Aurkibidea
UDAzkena ı 2025

udazkenON !

Sarrera

UdazkenON!

Aldaketak beharrezko bezain osasungarriak dira. Hala erakusten digu udazkenak. Hostoak adarra libre utzi ezean, ezin berria jaio. Hazi egingo da berria. Lurra, berriz, aberastu eroritakoari esker. Berrikuntza dakar, batean eta bestean, aldaketak. Naturan ziklikoa da. Gizakiak natural egiteko arautu egin behar du.

EVA ALEJO OÑATE

Lan inguruneek eragin zuzena dute enpresen emaitzetan”

Enpresetan lanerako sortzen ditugun inguruneek eragin zuzena dute pertsonen konpromisoan eta enpresen emaitzetan. MONDRAGONeko kultura garapenaren arduraduna da Eva Alejo eta pertsonak erdigunean izango dituzten inguru lehiakorrak sortzeko MONDRAGONeko kooperatibetan ezagutza zabaltzen eta laguntza ematen aritzen da.

Bere esanetan, lanerako inguru lehiakorrak eraikitzeko pertsonen pertzepzioak, arduradunekin eta lankideekin dituzten harremanak, autonomia mailak, garapenerako eta formakuntzarako gaitasunak eta proiektu partekatuekiko pertzepzioak landu behar izaten dira, besteak beste. Pertsonen konpromisoa, asebetetzea eta egoera emozionala ere oso kontuan hartu behar izaten dira, Eva Alejok adierazi digunez. Gaineratu duenez, horiek guztiak landu ahala, beste begirada batzuk ere txertatzen dira lanketara, esaterako, gobernantzari eta zuzendaritzaren kudeaketari lotutakoak.

Urteetako esperientzia tarteko, Eva Alejok argi du: “lan inguruak lan egiteko kulturak sortzen ditu eta kultura horiek pertsonen konpromisoan eta emaitzetan eragin zuzena dute”. Bere iritzian, “ezagutza hori izatea, horren atzean zer dagoen ulertzea eta tokian toki aktibatu beharreko palankak zeintzuk diren identifikatzea oso garrantzitsua da”. Horretan ere laguntzen die MONDRAGONeko kooperatibei Eva Alejok.

15 urte badira Eva Alejo MONDRAGONeko kooperatibei pertsonak erdigunean dituzten inguru lehiakorrak eraikitzeko laguntza eskaintzen hasi zenetik. Bere esanetan, kultura kooperatiboa egun orduan baino osasuntsuago dago MONDRAGONen eta bide horretan sakontzen jarraitzeko gonbitea egin du, “konstanteak izan behar gara”. Horretarako, lanketa horiek erakundeen kudeaketetan txertatzeak duen garrantzia nabarmendu du. Gaineratu duenez, kooperatiba enpresa eredua lagungarri da pertsonak erdigunean dituzten lanerako inguruak eraikitzeko, “pertsonengan eragiten dituzten onurak kooperatibetan beste mota bateko erakundeetan baino handiagoak direlako”.

Azkenik, lanketa horietan adimen artifizialari lotutako teknologia txertatzeko lanean ari dela aurreratu digu Eva Alejok. Bere esanetan, egun modu erreaktiboan egiten diren analisiak modu proaktiboan egitea da helburua, pertsonei lotutako adierazleak eta beste adierazle batzuk uztartuz, esaterako, enpresa kudeaketa emaitzak, aurrerakin mailak, absentismo mailak, batzarretan onartzen diren proiektuak…

AMAIA ISAZELAIA INZA

Amaia Isazelaia eta musikarekiko zaletasuna

Amaia Isazelaiak txikitatik izan du musikarekiko zaletasuna. Gurasoek etxean jartzen zituzten euskal taldeak eta rantxerak, lehenik, anai zaharrenak ekartzen zituen punk taldeen kaseteak… hainbat iturritatik edan du. Gaztetan entzundako nazioarteko taldeek sortu zioten ingelesa ikasteko gogoa. Zuzeneko emanaldiei dagokienez, 15 urterekin hasi zen Arrasate eta inguruetako jaietara joaten. Bereiziki, Akelarre taldea zuen orduan gustuko. 1988. urtearen bueltan bere bikoteak eta anaiak, beste hainbat lagunekin batera, SS77 taldea sortu zuten, orduan punk-rocka “euskaraz abesten zuen talde bakarrenetakoa”. Talde hari jarraituz, talde berriak, pertsona asko eta Euskal Herriko herriak… ezagutu zituen: Hertzainak, Delirium Tremens… Asko aldatu da ordutik Arrasate eta gogoan ditu, esaterako, Biona taberna edo Eresi disko denda. “15-16 urterekin bertara joaten ginen diskoak entzutera, orduak eta orduak pasatzen genituen”. Gogoan du ere Fagorren irabazitako aurreneko soldatarekin zer egin zuen, gitarra klasiko bat eta Bruce Springsteen-en disko bat erosi zituen. Etxean inoiz aritzen da bikotearekin gitarra jotzen eta erretiroa hartutakoan horretan sakondu asmo du. Entzun Amaia Isazelaiarekin izandako elkarrizketa bere barne mundua gehiago ezagutzeko.

Udako oporrak eta gero...

Ikasturte berriari ekin aurretik, udan deskantsatzeko aukera izan dugu. Eta, ederki ibili gara. Hemen horren erakusle diren argazkiak Laredotik, Landetatik, Cadizetik, Corcubionetik, Munichetik, Liresetik, Vietnametik, Delta del Ebrotik eta Ordesatik bidaliak.

Ander Etxeberria Otadui

Oporretako kontuak. Manhattanen ezin edan

Manhattaneko hainbat txoko ezagunak ditugu pelikuletan ikusi ditugulako, baina bertako kaleetan murgilduta, badago atentzioa deitzen duen ezaugarririk. Esate baterako, euskaldunontzat kuriosoa da New Yorkerrek alkoholarekin duten harremana. Ez da erraza zerbeza bat erostea. Denda txikietan, denetarik saltzen duten Pharmacyetan adibidez, ez dago zerbezarik; McDonald’s eta antzerakoetan ere ez. Supermerkatu handietan graduazio baxuko zerbezak aurki badaitezke ere, ardo eta likorerik ez dago. Horiek bestelako establezimenduetan saltzen dira: edaritegietan.

Central Park-en bueltatxo bat eman ezkero, piknik egiten ari diren familia eta lagun taldeetan ez dago alkoholik; toalla gainean, jakiekin batera Koka Kola eta antzerakoak ikusten dira, baina ez zerbeza edo ardo botilarik. Kontua da leku publikoetan edatea debekatuta dagoela.

Txikiteoan egitea ere zaila litzateke, kaña batek 10 dolar balio baitezake taberna batean. Hori ez da arazo bakarra, Manhattanen, Donostiako alde zaharrean ez bezala, nekez aurki daiteke tabernarik.

Bestalde, alkohola edateko adina 21 urte dira. Hori bai, 18 urterekin eros dezakete arma bat…

Mintza taldea

Udako abestien zerrenda

Aurtengo udan jolas bat proposatu dizuegu Zentro Korporatiboko lankideoi: zuen gustuko udako abestien oroitzapena gurekin partekatzea. Abestiek une asko ekartzen digute burura eta horiek berriro gozatzera gonbidatzen zaituztegu.

Ondoren doa, beraz, lankideen udako abestien zerrenda. Ondo pasako duzuelakoan, has dadila festa!

Zerrenda hemen:

ANDONI ETXEBERRIA AYASTUY, Finantzetako lankide berria

Gustura nabil hemen: lankideei esker, erraza izan da hasierako laneratzea, eta oso eskertuta nago”

22 urte ditu, eta Enpresagintzan ADE karrera amaitu berritan sartu da lanera MONDRAGONera. Bi hilabete eskas daramatza lanean Zentro Korporatiboan, Finantzetan.

Alaia, lasaia eta abenturazalea da. Bromazalea ere badela diote lagunek. Kirolaria da Andoni, MONDRA futbol taldeko aurrelaria. Eta futbolzale Realzalea. Futbola konpromisoa dela dio berak, taldearekiko konpromisoa. Lagun berriak egin eta herri asko ezagutu ahal izan ditu futbolaren bidez. Musika kantuka kontsumitzen du, baina Añube taldea gustuko du. Marmitakoa da bere gustuko plater bat. Reina Roja liburua irakurtzea ere gomendatu digu. Kurtzetxikira joaten da sarritan paseoan mendira. Arrasaten gau parrandarako Hoba eta Osorik tabernak aipatu dizkigu. Diru asko izango balu, gustura egingo luke trekking bidaia bat Nepalera, mendi elurtu handiak ikusteko.

Gaztea izanik, emantzipatzeko zailtasunak aurreikusten ditu, eta etxebizitza du kezka iturri. Plazer hutsa da berarekin hitz egitea. Arrasatearra izanik, MONDRA futbol taldearekin daukan konpromisoarekin, eta MONDRAGONekiko erakusten ari den grinarekin, ezin ukatu Arrasateko pedigria daukala Andonik. Entzun elkarrizketa osorik, azpian.

JOSU ZUBIZARRETA eta MIRARI ASTIGARRAGA, etapa bat amaitu eta beste bat hasi

Zorte handia izan dugu; oso bizia, aberasgarria eta ikaskuntzaz betea izan da gure esperientzia hemen”

Ilusioz daude euren lan ibilbide berriei ekiteko. Hala ere, oso eskertuta eta, neurri batean, penaz ere agertu dira Mirari eta Josu, MONDRAGONeko lan zikloa itxiko dutelako, oso gustura egon direlako Zentro Korporatiboan. Informazio Sistemetan lan egin du Josuk bi urte eta erdiz, eta urtebete pasa Mirarik Finantza arloan. Zibersegurtasuna landu du Josuk, eta finantzen kudeaketa Mirarik. Gazteak biak, azpeitiarrak biak… KONTARIrako esker oneko hitzak izan dituzte biek.

Josurentzat bere lehenengo lan esperientzia izan da, eta bikaina izan da. Josuren hitzetan, “lankide ezin hobeak izan ditut, asko lagundu didate eta oso integratuta sentitu naiz”. Bestalde,, aipatu digu “praktiketako langilea izanagatik, bilera inportanteetan parte hartzeko aukera izan dut, eta kooperatibagintza zer den ezagutu ahal izan dut hemen”.

Mirarik esan digu “esperientzia izugarria” izan dela, eta lankideen giza kalitatea eta hazkunde profesionala azpimarratu ditu: “MONDRAGONek ekarpen handia egin dit; ikaskuntza profesionala, baina batez ere, arrastoa utzi duten pertsonak. Arlo profesionalean, asko hazi naiz, eta arlo pertsonalean, beti maitasunez gogoratuko ditudan pertsonak eta momentuak daramatzat”. Izan ere, “zortea izan dut egunerokoa pertsona konprometitu, hurbileko eta talde-lanaren zentzu handia dutenekin partekatzeko”.

Josu eta Mirari, beraien aldetik, euren egikizunetan onena ematen saiatu dira, “betiere irribarre batekin”. Eta orain proiektu berriak dituzte esku artean, eta gogoz daude biak:

Josuren hitzetan, “Hernaniko Orona-n egingo dut nire Masterreko proiektua, eta Zarautzen pasatuko dut astea gure familiarteko osaba batekin”.

Mirarik, aldiz, irakaskuntza probatu nahi du: “nire asmoa eta ilusioa irakaskuntzan sartzea da; aspalditik buruan eduki dut ideia hori, eta uste dut probatzeko momentua iritsi dela”.

Mila esker bioi, egin duzuen ekarpenagatik, eta zorte on zuen ibilbide berrietan!

Hizkuntza Teknologiak

Urtebete Eliarekin: datuak, estatistikak eta iritziak

Eliarekin, itzulpenak azkarrago eta autonomia handiagoz egin ditugu. Eta euskaraz testu gehiago sortzeko eta kalitatez idazteko balio izan du.

Duela urtebete Zentro Korporatibo osoko lankideoi Elia itzultzaile automatikoa erabiltzeko aukera jarri zitzaigun, euskara batzordeak hala proposatuta. Urtebetean Elia erabili dugu, eta balorazio datu batzuk ekarri ditugu KONTARIra. Alde batetik, tresnak eman dizkigun estatistikak aztertu ditugu. Beste batetik, euskaraz gehiago sortzeko helburuak ere landu ditugu hamar lankiderekin. Amaitzeko, inkestaren emaitzetatik ere atera ditugu hainbat ondorio.

Nortzuek erabili dute? Zein hizkuntzatarik zein hizkuntzatara? Zertarako izan zaigu baliagarria?

  • 43 lankidek erabil dute noiz edo noiz Elia.

  • Gune eta profil guztietako lankideak izan dira: departamentu guztietan erabili da, eta euskararen gaitasun maila guztietako lankideek erabili dute.

  • Gehien erabil dutenak euskaraz idazteko gaitasun handia (C1-C2 maila) dutenak izan dira (erabilera osoaren %67); euskara maila ertaina (B2-B1) dutenak (%26); eta euskara maila apala (A1-A0) dutenak (%7).

  • Erabili den aldien %51tan espainieratik euskarara itzulitzeko izan da; %21etan euskaratik espainierara; %6tan ingelesetik euskarara; eta %5etan espainieratik ingelesera. 

  • Elia gehien erabili duten erabiltzaileen prototipoa egin beharko bagenu, emakumea eta gestio sozialekoa izango litzateke. 

Inkestaren emaitzei erreparatuz, hauek dira ateratako ondorioak (22 erabiltzaileren iritziak):

  • Eliarekin izandako esperientziari jarritako nota 1etik 10era: 8,0 puntu (oso ona).
  • Bereziki 3 helburutarako izan zaigu baliagarria: itzulpenak azkarrago eta autonomiaz egiteko; euskaraz testu gehiago sortzeko; eta euskarazko testuen kalitatea hobetzeko. Gainera, euskarazko mezuak ulertzeko ere erabili dugu.

  • Zenbat eta gehiago erabili, etekin handiagoa ateratzeko aukera ikusten dute erabiltzaileek.

NAHIA LARREATEGI AGIRIANO, Dualeko praktiketan Finantzetan

Batxillerra Texasen ikasteko esperientziak asko lagundu zidan garatzen pertsona eta kirolari modura”

20 urteko eskoriatzarra da Nahia. Almenen egin du bere ikas prozesu osoa, Oñatiko Enpresagintzan ADE ikasten hasi arte. Umoretsua, alaia eta lasaia dela dio. Eta bidaiazalea eta kirolaria ere bai. Batxi1 ikasturtea Ameriketako Estatu Batuetako Texasen egin zuen, eta izaera sendotzen lagundu zion horrek. Pelikuletakoak moduko esperientziak bizi izan zituen han, High School batean. Saskibaloian gogor jardun zuen Texasen, kirolak garrantzia handia baitu bertan.

Nahiaren bizitzan oso presente dago kirola: saskibaloiak gauza asko eman dizkiola esan digu, eta gaur egun crossfita praktikatzen du, serio. Musika motibazio iturri da Nahiarentzat, beti dauka-eta reggaeton edo trap kanturen bat belarrian. Eta kontzertu handietan ere oso bizipen onak izan ditu.

Hilabete darama MONDRAGONen, eta ez zaio arrotza egiten kooperatibagintza. Bere gogoko zakuan sartu ditu patata-tortilla, askatasuna, Donostia eta Aitzorrotz, Eskoriatzako bere paraje kuttuna. Baina bi kezka nagusi baditu momentu honetan: batetik, munduko gerrak eta desegonkortasuna; bestetik, etxebezitzen prezioak, gazteak independizatzeko oztopo direlako. Dena den, mundu osoan zehar bidaiatu nahiko luke, hori baita bere ametsa. Garden eta bizi erantzun digu Nahiak. Ongi etorri!

Ainhoa Zeziaga Elexpuru

Maritxu Kajoi

Badakit orakulu berri bat dugula, sareetan erregina, ChatGPT. Baina nik oraindik, aurreko orakuluari egin diot galdera, eta Wikipedia delakoaren esteka honekin erantzun dit: Maritxu Kajoi. Hor topatuko dituzue jaiaren nondik norakoak. Jaia omen da berria, baina jada badu ia mende erdia. Pasatu dira 30 urte lehengusinak utzitako soinekoaz lehenengo aldiz irten nintzenetik. Garai hartan, jendea dotore jantzi eta iluntzeko zortziretarako Maritxu Kajoi azpira hurbiltzen zen, miraria zein izango zen irrikatan. Ondoren, poteotxoa kuadrillan eta jatetxe edo elkarteren batean bapo afaltzeko ohitura zegoen. Gauez ospatzen zen jaia.

Denboran zehar ordea, aldatuz joan dira ohiturak, eta orain egun argiz gozatzen dugu jaiaz, beno eta luzatuz gero, gauez ere bai! Eguerdi partean, elkartean mahaia beranduago bazkaltzeko prest utzi eta Maritxu Kajoi ingurura hurbiltzen gara. Maritxu dotore egoten da kuadrillek eskainitako loraz inguratuta, eta photocall itxura hartzen du atarteak, denok nahi izaten dugu urteko argazkia Maritxupean. (Bide batez, hau idatziaz bat konturatu naiz nire aurpegiko ximurren urtez urteko eboluzioari jarraipena egiteko aukera emango didala urteroko argazki honek...).

Ondoren, lagunarteaz gozatzen dugu ardotxo batzuen bueltan. Eta merienda orduan bueltatzen gara elkartera bazkaltzera, hartaz eta hontaz hitz egin ondoren, mundua pixka bat konpondu izanaren itxaropenarekin.

Aupa lankideok! Aurten froga egingo dugu, bai?, ea urriaren 3an arratsaldeko 16ak eta 16.30ak artean, guztiz erotu zaigun mundu honek itxura hobea duen! Bazkalostekoa beste gai bat da, mundu kaotiko honekin antzekotasuna duena. Beraz, beste baterako utziko dugu… 😜

Aupa MARITXU!

IGNACIO VARELA eta JOSE LUIS CABALLERO

Zibersegurtasunerako aholkuak

Informazio Sistemetakoek zibersegurtasunerako oinarrizko jarraibideak gogorarazi nahi izan dizkigute. Izan ere, erabiltzaileak gara katebegi ahulena. Beraz, inportantea da lankide guztiok aholku hauek aintzat hartzea eguneroko lanean, arriskuei aurre hartzeko.

  • Kontuz ibili Internetetik fitxategiak deskargatzean, batez ere ".exe" bezalako exekutagarriak, kode gaiztoa izan dezaketelako eta zure ordenagailua kaltetu dezaketelako. 

  • Gogoratu mehatxu mota hau posta elektroniko baten eranskin gisa ere aurki dezakezula. 

  • Espero ez zenuen fitxategi baten aurrean aurkitzen bazara, pertsona okerrarena edo iturri ezezagun batena, ez ireki eta bidali zakarrontzira berehala.

  • Espero ez zenuen fitxategi edo esteka baten aurrean aurkitzen bazara, pertsona okerrarena edo iturri ezezagun edo ezagun batena (phishing-a izan daiteke), ez ireki eta bidali zakarrontzira berehala, edo jarri harremanetan bidali duen pertsonarekin, zuzena dela baieztatzeko.

  • Mezu elektroniko arraroren bat jasotzen baduzu, ezabatu, eta ez ireki edo deskargatu eranskina. Benetan garrantzitsua bada, berriro jarriko dira zurekin harremanetan beste bide batetik.

  • Bereziki har ezazu susmagarritzat mezu elektronikoa gaizki idatzita dagoenean, bidaltzailea ezagutzen ez baduzu edo helbidea susmagarria edo osatugabea bada, pertsona horrekin komunikatzeko normalean erabiltzen duzun hizkuntzatik beste batean idatzita badago, posta elektronikoz dirua eskatzen badizute (bidaltzailea zure bankua dela esan arren), etab.

  • Zure informazioa sartu behar duzun webgune batean amaitzen baduzu, lehenik egiaztatu https dela eta esteka zuzena dela. Bestela, phishing-a izan liteke. Ahal den guztietan, saiatu webgune horretara zuzenean zure nabigatzailetik sartzen, eta ez mezu elektroniko bateko edo beste iturri susmagarri bateko esteka batean klik egin ondoren.

Lanean ere segurtasuna garrantzitsua delako, egin dezagun klik modu seguruan!

Lanean ama hizkuntzak erabiltzeak dituen onurak aztertzeko ikerketa

Lanean ama hizkuntza erabiltzeak dituen onurak aztertzeko ikerketa egiten ari dira Alemanian. Alemanian lan egiten duen eta alemanaz gain beste hizkuntza bat hitz egiteko gai den edonork hartu lezake parte ikerketa horretan. Ikertzaileetariko bat Tobias Schrödler da, Duisburg-Essen Unibertsitateko (UDE) parte hartze sozialeko eta hizkuntza aniztasuneko irakaslea. 15 urte daramatza lan merkatuan hizkuntzek duten balioa aztertzen.

Bere iritzian, hizkuntza aniztasunak izugarrizko potentziala dauka eta potentzial hori ez da behar bezala garatzen Alemaniako enpresetan.

Hemen albistea osorik.

Bazenekien nola jaio zen Alecop?

Arizmendiarrietak 1943an Eskola Profesionala sortu zuen modu “dualean”: ikasleek klaseak izango zituzten egunaren zati batean eta lana egingo zuten egunaren beste zatian. Horrela, formazio zabala jasotzeaz batera (gela eta tailerra), lanean irabazitakoaz klaseen kostea ordain zezaketen, nahiz eta hura baxua izan. Kontuan hartu behar da garai hartan familiek ez zutela baliabide askorik.

Eskolak berak bilatzen zien ikasleei praktikak. Hala ere, hirurogeiko hamarkadan matrikula kopuruak hainbeste egin zuen gora zaila zela ikasle guztientzat lana bilatzea. Horren aurrean, Arizmendiarrietak ikasleek osatutako kooperatiba industrial bat sortu zuen 1966an: Actividad Laboral Escolar Cooperativa, Alecoop. Hasierako jarduerak honako hauek izan ziren bereziki: instalazio elektrikoak, ekipo didaktikoak eta inguruko enpresentzako –batez ere kooperatibentzako– lan osagarriak.

Kooperatiba sortuta, alternantziaren onurei beste ezaugarri bat gehitzen zitzaien: ikasleak bazkide izango ziren eta, beraz, errealitate kooperatiboan ere trebatuko ziren.

Ondoren Alecop izena hartu zuen eta gaur, prestakuntzara eta hizkuntzetara zuzenduta, Mondragon Linguarekin batera, MLAKOOP da.

Atsotitza

Alferraren pekatua, lan egin gabe nekatua

Zorionak lankideok!

Uztailean, abuztuan edo irailean bete dituzuelako edo beteko dituzuelako. Segi ba horrela, formal-formal, urtero betetzen. Eta banan-banan, e?

Eva Alejo, Ibon Antero, Eli Fernandez, Nerea Ibarra, Olatz Imaz, Maite Legarra, Yolanda Lekuona, German Lorenzo, Sandra Maria, Pello Rodriguez, Amets Ugalde eta Ignacio Varona.