobat
  • Batz
  • Fagor Ederlan

Non dago behi alde?

  • Aramaio
  • Otxandio
  • Barajuen

Non sortu du Coprecik azken filiala?

  • Egipto
  • Turkia
  • Maroko

Zein da MONDRAGONen sortu den azken kooperatiba?

  • Bihar-Homecare S. Coop.
  • Orbik Cybersecurity S. Coop.
  • Endity s. Coop.

Zein urtean sortu zen mondragon unibertsitatea?

  • 2000
  • 1997
  • 1975

Zein kooperatibarena da Columbus Outdoor marka?

  • Orbea S. Coop.
  • Dikar S. Coop.
  • Eroski S. Coop.

Gaztenpresa ekimenari esker zenbat enpresa sortu dira 2023an?

  • 486
  • 320
  • 151

Zenbat eurokoa da Eroskik aurten jaulki dituen bonuak?

  • 900 m €
  • 700 m €
  • 500 m €

MONDRAGONeko Kontseilu Orokorreko zenbatgarren lehendakaria da Pello Rodriguez?

  • Zortzigarrena
  • Hamargarrena
  • Bederatzigarrena

Zortzigarrena | Hamargarrena | Bederatzigarrena


Hieroglifikoa: zein da kooperatiba hau?

* Erantzun zuzenak, hurrengo Kontarin

Zorionak lankideok!

Urrian, azaroan, abenduan edo urtarrilean bete dituzuelako. Segi ba horrela, formal-formal, urtero betetzen. Eta banan-banan, e?

Agurtzane Garai, Iñigo Larrea, Ramon Gomez, Ainhoa Zeziaga, Julian Gallardo, Oiartz Arruebarrena, Oibar Elorza, Oskar Goitia, Maite Urgoiti, Jagoba Zabala, Maialen Gonzalez, Hector Olabegogeaskoetxea, Mirari Astigarraga, Iñaki Belaustegi, Joseba Bilbatua, Javier Marcos, Manu Ayerdi, Tere Marcos eta Alba San Gil.