Aurkibidea
negua ı 2024

neguON!

Sarrera

neguON!

Hotzak hil ditu xomorroak, prest utzi ditu gure lurrak. Euriak bete ditu errekak, ireki ditu izokinen bideak. Haizeak bota ditu usteldutako enborrak, pisua kenduz zabaldu ditu adar berrientzako aukera berriak. Gutariko bakoitzarentzako ere biziberritzeko egunak dira. Gorputza adi dugu bere defentsa mekanismoak noiz aktibatuko, eztul bakoitzarekin, nola indartuko. Eguzkia ate joka dugu eta etxetik ateratzeko desira handituz doa. Gaurko beharrak asetuta, bihar indartsuago izango gara. Garaian garaikoa.

AGURRA

Agurtzane Labaien

Oso pozik noa”

Bergarakua, 61 urte bete barik oraindik (abuztuaren 20an beteko ditu) eta aurre erretiroa hartzea erabaki du. Dagoeneko egunak kontatzen dabil eta emozioen dantza galanta daukala adierazi dio Kontariri.

1987an hasi zen mundu kooperatiboan, Txurtxill Bergarako kooperatiban eta orain Korporazioan bukatu du bere ibilbide profesionala, beti idazkaritza kontuetan murgilduta. Solasean aritu gara berarekin, lan esperientziaz, sentipenaz eta etorkizunerako planetaz.

Agurtzane, zer sentsazio edo?

Oso sentsazio arraroa da eta urduritasun puntu bat dauka; hainbeste urtetan lanera etorri beharra eta egun osoa etxetik kanpo pasatu izana eta hemendik Aurrera, bapatean, egun osoa zuretzat izatea….. ba alde batetik POZ HANDIA sentitzen dut, nahi dudana egiteko aukera izango dudalako, urte askotan ezin izan ditudanak egin, eta bestetik PENA, hainbeste urteetan nire bidai lagun izan diren pertsonak hemendik aurrera ez ditudala asko ikusiko jakiteak, ba GOGORRA egiten da.

Baina pozik zoaz!

Bai, oso pozik! Bizitzan momentu bat ailegatzen da nekatuta sentitzen zarela eta gazteei bidea utzi behar eta erretiroarekin pentsatzen hasten zara; zuretako denbora behar duzula ikusten duzu; urrun ikusten duzu egun hori, baina denbora konturatu gabe pasatzen da eta azkenean DIDA batean, ailegatu da. Gainera azken urte ta erdian senarra ere erretiratuta dago eta hura ikusita, inbidia gehiago izan dut. Baina azkenean iritsi da eta esan dizudan bezala, pizka bat urdurik baina osssssso pozik!

Planik?

Ba planak asko, baina momentua iritsi arte ez naiz kontziente izango denbora guztia niretzat izango dudala. (…)

Zertan emango ote du? Ahots horrekin, kantuan hasiko ote da? Bidaiatzen akaso? Ibilaldiak egiten? Dantzan? Makramen? Horiek eta askoz gehiago podcastean daukazue. Eman play-ri! A! Hori bai, eskerrak eman nahi izan dizkigu, “oso jatorrak izan zaretelako; asko gogoratuko naiz zuekin aurrerantzean ere!”.

AGURRA

Amaia Ramos, ATEGIrako bidean

Ilusio handia, erronkaren tamainakoa”

Apirilaren 1etik aurrera ATEGIren zuzendaritza hartuko du, Edorta Herce ordezkatuz. Etzaio etxe arrotza egingo, izan ere azken sei hilabeteotan lehendakari moduan aritu da bertan. Dena den, bere lehenengo esperientzia izango da kooperatiba baten zuzendaritzan eta Kontariri aitortu dio “oso ilusionatuta dagoela, eta erronka oso handia izango duela eskuartean”. Amaia ezagutzen dugunok badakigu neurria hartuko diola eta desafioa gaindituko duela.

Zorionak Amaia, faltan botako zaitugu, baina gertu nola egongo zaren litekena da noizean behin kafetxo baterako deialdia egitea!!

biñeta
elkarrizketa

Ander Etxeberria eta Javier Marcosi elkarrizketa

Inauterietan oso garrantzitsua da giroan sartzea eta, horretarako, mozorrotu egin behar da”

Inauterien atarian Otaloran elkartu gara Javier Marcos eta Ander Etxeberriarekin inauteri edo aratusteen bueltan jarduteko. Biek ala biek oso gustuko dute mozorrotzea. Javier taldean mozorrotuko da igandean, otsailaren 11n beraz. 30 bat lagun izango dira, eta, pasa den azarotik, burubelarri ari dira lanean.

Ander ere aspalditik ari da otsailak 10 larunbaterako bere mozorroa prestatzen. Urtebete lehenago edo hasten da prozesua. “Inauteriak bukatu ahala, hurrengo urtean zertaz mozorrotu pentsatzen hasten naiz. Azaro aldera mozorroa prestatzeko materiala eskuratzen dut. Gabonetan paper gaineko diseinua egiten dut. Urtarrila eta otsaila artean, berriz, gauzatu”.

Herri guztietan izaten dira inauteriak bereziki maite dituzten pertsonak. Javier Marcosi, esaterako, izugarri gustatu izan zaizkio Jon Zuazabeitiaren mozorroak. “Behin, zuhaitz baten gainean jarri zen, bertara eroritako paraxutista irudikatuz”.

Zertaz jantziko dira, ordea, aurten Ander eta Javier? Pistaren bat eman digute ondoko podcastean. Entzun, entzun...

2024rako erronkak

2024. urteari ilusioz ekin diote lankideek. Aurrera egiteko, atzera ere begiratu behar da, eta, norberaren bizitzan aldaketaren bat egiten saiatzeko tartea ere hartu du hainbatek. Hemen, hainbat adibibide:

  • Jose Luis Caballero: igerilekuan igerian tope hastea berriz, urpeko arrantzarako ondo prestatzeko.
  • Agurtzane Garai: klasiko bat, osasuna!
  • Eli Fernandez: 2023koa egi bihurtzea, hau da, Kurtzetxikira astean behin igotzea.
  • Sandra Maria: korrika berriz hastea, 2023an martxa galdu du eta 2024an berriz ekingo dio korrika egiteari.
  • Sara Galino: biziraupena.
  • Ainhoa Zeziaga: sendabelarren lorategi txiki bat martxan jartzea.
  • Rafa Pol: gehiago irakurri, bitxikeriak irakurtzeko aukerak bilatu. Adibidez: El tornaviaje de urdaneta.
  • Agurtzane Labaien: reset egin, aldaketa erradikal bat, eta orain arte egin gabekoa egin.
  • Amaia Ferro: kiloak kendu, horretarako kirolaren martxa berriz hartu eta gimnasiora gehiagotan joan.
  • Carolina Mejia: bere ilustrazioei punch gehiago eman. Ariketa fisikoa astean hiru aldiz egitera bueltatu.
  • Amaia Egia: irratia piztu eta horren albiste negatiboak ditugun garai honetan, mezu baikorrak eman norberari eta ingurukoei.
  • Irantzu Murgiondo: denbora gehiago norberarentzako, Irantzurentzako, alegia.
  • Joseba Bilbatua: maratoi erdiko frogetan denbora hobea egitea.
  • Javier Marcos: Dolomitetara joateko prestatzea eta bizikletarekin km gehiago egitea (Errioxako etapa batzuk ditu buruan).
  • Lorea Iturbe: deskonexiorako bizikletan ibiltzea, gutxienez, estatikoan!
  • Mariela Lopez: gauzak lasaitasun handiagorekin hartzea.
  • Amets Ugalde: orain bezain ongi jarraitzea.
AUTO ELEKTRIKOA

Amaia Ferro

Zein ezaugarritako kotxea erosi beharko nuke?”

Trantsizio energetikoak eraginda, asko aldatzen ari da automobilgintzako sektorea. Eta autoa erosi nahi duenak zalantzak izaten ditu zer aukeratu, zer erosi, zer ez… Aholkuak eskatu dizkiogu Amaiari, eta argi erantzun digu.
Entzun podcasta, amaierara arte!

elkarrizketa

Olatz Imaz, eskiatzeko zaletasuna

A generic square placeholder image with rounded corners in a figure.
Olatz, senarrarekin, eski egun eder batez gozatzen.

Bere zaletasunen inguruan galdetu diogu Olatzi, eta elurzale amorratua dela esan digu. Eskia du gustuko, eta neguko asteburu askotan joatean da Baqueira-Beretera. Magia berezia du beretzat elurrak eta paisaiak, eta slalom bat egitera gonbidatu gaitu denok!

ELKARRIZKETA

Armin Isasti, Otalorako artelanean buru-belarri murgilduta

Armin Isastik dagoeneko egin ditu bere hurrengo obraren lehen zirriborroak, Kontariri esklusiban utzi dizkionak. Otalorarako enkargu bat da eta, dena ondo badoa, uztail aldera jarriko da.

Zer irudikatu nahi izan du obra horrekin? Kontarik artistarekin hitz egin du eta hainbat gauza kontatu dizkigu. Batetik, ideia nagusia, piezaren intentzioa: “Pertsonak ezagutzaren kontzeptuarekin topo egiten du, begirada kontenplatibo batetik, isilik, miresmenez eta errespetuz, eta hausnarketara gonbidatzen du. Lurrari, gure lurraldeari ainguratuta dagoen pertsona bat da, irudia zeharkatzen duten bi barrunbe dituena, eta esan nahi du pertsona hustu egin behar dela, ezagutzara jo bete-betean, aurrera egiteko. Bere adierazpen indarragatik, bere plastikotasunagatik, bere arintasunagatik, mugimendura jotzen duen pieza da, eta pauso bat aurrera eman nahi duela dirudi (Beti dago beste pauso bat emateko) eta ikaskuntzaren misterio horretan gehiago murgildu nahi duela iradokitzen du.

Lau metro inguruko altuera duen pieza fatxada nagusiaren aurreko lorategian jarriko da. Hasierako asmoa brontzez egitea zen, baina azkenean baztertu egin zen, eta konposite zuntzezko fabrikazio gehigarriko soluzio bat aukeratu da. Koloreari dagokionez, tonu patinatua izango du, zahartua, lorategiarekin mimetizatua dagoen berde kolore batekoa, eta barrunbeetan urre kolorearekin konbinatuta.

Artelana oraindik ez dago bataiatuta. Eta egileak iradokizunak onartzen ditu. Beraz, norbait animatzen bada…

ANDER ETXEBERRIAREN ANALISIA

Kibutzak. Apunte batzuk.

2023ko urriak 7ko sarraskiari lotuta kibutz hitza mundu osoko prentsan agertu zen. 2019an, beste kooperatibista batzuekin, Israelen izan nintzen Konfekoop-ek antolatutako bidaia teknikoan kibutzak ezagutzeko. Orduan jasotako apunte gutxi batzuk dira ondorengo lerroetan datozenak.

Kibutzak nolabaiteko komunak dira non bertako kideak elkarrekin bizi diren eta elkarrekin lan egiten duten berdintasun printzipioa nagusi dela. Kibutzak herritxoak dira eta bertan sartzeko kontrol postu bat dago.

Bizitza kolektiboa da: kibutzetan kooperatiboa da lan denbora (8 ordu) eta baita gainontzeko denbora ere (eguneko beste 16 orduak).

Medioetan aipatu da kibutzak nekazal kooperatibak direla. Orain ehun urte baino gehiago sortu zirenean nekazaritza zen kibutzen jarduera bakarra. Kontua da diasporan (erbestean) judutarrak nekazaritzatik aldenduta bizi izan zirela. Kasu askotan diruarekin erlazionatutako lanbideak izan zituzten (mailegu-emaile, adibidez), beraien komunitateak erasotuak baziren erraz ihes egin zezaketelako baliozko objektuak gainean hartuta. Horregatik, kibutzen sortzaileek lurrarekin lotutako zereginetara bueltatu nahi zuten. Edonola ere, gaur egun, nekazaritzaz gain, denetariko negozioak dituzte: industria, puntako teknologien garapena, jatetxeak, etab. Eta ez diote begiratzen enpresa eskalagarriak diren edo ez; lanpostu gutxi batzuk sortzen badituzte ere, baliagarria da negozioa.

Aitzindariek Israelgo estatua sortzen eta indartzen lagundu nahi zutenez, kibutzekin mugak ezartzen eta defendatzen lagundu nahi izan zuten. Horrela, kibutz guztiak mapa batean begiratuz, Israelgo Estatuaren perimetroa irudika daiteke.

Gainera, gizartea errotik aldatu nahi zuten. Lehen hamarkadetan komunitateari familiari baino garrantzi handiagoa ematen zioten. Hori horrela, kideen etxeetan ez zegoen sukalderik; sukalde bakarra kibutzekoa zen, eta hori zen komunitatearen elkargune nagusiena. Era berean, umeak kibutzaren seme-alabatzat zituzten; umeak jaio eta aste gutxira komunitatearen zaintzapean geratzen ziren.

Badira urteak ohitura horiek aldatu direla eta komunitatearen zentralitatetik pribatizaziora jo dutela neurri handiagoan edo txikiagoan. Kontatu ziguten ere arazoak dituztela seme-alabak kibutzean mantentzeko eta kide berri gazteak erakartzeko, horiek hiri handietan bizi nahi dute eta.

Edonola ere, kibutzen esperimentuak zutik jarraitzen du; beti aurkitzen dute modua erronka berriei aurre egiteko.

BAZENEKIEN...?

... duela 50 urte ikastaro kooperatibo berezi bat antolatu zela?

1974ko urrian formazio ikastaro bat antolatu zuen Laboral Kutxak bertako Enpresa Dibisioa (Divisíón Empresarial) saileko kideentzat. Helburua sentsibilizazioa zen.

Gogoratu sail horren zeregina zela mugimendu kooperatiboa sustatzea eta koordinatzea, baita garapen komunitarioa ere. Laboral Kutxa erakundeak berak ematen zuen finantzazioari Enpresa Dibisioak batzen zion laguntza teknikoa: enpresariala eta juridikoa.

Esperientziaren hasierako hamarkadetako kooperatibetan ez bezala, Enpresa Dibisioan unibertsitate ikasketak zituzten bazkide asko zegoen, askotariko profilak ziren gainera: ingeniariak, arkitektoak, ekonomistak, enpresa zientzietan lizentziatuak, abokatuak, soziologoak…

Pertsona hauek zuten funtzioagatik, hortaz, estrategikoa zen formazio kooperatiboa jasotzea.

Ponentziak Esperientziaren liderrek idatzi zituzten, beraien urteetako esperientzian oinarrituz:

  1. Zergatik existitzen da talde kooperatiboa? Jose Maria Arizmendiarrieta.
  2. Zer izan behar da, eta zer ez da izan behar, oinarrian, talde kooperatiboa. Alfonso Gorroñogoitia.
  3. Unibertsitateko ikasleak konpromiso kooperatibora batzea. Javier Mongelos.
  4. Talde kooperatiboaren garapena bultzatu duten faktore enpresarialak. Jesus Larrañaga.
  5. Nola motibatu profesionalak sentimentu kooperatiboan. Javier Retegi.
  6. Enpresa ekonomien sozializazioari buruzko esperientzia bat. Rafael Amozarrain.
  7. Kooperatibismoa ingurune geografiko zehatz batean hazten eta garatzen da. Javier Erdozia.
  8. Sistema kooperatiboa aplikatzeko modu praktikoak. Jose Maria Ormaetxea.
    Atsotitza

    Ametsik gabeko bizia, izarrik gabeko gaua.

    davos

    Mondragon Oxfamek Davoseko fororako argitaratutako txostenean

    Davosen (Suitza) urtarrilean egin den Munduko Ekonomia Foroan enpresa, politika eta zientzia alorreko 2.000 ordezkari baino gehiago bildu dira eta eraldaketa prozesuak izan dituzte mintzagai. Adimen Artifiziala, egoera geopolitiko nahasia… eraldaketarako indarrak dira, bertaratuen esanetan, eta ondorio nabarmenak izango dituzte, bereziki, babesgabetasun egoera larrienean diren pertsonetan.

    Oxfam erakundeak Davoseko fororako urtero txostena egiten du eta, aurten ere, Mondragoni keinu egin dio: “kooperatiba askoko inguruneetan desberdintasun mailak txikiagoak dira”, dio Mondragon Taldea aipatuz. Lotura honetan duzue txostena irakurtzeko aukera. 

    Zorionak lankideok!

    Azken lauhileko honetan urteak bete dituzuelako. Segi ba horrela, formal-formal, urtero betetzen. Eta banan-banan, e?

    Agurtzane Garai, Iñigo Larrea, Rafael Pol, Ainhoa Zeziaga, Oibar Elorza, Jagoba Zabala, Mirari Astigarraga, Iñaki Belaustegi, Joseba Bilbatua, Javier Marcos, Tere Marcos, Luis Molins eta Jon Zuazabeitia!