Aurkibidea
negua ı 2022

neguON!

Sarrera

neguON!

8 orduko egunak eta 16 orduko gauak. Hala ditugu abenduko egun hauetan. Eguzkiak eta gauak erakusten diguten legez, gorputza eta arima, biak ala biak deskantsatzeko garaiak dira ondokoak: arrazoiaren logika une batez alde batera utzi eta ni, bakarra, munduan sentitzeko. Bulegoko edo kotxeko aulkietatik altxa eta hondartzan hondar gainean, basoan hosto artean edo etxeko lurrean etzateko. Gau luzeak izaki, tentazioak izango ditugu han eta hemen: poteoak luzatzeko, afaritara joateko… Hala dio esaerak: “aurreak erakusten du atzea nola dantzatu”. Esperientziari egin kasu beraz. Eguzkia laster hasiko da indarra hartzen eta deskantsatutako lurrean loreak indartsuago haziko dira.

Neguaren begirada artistikoa

Carolinaren begirada artistikoa jaso dugu hemen. Elkarbizitzarako deia, beraz.

Carolinaren lana ezagutu nahi?

Euskaraldia

Ariketa berriz hasiko da

Triatloilariak uretara salto egiteko neoprenoarekin bezala, Zentro Korporatiboko langileak Euskaraldiari ekiteko ahobizi eta belarriprest txapak jantzita ageri dira. Hasi da ariketa. Lehen Amiga zena, orain Lagun da.

Ilusioa nabari da. Parte hartzaileak elkarrekin argazkiak ateratzen hasi dira. Belarriprestak euskaraz ere ahalegintzen ari dira. Indartsu hasi dira. Halako batean ahobiziren batek gazteleraz egin eta belarriprestak gogorarazi dio ahobiziaren egitekoa zein den. Lehen begiradak gurutzatu dira. Giroa lasaitzeko, hamaiketakoa egin da.

Itsasotik bizikletara salto egiteko ordua iritsi da. Hankak eta eskuak, biak ala biak egokitu behar dira. Ahobizi eta belarriprestek ere aste osoa dute aurretik. Luze egingo da. Bateren bat indarra ere galtzen hasi da, euskaraz egin beharrean gazteleraz ari da. “Garrantzitsuena parte hartzea da”. Hala esan du. Bitartean, parte hartzaileei argazki gehiago ateratzen ari dira.

Amaitzeko korrika egin behar da. Azken kilometroak dira baina muskuluak nekatuta daude. Belarriprestak, ordea, gehiago nahi du: ahobiziak euskaraz egitea nahi du eta, bere maitaleari, mezudun ezpaina oparitu dio: “eman muxu euskarari!”. Belarrira xuxurlatutako hitz horiekin segi egin behar da. Batzuetan oinez eta besteetan korrika, oraindik orain elkarrizketa elebidunak entzuten dira-eta!

Azkenean iritsi dira helmugara. Batzuk gustura, euskaraz ordu arte baino gehiago eginda. Besteak serioago, gehiago egin nahiko zuketelako. Denak, elkarri begira, opil eta kafearekin ahoa gozatzen ari dira. Lagun berriz Amiga da baina igeri, bizikletan eta korrika egiteko gogoa nabari da. Ulersaio, ulerrizketa eta mintzasaioekin entrenatzen jarraitzeko ordua da. Ariketa berriz laster hasiko da.

elkarrizketa

Sandra Maria Azcarazu

2023an Kenyara bidaiatzeko asmoa dut”

Pertsona alaia eta langilea da Sandra Maria Azcarazu eta familian edo lagun artean egotea gustatzen zaio. Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza ikasketak eta Kontabilitate eta Finantza Zuzendaritza masterra ditu eginda. 29 urte izanik ere, lan munduan badu esperientzia. Zentro Korporatiboan oso gustura ari da lanean eta, orain, Berdintasun Batzordean hasiko da. Euskaraldia sustatzeko Zentro Korporatiboan egindako dinamikak gustatu zaizkio eta Berdintasun Plana nola sustatu pentsatzeko baliagarri izan zaizkiola aitortu digu. Zentro Korporatiboko lankideen artean dagoen giro ona nabarmendu du

Baina denak ez dira lan kontuak izango. 2023rako aurreikusita dituen planen berri emango digu Sandrak eta, besteak beste, Kenyara safari batera joateko asmoa duela aurreratu digu, bere ezkontza tarteko. Kirol jarduerez, telebista gustuez nahiz alor pertsonalean 2023an dituen erronkez hitz egiteko aukera izan dugu. Sandra Maria Azcarazu gehiago ezagutu nahi izanez gero, ondoko elkarrizketa entzun eta, hurrengoan, beragana gerturatutakoan entzundakoen bueltan gehiago sakontzeko aukera izango duzu.

Podcast osoa (gomendatzen dizugu!!).

Aiurri eta Irantzuri kopla kantari

Azaroan jakin genuen Aiurren jaiotzaren berria. Mintza Taldeko kideek albistea ospatzeko koplak kantatu zizkieten Irantzuri eta Aiurri berari, eta bideoa ondu zuten. Bideoan, Aiurri izena eman dion Aiurdi mendia agertzen da. Hauek dira mintza taldeko kideen ahotsean entzuten diren koplak.

argindar faktura

Azaroko nire argindar faktura 32 €-koa izan da”

Pozik da Iñigo Iñurrategi. Duela 3-4 urte eguzki panelak nola jarri hausnartzen hasi zen. Gaur, orduan baino faktura merkeagoak ditu, energiaren kontsumoari dagokionez autosufizienteagoa da eta energia berriztagarriagoa erabiltzen du.

Beste 5 familia bizi dira Iñigo Iñurrategi bizi den eraikinean. Energiaren bueltako bere hausnarketak bizilagunekin partekatzen hasi eta beste familia batek ere eguzki panelak jartzeko borondatea azaldu zuen. Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean kokatua dagoen Ekitermik enpresara jo zuten aholkularitza eske.

Merkeagoa eta ekologikoagoa bada, zeintzuk dira eman beharreko pausoak? Zenbatekoa da egin beharreko inbertsioa? Zeintzuk gainditu beharreko mugarriak? Nondik hasi?

Podcast formatuko elkarrizketan galdera horiek guztiak argitu dizkigu Iñigo Iñurrategik. Bideoan, berriz, bere faktura interpretatu digu.

Podcast osoa.

Belaus eta Mirarik itsasoa amets

Iñaki Belaustegi eta Mirari Astigarraga sarri egoten dira itsasoari begira. Baita ere itsasotik lurrari so. Bata mutrikuarra eta, bestea, elgoibartarra, itsasoa eta itsasontziak dituzte biek gustuko.

Belaus txikitatik egon da itsasoari lotuta. Txikitan urpekaritza egiten zuen eta, zaletasunean sakontzeko, itsasontzia erosi zuen. Orain, besteak beste, itsasontzi gainetik hegaluzeak arrantzatzen aritzen da. Hala dio: “familiarekin eta lagunekin disfrutratzeko erabiltzen dut itsasontzia. Bainu bat hartzera joateko nahiz arrantza egiteko. Esaterako, pare bat miliatara aingura bota eta muturmotzak, txitxarroak… arrantzatzeko”. Gaineratu digunez, gutxi gorabehera, San Juanetatik iraila arte hegaluzea arrantzatzeko aukera izaten da eta, orduan, ahal duenean (nahi baino gutxiagotan), egun osoko irteerak egiten ditu: “3 bat orduz itsasoan barrura joan egunsentian leku onean egoteko, bertan 5 bat orduz arrantzan ibili, eta beste pare bat portura bueltatzeko”. 10 kilo inguruko hegaluzeak arrantzatzen dituzte. Horretarako, zazpi metro inguruko kabinadun itsasontzia du Mutrikuko portuan.

Mirariren kasuan senarrak piztu dio itsasontziekiko interesa. Jatorriz Alemaniako Alpeetako du senarra eta bertako lakuetan sarri ibiltzen zen itsasontzian. “Bere familian beti izan dute itsasontziekiko harremana. Niri ere itsasoa beti gustatu izan zait eta, orain, beste bikote batekin batera, itsasontziko tituluak ateratzen ari gara, aisialdian itsasontziak alokatzeko helburuarekin”. Itsasontziak gidatzeko PER titulua atera berri du Mirarik. Orain, berriz, yateko patroi izateko baimena ateratzen ari da. Titulu horri esker lurretik 150 milia arte ateratzeko baimena izango du. Milia bat 1.852 metro dira. Hala nahi izanez gero, beraz, munduari buelta emateko moduan izango da laster Mirari. Belaus, aspalditik da bi titulu horien jabe.

Ikasi beharrekoak asko izanik ere, “kartografia, meteorologia… gaur egun oso erraza da itsasontzia kontrolatzea, oso sistematizatuak daudelako ”, Mirarik azaldu digunez. Belausek zehaztu duenez, lanik handiena itsasontzia ongi mantentzea izaten da, “azpiak garbitu, motorrean olioa aldatu, pintura eman…”. Arriskuak ere asko gutxitu dira, “sondak… tarteko harkaitzak erraz atzematen ditugulako”, Miraren esanetan. Belausen arabera, behe lainoarekin eta galernarekin sortzen dira arrisku gehien. “Behe lainoen kasuan, ez delako ezer ikusten. Ondorioz, itsasontziaren sistema digitalean fidatu behar izaten dugu. Galernarekin, berriz, motorrak martxan jarri eta kontuz-kontuz lurreratu behar izaten dugu”.

Gaur egun, batik bat, aisialdirako erabiltzen diren mota ezberdinetako itsasontziek betetzen dituzte portuak. “30 urte atzera egingo bagenu, arrantzarako erabiltzen ziren 23 itsasontzi handi genituen Mutrikun. Egun, erdi tamainako bat baino ez dago. Asialdirako itsasontziak, berriz, 300 bat badira”, Belausek azaldu digunez.

Aisialdirako itsasontzi horien artean ere badira aldeak. Mirarik, esaterako, belaontziak ditu gustuko. Belausek, berriz, motordunak. “Haizea dagoenean belaontziak ateratzen dira itsasora eta motordunak portuan geratzen dira. Haizerik ez dagonean, berriz, motordunak ateratzen dira itsasora”, Belausek esplikatu digunez.

Itsasoan, maiz, izurdeak ikusten dituzte. Inoiz, marrazo batzuk, fokak… eta orkak ere agertzen dira. Iaz, berriz, aspaldiko partez, bale urdin bat agertu zen euskal kostaldean. Oso gustuko dituzte gure kostaldeko joan-etorriak. Esaterako, Mutriku eta Zumaia artekoa. “Flysch-a oso polita da eta milaka urtetako istorioak daude bertako harkaitz eta kobazuloetan, pirata, kortsario eta baita arrantzale edo kontrabandistenak”. Aurrerantzean ere itsasoan bidaiatzen segitzeko asmoz dira biak ala biak. Mirariren esanetan, “senarrak Atlantikoa gurutzatzeko ametsa du baina hemendik Ameriketara joateko 20 egun inguru egin behar dira lurrik ikusi gabe eta…”. Belaus, berriz, mediterraneoan barrena ibiliko litzateke gustura. “Dena da polita: Afrika, Grezia, Kroazia, Turkia…”. Beraz badakizu, hemendik aurrera kostaldera joaterakoan adi, hor topatuko duzu eta agian Belaus edo Mirari, itsasoko gure bazterrak erakusteko bi gidari.

Mondragon seriea

Urtarrilean estreinatuko dugu Ezagutu Mondragon seriea”

Ander Etxeberriarekin izan gara Ezagutu MONDRAGON serieari buruz gehiago jakiteko. Bere esanetan, urtarrilean estreinatuko da 24 bideoz osatutako seriea. Ander Etxeberriak egiten ditu aurkezpen lanak. Seriean ikusiko dugunez, kamera aurrean eta bizikleta gainean oso ongi moldatzen da.

Dokumentalean ez dago Printzipio Kooperatiboei buruzko kapitulu bat ezta Arizmendiarrietari buruzkoa ere.

Bai, horrela da. MONDRAGONeko Oinarrizko Printzipioei buruzko kapitulurik ez dago kanpoko jendeak horri buruz galdetzen ez duelako. Hona datozen pertsonek irakurri edota entzun dute guri buruz eta praktikan zer egiten dugun jakin nahi dute. Dakizuenez, serieak munduan zehar MONDRAGONeko Esperientzia ezagutzeko dagoen beharrari erantzun nahi dio. Aldi berean, gure jendearentzat ere baliozkoa izango da.

Arizmendiarrietari buruzko kapitulurik ez dugu egin, hainbat ikus-entzunezko badagoelako aukeran Interneten, batzuk MONDRAGONek egindakoak gainera. Edonola ere Arizmendiarrietari buruzko aipamenak ugariak dira seriean. Arizmendiarrietarekin lotutako keinu bisual batzuk badaude Bai, kar-kar. Ondo informatu dizute. Bi momentu xume jaso ditugu. Batetik, Arrasateko plazako irudia. Arizmendiarrieta agertzen den bideo bakanen artean, Arrasateko herriko plaza eliza atzetik udaletxerantz zeharkatzen duen momentua dago. Horren antzerako pasartea grabatu genuen. Bestalde, denok ezagutzen dugu Arizmendiarrieta eta bere bizikleta azaltzen diren argazkia. Bada, bizikleta eskuetan dudala MUko bere eskultura eseriaren ondora hurbiltzen naiz.

Entzun dugu bizikletarekin une bereziak bizi izan dituzuela.

Bai, hala da. Bizikleta hamar bat kapitulutan agertzen bada ere, egun pare batean egin genituen grabazio guztiak. Atera kontuak! Horrek logistika berezia eskatzen zuen: 1) pentsatu ordurako grabatutako zein kapituluetan gehitu behar ziren bizikleta-irudiak 2) pentsatu grabatzeke zeuden zein kapituluetan gehitu behar ziren bizikleta-irudiak 3) lokalizazioak aukeratu 4) kapitulu bakoitzeko arropak prestatu (amerikana, fraka, zapata...), egindakoak eta egiteke zirenak, eta orri batean apuntatu 5) dena Artemaneko furgonetan sartu eta grabatu. Artemaneko furgonetak kamerino mugikor bat zirudien!

Seriea Arrasatezentrista da?

MONDRAGONeko Esperientzia Kooperatiboa azaltzerakoan Arrasate hainbatetan agertzen da; gauza asko Arrasaten eta inguruan gertatu ziren eta gertatzen dira. Baina hori baino gehiago da MONDRAGONeko Esperientzia eta saiatu izan gara batean eta bestean protagonistak eta irudiak aurkitzen.

Kooperatiba industrial bakar batek du kapitulua

Bai, DanobatGroup-ek. Esan bezala, serieak Esperientzia Kooperatiboa azaldu nahi die kanpotarrei (eta, aldi berean, baita guri ere). Kontua ez da Korporazioa osatzen duten kooperatiba bakoitza erakustea. Izan ere, 24 kapituluetatik 14tan gai kooperatibo bana lantzen da eta 10etan enpresa kooperatibo bana. Ze kooperatiba? Kooperatiba bereziak (Lagun Aro eta Auzo Lagun, adibidez) eta sektore bakoitzeko kooperatiba bat. Edonola ere, industriari dagokionez, DanobatGroup-en kapituluaz gain, Kontseilu Errektoreari buruzko kapituluan Fagor Industrial agertzen da eta Kontseilu Sozialari buruzkoan Maier.

Noiz estreinatuko duzue?

Galdera berezia, kar-kar! Oporren bueltan estreinatu behar dugu. Eguna ez dugu jarri, baina urtarrilean izango da. Seriearen egutegiak gorabehera asko izan ditu. 2020eko urtarrilean hasi ginen grabazioekin eta pandemiak eragin zigun; hainbatetan izan ginen konfinatuta. Ondoren, normaltasunera bueltatzean, MONDRAGON ezagutzeko bisitak berriro hasi ziren eta ezin seriearen barne-epeei erantzun… Kongresuan seriearen estreinaldiaren berri eman berri dugu, baina azken aldian denok ezagutzen dugun gaia dela eta, uste izan dugu aproposagoa dela urte berriarekin argitaratzea.

Ia bi urte izan gara seriea egiten eta protagonista batzuk lanpostua aldatu dute: zuzendari edo lehendakari dira gaur egun edo, kasuren baten, erretiratu egin da. Edonola ere, ez du eragiten mezuan, ikus-entzunezkoak gaur arteko eta gaur egungo MONDRAGONeko Esperientzia Kooperatiboa kontatzen duelako. Izan ere, kapituluetan aipatzen dira lehen aldia (zergatik), orainaldia (zer) eta erronkak.

Arizmendiarrietaren lagunak elkartea 2007. urtean sortu zen Jose Maria Arizmendiarrietaren balioak sustatzeko. Elkartea akonfesionala da (izen bera duen Arizmendiarrieta Fundazioa, berriz, kanonikoa da) eta Arizmendiarrietaren figura baino, bere ideien baliagarritasuna hedatzen dihardu.

Elkartea osatzen dute Euskal Herriko hainbat erakunde publiko eta pribatuk –kooperatiba eta ez kooperatiba– eta pertsona fisikok. Bazkide fisiko asko kooperatibetan lan egindakoak dira, goi mailako ardura postuetan bereziki.

MONDRAGONekin koordinatuta hainbat jarduera bideratzen ditu. Horien artean:

  • Arizmendiarrieta eta Esperientzia Kooperatiboari buruzko aurkezpenak unibertsitateetan, artikuluak prentsan, bideo pilulak, etab. 
  • Esperientzia Kooperatiboari buruzko ideia ekarpenak egin. Adibidez, 2022an, Suspertzen dokumentua burutu du.
  • Arizmendiarrietaren eta lehen fundatzaileen dokumentazioa gorde (eskaneatu eta sailkatu).
  • Jardunaldi dibulgatzaileak antolatu. Adibidez, azaroaren 16an, Iñaki Gabilondo kazetaria ekarri zuen MUra Arizmendiarrietari buruz hitz egiteko. Iñaki Gabilondok azaldu zuenez, azken urteetan han eta hemen ibili da munduko zientzialari onenak elkarrizketatzen planetaren orainaldia eta etorkizunari buruz jakiteko. Kontua da pertsona horiek diotena (humanismo berri baten beharra) bat datorrela Arizmendiarrietarekin. Txundituta agertu zen Gabilondo: “Arizmendiarrieta abangoardia da”. Hementxe, saioa.
  • Mondragon City Challenge ekimenean parte hartu.
  • Hazia musikala produzitu Arizmendiarrietaren izena –eta ekintza– ezagunagoa egiteko Euskal Herrian. Iruñeako Baluarten 2023ko otsailaren 25ean antzeztuko da.

Elkartetik gogoratzen digute ateak zabalik dituztela kolaboratu nahi duten guztientzat.

Bazenekien…?

Bazenekien Deba ibaia Euskadiko zikinenetakoa izan zela?

Gaur egun MONDRAGON Korporazioko kooperatibak ingurugiroari dagokionean (ere) enpresa oso aurreratuak dira Euskal Herrian. Salmenten %75 baino gehiago ingurugiro kudeaketaren sistemen baitan egiten da. Hala ere, beti ez da horrela izan.

Arizmendiarrietak 1970rako kooperatiben erantzukizun ekologikoari buruz idatzi zuen. Zioenez, lanak natura eraldatzen du, baina ezin dugu gure habitata suntsituko duen garapen itsua jarraitu. Bazituen arrazoiak arduratuta egoteko.

Hainbat hamarkadatan Deba ibaia izan da penintsulako kantauriar isurialdeko ibairik kutsatuenetakoa. Ibaia baino estolda zen. Leintz bailaran hainbatek gogoratzen du 70. hamarkadan Debaren kolorea egun batean morea zela, beste batean grisa…

1989an Carmelo Urdangarin-ek (TU Lankide 330 zenbakia) ingurumenaren degradazioaren eredutzat Deba ibaia jartzen zuen. Artikuluan aipatzen du hamar urte lehenagoko txosten batean Deba ibaiari buruz esaten zela oso kutsatuta zegoela, batik bat, industria-isurketen eta biztanleriaren ondorioz.

2012-2013an, Epeleko araztegia martxan jarri zenean, oraindik ere Gipuzkoako kutsatuena zen.

Azken urteetan nabarmen hobetu bada ere Debaren egoera, asko dago egiteko pilatutako metalen kutsadurari dagokionez, besteak beste.

biñeta
Atsotitza

Urrezko kaiolak ez du txoria alaitzen.

Zentro Korporatiboko obrak

Javi Santos

Bideokonferentziak egiteko kabina formatuko espazioak izango ditugu”

LK3ko eraikinean izan berri da Javi Santos, Zentro Korporatiboko obrak zertan diren ikusten. Jakinminak bultzatuta, berarengana hurbildu eta zuzen egin dizkiogu galderak:

Zertan dira obrak?

Une hauetan eraikinaren egitura edo hezurdura ikusten da. Zentro Korporatibo ia osoko paretak botata daude. Kontseilu Nagusiko aretoko eta Lehendakaritzako bulegoetako paretak baino ez dira utzi. Intsonorizatzeko helburuarekin garai batean leku horietako trenkaden erdian berun-xaflak jarri zirelako utzi dira espazio horietako paretak bota gabe.

Espazioen banaketa aldatuko al da?

Ez da aldaketa handirik izango. LK3ra itzultzean ez gara galduko. Diseinua eguneratu egin nahiko genuke, espazio irekiagoak sortuz. Bertaratzen garenean orain arte erabili dugun bilera gelaren bat agian ez da egongo. Aldiz, kabina formatuko espazio txiki batzuk sortuko dira bideokonferentziak egiteko. Halaber, Laboral Kutxako langileekin partekatuko ditugun areto eta bilera gela berriak izango ditugu aurreneko pisuan.

Epeei dagokionez, aurreikuspenen arabera noiz amaituko dira obrak?

Aurreikusitako epeak nahiko ongi errespetatuko dira. Hainbat zailtasun sortu dira jada baina orain artean behar bezala konpondu ahal izan dituzte eta, gure aurreikuspenen arabera, 2023ko abendurako amaituta egongo dira lanak. Obrako zuzendariak nahiko zuhurrak dira, ordea, eta halako obra handi batean arazoak edonoiz sortu daitezkeela esaten digute. Gutxienez, beraz, urtebete pasako da han berriro lanean hasi aurretik.

Zorionak lankideok!

Azken hiruhileko honetan (urria-abendua) urteak bete dituzuelako. Segi ba horrela, formal-formal, urtero betetzen. Eta banan-banan e?

Edurne Axpe, Agurtzane Garai, Oscar Goitia, Iñigo Larrea, Rafael Pol, Ainhoa Zeziaga, Jagoba Zabala, Oibar Elorza.