Aurkibidea
udazkena ı 2026

udazkenON !

Sarrera

udazkenON!

Udazkenak hostoen kolorea aldatzen duen bezala, gure ingurua ere etengabe eraldatzen da. Eta gu geu ere bai: pertsonen istorioekin, kirolaren indarraz, itsasoko arrantzan, eguzki eklipsearen begiradez eta ezagutza partekatuz. Aldaketaren haizearekin batera, gure komunitatearen taupadak entzun eta etorkizunera begiratzera gonbidatzen zaitugu.

Eduardo Beltrán de Nanclares Echezarreta

Egiten duzunak baino gehiago, norekin egiten duzun horrek du zerikusia zoriontasunarekin”

Eduardo Beltrán de Nanclares Echezarreta, Gasteizen jaiotako fisikari eta berrikuntza arduradunarekin egin dugu elkarrizketa sakona: bere ibilbideaz, bizitzako gauza txikiez eta berrikuntzak eskatzen duen ahaleginaz jardun dugu, gustura. Patxadaz eta eskuzabal hartu gaitu, eta bizi-bizi erantzun ditu galderak. Plazer bat, Eduardo...!

Beltrán de Nanclares bezalako izen batekin, ia ezinezkoa dirudi Arabatik urrun egotea. Arabarra izateak zer eman dizu?

Ez dut uste gehiegi markatu nauenik. Beharbada gehiago markatu nau Euskal Herrian bizitzeak, kulturagatik eta inguruagatik. Gasteizen jaio nintzen, eta agian beste leku batzuetan baino euskararen tradizioa ahulagoa duen lurraldea da.

Nire ama Lekorakoa da, Arabako Errioxakoa, eta nire aita Narbaizakoa zen, Arabako Lautadakoa. Bitxikeria bat ere badago familian: nire amonak 16 urte bete arte ez zekien gaztelaniaz; gero, behartuta ikasi behar izan zuen gaztelania, eta azkenean euskara ahaztu egin zitzaion.

Bilbon ikasi nuen, eta denboraldi batez han bizi izan nintzen. Gipuzkoan, berriz, kooperatiben inguruan aritu naiz lanean.

Arabako zein txokotara eramango zenuke lehen aldiz bisitan etorri zaizun lagun bat?

Gasteizko alde zaharrera eramango nuke lehenengo. Gero, Arabako Errioxa, upategiak, mendia edo naturaguneak ere etortzen zaizkit burura. Baina gertutasunagatik, Gasteizko alde zaharra aukeratuko nuke: eraikinez gain, museoak, giroa, tabernak eta gastronomia ere baditu.

Uda honetan, nora bidaiatu duzu?

Nahasketa bitxia egin dugu. Astebetez Lekoran egon ginen, nire ama zaintzen. Gero, egun batzuk eman genituen nire amaginarreba zaintzen Sotillo de Cean, Leongo herri batean, Sahagunetik gertu. Gero, gure aisialdirako, Isla Canelako hondartzara joan ginen, Huelvara. Eguraldi oso ona egin zigun, eta hondartza oso zabala eta lasaia da. Azkenik, emazteak eta biok egun batzuk egin genituen Dublinen. Moherreko labarrak, Galway, Kilkenny eta Guinnessen museoa ere bisitatu genituen.

Uda honetatik zein esperientzia edo lekurekin gelditzen zara?

Isla Canelako hondartzekin, lasaitasunagatik eta erlaxatzeko aukera ematen dutelako; Ayamonteren dinamismoarekin, Portugalgo mugan; eta Dublingo dinamismo eta kultur aniztasunarekin.

Uda honetan ezagutu duzun liburu, podcast edo dokumentalen bat gomendatuko zeniguke?

Hiru liburu irakurri ditut uda honetan. Bat, berrikuntza disruptiborako Moonshot Thinking metodologiari buruzkoa. Beste bat, elikagai-osagarriei buruzkoa —omega 3, bitaminak, aminoazidoak…—. Eta Paulo Coelhoren El Alquimista ere irakurri dut.

Zer egiten du Eduardo Beltrán de Nanclaresek lanetik kanpo?

Aldian-aldian kirol apur bat egiten saiatzen naiz etxean: luzaketak, bizikleta estatikoa, pisuak… Eta igerilekura ere joaten naiz. Ez pentsa, etxean dudan gitarra espainiarra ondo jotzen ikastea egitekoen zerrendan daukat oraindik.Eta etxeko konponketa txikiez ere arduratzen naiz.

Zergatik erabaki zenuen Fisika ikastea?

Egia esan, ez nekien zer ikasi. Saskibaloi klubeko kide batek azaldu zidan Fisikako espezializazioetako batean zirkuitu elektronikoen eta ordenagailuen diseinuarekin lotutako arloak landu zitezkeela. Horrek erakarri ninduen.

Eta Fisikan ikasitako zer ezagutza erabiltzen duzu gaur egun oraindik?

Batez ere espezializazioarekin lotutako guztia: erdieroaleak, zirkuituen diseinua eta simulazioa, prozesuen kontrola…

General Electric-en hasi nintzen lanean, eta gero Robotikerren —gaur egun Tecnalia—, Coprecin eta Ikerlanen aritu nintzen. Espezializazioko ezagutza horiek diseinu elektronikoan eta proiektuen kudeaketan aplikatzeko aukera izan dut.

Fisikari, berrikuntza-arduradun eta arabar izatearen artean, zeinek definitzen zaitu gehien?

Nik neure burua pertsona on gisa definituko nuke. Etorkizuneko belaunaldiei nolabaiteko ondarea utzi nahi dien pertsona gisa ere bai. Eta pertsona estrukturatua eta metodikoa naizela esango nuke.

Zientziak eta enpresak elkarrengandik gehiago ikasi beharko luketela uste duzu?

Bai. Zaila da, baina aldi berean oso baliotsua da profil teknikoa duen norbaitek merkatura iristeko gakoak zein diren jakitea. Bi munduek besteak duen onena ikusten saiatu behar dute, eta elkarrekin lan egin.

Zer esan nahi du benetan zuretzat berrikuntzak?

Gauzak beste modu batera egitea da, balioa gehitzeko. Balio hori ekonomikoa izan daiteke, ezagutzarekin lotutakoa edo pertsonen prestakuntzarekin lotutakoa.

Berritzeak inertzia gainditzea eskatzen du, eta ahalegin kontziente bat egitea. Azken batean, ziurgabetasuna dakar, eta norbere erosotasun eremutik ateratzea.

Zein izan da azken urteetan bizi izan duzun berrikuntzarik interesgarrienetako bat?

Proiektu asko bizi izan ditut. Horien artean, Kiro Robotics nabarmenduko nuke, kimioterapiako medikamentuak prestatzea automatizatzeko robota.

Beste adibide batzuk ere badaude: prentsa mekanikoetan inertzia-bolanteak serbomotorrez ordezkatzea; Coprecin garbigailuen elektronifikazioan egindako lana; edo adimen artifiziala kooperatibetan zeharka aplikatzea.

Zertan berritu beharko lukete kooperatibek datozen urteetan?

Batez ere hiru eremu ikusten ditut: digitalizazioa eta robotika; energia, ingurumena eta iraunkortasuna; eta materialak eta prozesuak. Horiez gain, arlo soziosanitarioak eta nutrizioak ere gero eta pisu handiagoa dute.

Zer abantaila dituzte kooperatibek berritzeko orduan?

Elkarlanak sektore desberdinetako ezagutzak biltzeko aukera ematen du. Gainera, baliabide korporatibo partekatuak ditugu lankidetza proiektuak finantzatzeko.

Eta, nire ustez, pertsonei ekimenerako tarte handiagoa eskaintzen die egitura oso hierarkizatuekin alderatuta.

Zein gauza txikik egiten zaituzte zoriontsu?

Egin izanaren sentsazioak: lan bat ondo egiteak, zeregin bat amaitzeak, liburu on bat irakurtzeak, kirola egiteak edo leku lasai bat bisitatzeak.

Baina, nire ustez, egiten duzunak baino gehiago, norekin egiten duzun horrek du zerikusia zoriontasunarekin.

Historiako edozein pertsonaia afaltzera gonbidatu ahal bazenu, nor aukeratuko zenuke?

Comandante Lararen txiste bat gogoratuz, pertsonaia bizia edo hila aukeratzeko galdera horretan… nik «bizirik dagoena» aukeratuko nuke.

Zein galdera egiten dizute gutxiegi?

Alabak batzuetan galdetzen dit: «Zu zoriontsu zara duzun bizitzarekin?». Eta erantzuna da: bai.

Zer gustatuko litzaizuke oraindik ikastea?

Frantsesa berriro hartzea, gitarra hobeto jotzea, osasunaren, nutrizioaren eta ariketa fisikoaren inguruan gehiago sakontzea… Eta urteetan pilatutako esperientzia besteei hobeto transmititzen ikastea.

Eta azkenik, zein gomendio egingo zeniguke euskararen eremuan berritzaileagoak izateko?

Arlo horretan bete gabeko etxeko lan bat dudala sentitzen dut, denbora eta gaitasun faltagatik egin ez dudana. Horregatik, nire asmoa euskararen bilakaera prozesuak babestea eta bultzatzea da, bidean oztoporik jarri gabe.

Maite Urgoiti, Ina Varona, Malen Illarramendi eta Javier Marcos

Gimnasioko ariketekin, gorputza eta burua askoz hobeto dauzkagu”

LK3ko gimnasiora joaten diren lankideak ez dira asko, gutxiegi dira, euren esanetan. Gimnasioa oso ondo dago: merkea da, eskura dago, giro ona egoten da, eta Athloneko espezialistaren laguntza ere badago… Kirola egiteko aukera ona da. Beraz, lau kirolariek erronka bota diete lankideei: 2027an Zentro Korporatibotik gimnasiora joaten direnak 15 lankide izatera iristea. Eta urriaren 18an Mundukideren lasterketa solidarioan parte hartzeko ere animatu nahi dituzte lankideak.

Lau kirolzale hauek kontatu digute zer helbururekin hasi ziren, nolako ariketak egiten dituzten, noiz joaten diren eta zer onura nabari dituzten euren osasunean. David metodoa jarraitzen dute bik. Indarra lantzen dute, eta orain ez dute bizkarreko minik sentitzen. Zintan ere ederto egiten dute korrika. Eta ederto sentitzen dituzte hankak eta burua.

Baina gimnasioa ez da ariketak egitea bakarrik, beste gauza batzuk egiteko eta ikasteko aukera egoten da bertan… Entzun, entzun, eta probatu zuek ere!

Javi Santos eta Ibon Antero, Iñaki Belausekin atunetan

Ez genuen sinesten, baina bai, aurten lortu dugu atunak arrantzatzea Belausekin”

Esperientzia zoragarria izan da aurtengoa, “eta neketsua ere bai”, diotenez. Javik eta Ibonek bizpahiru urte zeramaten Belausekin itsasoratzen, arrantzarako asmotan. Espektatiba handirik gabe, uste baitzuten ez zela posible atunak arrantzatzea hemen; mito bat zela zioten.

Aurreko urteetan beti zerbaitek huts egiten zuen… 2023an ez zuten zorterik izan hegaluze arrantzan. 2024an txalupan matxura bat izan zuten errefrigerazio sisteman, eta ozta-ozta bueltatu ziren portura. Atunik ez, Javiren patata-tortilla jan zuten. Iaz ez zen hegaluzerik sartu Kantauri itsasoan. Eta aurten bai, hirugarrenean eskuak beteta bueltatu dira Mutrikuko kaira, pozarren. Belausek dio “itsasora ez da joaten norberak nahi duenean, itsasoak uzten duenean baizik”. Javik eta Ibonek irribarrez eta bizi esperientzia ahaztezintzat azaldu dituzte euren bizipenak.

“Belausek deitu zigun uztaileko ostiral batean, bihar da eguna, esanez…”. Javik esku artean zeukan plana bertan behera utzi eta Belausekin joan zen; Ibonek ezin, baina abuztuan beste egun batean joan ziren Ibon eta Belaus. Goizeko 4:30etan abiatu ziren Mutrikuko portutik, ilunpean eta itsasoko olatuen dantzan. “Sentsazio arraroa da, dena beltz ikusten duzu… Mareatzen hasi nintzen eta biodramina pastilla hartu nuen. Egunsentia ederra izan zen, argitasuna ikusi eta ondo sentitzen hasi nintzen” – dio Javik. Ibonen kasuan, “ekaitzaren atzetik eta tximistak ikusten joan ginen portutik itsasora bidean; polita izan zen”. Bi-hiru ordu barru, hamabi bat miliatara, Lekeitio parean, 5 kainabera bota eta laster hasi zen hegaluze festa. “Izugarria! Karrakaren zaratarekin, adrenalina topera… 9-12 kiloko 3 eta 2 hegaluze puska altxatu genituen Javiren eta Ibonen itsasoratze bietan; 7 atunek heldu zioten amuari, eta guztira 5 altxatu genituen. Lan gogorra da, fisikoki exijentea, eta teknika handia behar da. Belaus kapitainaren esperientzia, berriz, ezinbestekoa” – diote biek.

10 orduko itsasoaldia ederra bezain gogorra da: olatuak, haizea, eguzki beroa, tentsioa, lan fisikoa… “Polita baina gogorra da. Baina, eskuak beteta zatozenean, esperientzia bikaina da“.

Irudiak ikustea nahikoa da zenbat gozatu zuten ikusteko…

Anaitz, Patxi, Yolanda eta Mariela

Nola bizi izan zenuen eguzki eklipsea?

Abuztuaren 12an, oporretan, eguzki eklipse osoa ikusteko aukera eduki dugu. Parekorik ez duen fenomeno astronomiko paregabea. Eta abuztuaren 28an, berriz, ilargi eklipsea, goizaldeko ordu txikietan. Zenbateraino jarraitu ditugu eklipseak Zentro Korporatiboko lankideok? Non harrapatu gaitu eklipseak? Norekin ikusi dugu? Emozioz bizi izan al dugu momentua…?

Inkesta bidez, lau lankideren testigantzak jaso ditugu.

Anaitz Lazkano

“Garaion ikusi nuen eklipsea, Araban. Hitz batean, ahaztezina! Hasieran Eskoriatzako gure baserrian ikustekoa nintzen, baina aldapa zegoela eta, ni nire izeba eta bere bi lagun hartu eta Garaiora joatea erabakin genuen. Jende asko zegoen, puntu ona zen eta. Sillan jarrita ikusi genuen, betaurrekoekin. Argazkilari ingeles bat eta bi neska oñatiar bertan, gurekin. Giro ona sortu zen, zerbait konpartitua balitz bezala… Iluntasun urdin diferente bat sortu zen, emozionantea. Ilargi eklipsea, berriz, ez nuen ikusi neuk, baina ahizpak baserritik atera zizkion argazkiak: oso ederra. Aitzorrotz eta gainean ilargi gorria: zoragarria, oso koadro polita!”


Patxi Sáez de Viteri

“6 hilabete aurretik jakin genuen 2026, 2027 eta 2028an hiru eklipse egongo zirela, eta dena zehatz kalkulatu eta ondo prestatu genuen. Lekurik aproposena Palentziako Saldaña herria zela jakin genuen, eta opor guztiak horren arabera antolatu genituen. Nire familia eta lagun batzuk autokarabanekin joan ginen eta mendi gain batetik ikusi eklipsea. Atzerriko jende asko zegoen, eta Saldañako tabernetan garagardoa agortu zen, pentsa! Eklipsea izugarria izan zen, pasada bat…!, gure semearen hitzetan. Esperientzia berezia eta emozio handikoa. Dronea grabatzen ipini, eta esperientzia bizitzera mugatu nintzen… 2027ko eklipsea abuztuaren 2an izango da, Kadiz inguruan”


Yolanda Lekuona

“Eklipsea Gasteizen ikusi nuen, Zabalganako parkean, senarrarekin. Aurrez planifikatuta genuen. Espero baino askoz ikusgarriagoa izan zen. Aurretik ikusitakoek ez zidaten aparteko zirrararik eragin, baina oraingoa, osoa izanik, guztiz desberdina izan zen. Opari bat. Edertasun aparteko unea izan zen, oso hunkigarria. Amaitu zenean, bat-batean negarrez hasi nintzen. Argia, koloreak eta tenperatura aldatu egin ziren; giro irreal bat sortu zen. Gure arbasoek nola biziko zuten pentsatze hutsak dardara eragin zidan. Jendearen erreakzio kolektiboak ere harritu ninduen: jendea isiltasuna eskatzen, gero erabateko isiltasuna, denon arteko «oooh» bat eta, azkenik, txaloak… Ilargi eklipsea ez nuen ikusi”


Mariela Lopez

Abuztuaren 12an Mediterraneoan geunden senarra eta biok, Tarragonan. La Rápitako hondartzako txiringitoan ikusi genuen eklipsea. Baina ez ginen egon eguzkiari begira, ez genuelako lortu betaurrekorik: saiatu ginen erosten, baina agortuta zeuden. Hortaz, erabaki genuen eklipsearen itzalaldi momentua ikustea bertatik, eguzkia Montsia mendiaren atzean baitzegoen. Magikoa eta arraroa izan zen. Nire lehen aldia zen; berezia iruditu zitzaidan isiltasuna. Segundo batzuetan dena ilundu zen, eta gero berriro argitasuna. Batzuek itsasoan bainua hartzen ikusi zuten. A! Eta frantses batzuk gure ondoan betaurrekoak jantzita, baina alferrik, eguzkirik ikusi gabe… kar-kar-kar!”


Otalorako errezetak, lankideon eskura

Askotan galdetu diogu geure buruari zelan egiten ote dituzten hain plater goxoak Otalorako jatetxean... Zein ote da sekretua?

Bada, aurrerantzean Zentro Korporatiboko lankideon eskura egongo dira Otalorako sukaldeko errezetak. Sukaldeko lankideek sakon eta zabal esplikatu dute kozinatzen duten plater bakoitza, urratsez urrats: osagaiak, elaborazio prozesua, nola aurkeztu eta zerekin konbinatu (maridajea...). Eta dagoeneko webgune honetan dituzue hainbat errezeta, kontsultatzeko moduan. Astero errezeta berriak argitaratuko ditugu webgunean. Oraingoz, esklusiboki Zentro Korporatiboko lankideontzat jarri dira kontsultagai, barrurako.

Kasu egin detaile txikiei…

Eta on egin!

Errezeten fitxak sukaldariek egin dituzte, beraien jakintza eta ezagutza eskainiz, eta fitxak erredaktatzeko eta itzultzeko prozesuan Adimen Artifiziala erabili da. Emaitzak izango ditu akatsak, noski, eta horiek detektatu eta zuzentzeko lana denon artean egitea proposatzen dizuegu. Akatsen berri eman nahi baduzue, bidali Javi Santosi mezutxo bat, e-mail bidez.

Lagunen aurrean soziedadean luzitzeko, etxean plater bikainak prestatzeko edo osasungarriago jateko, jo Otalorako errezeten webgunera, eta ekin sukaldeko abenturari.

MINTZA TALDEA

Test txiki bat

U

dazkenari giro egokian heltzeko galdetegi edo test hau proposatu nahi dizuegu. Horren arabera galdera hauei erantzuteko moduan egon gaitezke: “Ni, benetan, nire gustuko lanpostuan ote nago?” “Nire izaerarekin bat datorren lekuan al nago?”

Erantzun ondorengo galderak, eta gero, kafe garaian-edo, atera gaia ondoko lankideekin ea zer dioten…

Oharra: erantzun bana galdera bakoitzeko; eta galdera guztiak erantzutea komeni da.

1. Zein da zure kolore gogokoena edo hobekien deskribatzen zaituena

  1. Urdina edo grisa.
  2. Gorria edo laranja.
  3. Horia edo morea.
  4. Berdea edo tonu epelak.

2. Zer egitea gustatzen zaizu gehien zure denbora librean?

  1. Irakurri, puzzleak egin edo teknologia/zientzia gaiak ikasi.
  2. Ekitaldietara joan, jende berria ezagutu edo lehiaketa-jokoetan aritu.
  3. Marraztu, idatzi edo erakusketak bisitatu.
  4. Lagunekin elkartu edo boluntariotza egin.

3. Ez dio inporta zenbat urte dituzun, zein adinetakoa sentitzen zara zure barnean?

  1. Heldua eta zentzuduna; gaztea nintzenean ere gauzak asko pentsatzen nituen.
  2. Gazte eta geldiezina; beti nago ekintzarako eta erronka berrietarako prest.
  3. Ume bat bezala; mundua deskubritzeko eta sortzeko sekulako jakin-mina dut.
  4. Esperientziadun pertsona bat; jendeari aholkuak ematea eta babestea gustatzen zait.

4. Nola moldatzen zara zenbakiekin?

  1. Ederki! Datuak, estatistikak eta kalkuluak nire gune segurua dira.
  2. Helburuak edo salmenta-kopuruak neurtzeko soilik gustatzen zaizkit, motibatu egiten naute.
  3. Ez zaizkit batere gustatzen; nahiago ditut hitzak, irudiak edo kontzeptuak.
  4. Pertsonekin lotuta badaude (langile kopurua, taldeak...) ondo, bestela aspertu egiten naute.

5. Zein musika mota jartzen duzu lan egin behar duzunean?

  1. Ez dut musika jartzen lanean; eta jartzekotan, musika instrumentala edo klasikoa, erabat kontzentratzeko.
  2. Popa, rocka, heavy metala… musika animatua erritmoa eta energia ez galtzeko.
  3. Musika indie-a edo oso alternatiboa, inspirazioa aurkitzeko.
  4. Lasaiagoa den zerbait, baina letrekin, lagun arteko giroa sortzeko modukoa.

6. Zein da zure kirol edo ariketa fisiko eredugarria?

  1. Marka pertsonalak hausteko kirolak (adibidez, golfa, igeriketa edo korrika egitea…).
  2. Futbola, eskubaloia edo saskibaloia; lehiakortasuna eta talde kirolak maite ditut.
  3. Askatasuna sentitzeko kirolak (surfa, eskalada, eskia, mendira joatea...).
  4. Yoga, pilates edo taldeko ibilaldiak; helburua ondo sentitzea eta partekatzea da.

7. Jatetxe batera joaten zarenean, zer eskatzen duzu?

  1. Betiko plater segurua; badakit zer nahi dudan eta kalitatea aztertzen dut.
  2. Zerbait azkarra edo plater "ezagunenak"; ez dut denbora asko galdu nahi erabakitzen.
  3. Menuko platerik arraroena, exotikoena edo fusio-sukaldaritza; esperimentatu nahi dut!
  4. Razioak eta pintxoak, mahaian dauden guztiekin partekatzeko.

8. Oporretara joateko orduan, nola planifikatzen duzu bidaia?

  1. Ahal den guztia prest: aurrekontua, lotarako lekuak, ibilbideak…
  2. Leku ezagun eta jendetsu bat aukeratzen dut, ekintza eta festa ugari dituena.
  3. Ez dut planifikatzen; noraezean joan nahi dut, inspirazioa aurkituko dudan lekuetara.
  4. Taldeko bidaia bat antolatzen dut, non garrantzitsuena elkarrekin egotea eta inor atzean ez geratzea den.

9. Nolakoa da zure lan-mahai edo espazio ideala?

  1. Txukun-txukuna, pantailez betea eta isiltasun osoan.
  2. Zaratatsua, telefonoa etengabe jotzen eta kanpora begira.
  3. Koloretsua, post-it, irudi eta zirriborroez betea. Ordenarik gabe, baina nire kaosean kokatzen naiz.
  4. Erosoa, landareekin, argazkiekin eta lankideekin hitz egiteko gertu.

10. Arazoren bat sortzen denean, zein da zure lehenengo erreakzioa?

  1. Zuk informazio guztia bildu eta irtenbide logiko eta efizienteena bilatu.
  2. Ekintzara pasa zuzenean; aurrera egin behar da eta konpondu.
  3. Ideia-zaparrada bat (brainstorming) egin, beste inori bururatu ez zaion irtenbide bat aurkitzeko.
  4. Inplikatuta dauden pertsonekin hitz egin, nola sentitzen diren ikusi eta denen artean adostu.

IZARO MATXAINen agurra

Izaro Matxain Ruiz de Azua

Unibertsitatean ikasten ez dena ikasi dut MONDRAGONen”

11 hilabete egin ditu Izarok MONDRAGONen, eta orain beste etapa bat hasiko du. Oso aberasgarria izan da beretzat MONDRAGONen bizitako zikloa. Eta oso eskertuta dago, bai lankideekin eta bai MONDRAGONekin.

Bere hitzetan, “oso esperientzia ona izan da, lehen egunetik. Lan giroa oso gertukoa izan dut eta jendea primeran portatu da nirekin. Denbora gutxian gauza asko ikasteko aukera izan dut. Etorkizunerako gauza baliagarri asko ikasi ditut. Alde batetik, enpresa batek benetan nola funtzionatzen duen eta lantalde baten parte izateak zer esan nahi duen gertutik ikusi dut. Unibertsitatean irakasten ez diren ezagutza praktikoak eskuratzeko aukera eman dit, lan munduaren ikuspegi askoz errealagoa eman dit”.

Bere hurrengo fasean zer egiteko asmoa daukan ere kontatu digu: “Orain Gasteizera noa bi urtez ASIR-eko Goi Mailako Lanbide Heziketa egitera. Ondoren, nire helburua gradua amaitzea da”.

Lankideei hitz batzuk eskaini dizkigu Izarok: “Eskerrik asko harrera bikainagatik eta nirekin hain atseginak izateagatik. Agian ez dut asko hitz egin, baina beti tratatu nauzue oso ondo. Eskerrik asko denagatik eta zorte on denoi!”.

Eskerrik asko zuri ere, Izaro, zure atea eta bihotza une oro ireki baitizkiozu Kontariri eta lankideoi. Pertsona bikaina zara!

EUSKARA BATZORDEA

Kontariri buruzko iritziak: inkestaren emaitzak

Oso ondo dago Kontari, baina gutxi kontsumitzen dugu”

Udan Kontari-ri buruzko iritziak jasotzeko balorazio inkesta bat bidali genuen. Guztira 22 lagunek bete dugu inkesta, eta iritzia eman. Eskertzen dizuegu! Horrekin, ondorioak atera eta balorazioa egin dugu Euskara Batzordean, eta aurrera begira horretara egokituko dugu Kontari.

Zuek emandako iritzien arabera, hauek dira ondorio nagusiak:

  • Batez beste 8,14 puntu eman dizkiogu 1-10 eskalan.
  • Interesgarria eta gertukoa da, eta baliagarria da lankideak ezagutzeko, ezagutza partekatzeko eta barne kohesiorako.
  • Edukia kontsumitzeko denbora falta aipatu dute hainbatek (gerorako uzteko joera dago). Balio mugatua duela ere aipatu da, tartean.
  • Ia beti eta ia eduki guztiak kontsumitzen duenak %23 dira, eta gainerakoek tarteka irakurtzen dituzte atalen batzuk.
  • Gehien estimatzen diren edukiak hauek dira: ‘lankide berriei eta jubilatuei egindako elkarrizketak’ eta ‘taldeko tertuliak’.
  • Kontari beste formatu biziago batera pasatzeko premiarik ez da ikusten.

2022an hasi ginen kontAri 5.0 egiten, formatu honetan. Ia 5 urte eta 19 zenbaki argitaratu ditugu. Ederra izan da, eta eskerrak eman nahi dizkizuegu bertan parte hartu duzuen guztioi, denon artean egin baitugu Kontari. Aurrerantzean ere hor izango dugu Kontari, baina arinagoa izango da. Esfortzua eta etekina orekatu nahi ditugu: eduki gutxiago edukiko ditu, baina Zentro Korporatiboko martxa jarraitzeko ezinbestekoa dena egongo da; izan ere, batzuetan gutxiago, gehiago da.

BAZENEKIEN…

Bazenekien Laboral Kutxak merkatu- eta soziologia-azterketak egiten zituela?

Caja Laboralak 60ko eta 70eko hamarkadetan Mondragoneko Esperientziako kooperatiben koordinazio-gune gisa jardun zuen. Bankua izateaz gain, enpresa-aholkularitza lanak egiten zituen eta kooperatiba berrien sustapenaren motorra izan zen. Azken funtzio horiek División Empresarial izeneko sailak betetzen zituen. Zeregin horretarako, gizartea eta merkatua ezagutzeko ikerketak egiten edo enkargatzen zituen.

Adibidez, 1975eko uztailean Deba bailarako baserriei buruzko azterketa bat egin zuen. 213 baserritan inkestak egin ostean, ondorioztatu zuen baserri tradizionalak ez zuela etorkizunik: ustiategi familiar txikiak izanik, oztopo garrantzitsuak zituzten hazi eta bizirauteko. Irtenbidea ere jaso zuten: nekazaritza-enpresa errentagarriak sortu behar ziren, dimentsio egokiaz eta kudeaketa teknikoaz. Aldi berean, kooperatiba industrialekin lortutako emaitza positiboa kontuan izanik, asmoa zen nekazarien bizi-baldintzak nabarmen hobetzea.

Urte batzuk geroago, Caja Laboral beraren babes sendoaz, Behi Alde kooperatiba jaio zen (Lana kooperatibatik). Hasieran, haragitarako eta esnetarako aziendari ekin bazion, gero esne-ekoizpenean ardaztu zen.

Atsotitza

Asko balio du indarrak, gehiago buru azkarrak

Zorionak lankideok!

Uztailean, abuztuan edo irailean bete dituzuelako edo beteko dituzuelako. Segi horrela, formal-formal, urtero betetzen. Eta banan-banan.

Eva Alejo, Ibon Antero, Eli Fernandez, Nerea Ibarra, Olatz Imaz, Maite Legarra, Yolanda Lekuona, German Lorenzo, Sandra Maria, Pello Rodriguez, Amets Ugalde eta Ignacio Varona.